« Lehenengo ostikada | Bihotzeko ezpal minberak »
Bestaldean / Itxaro Borda / Susa, 1991
Bestaldean zer dago? Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1991-11-20
Aitortu beharra daukat ez dakidala nola ekin liburu honen komentarioari. Objetibo izan nahi nuke, baina era berean, badakit objetibotasuna kritikarien aitzakia besterik ez dela sarri askotan. Beraz, subjetibo izatea erabaki dut, eta liburuaren aurrean sentitu izan ditudan inpresioak plazaratzea.
Bai, badakit isilik geratuko banintz ere, berdin eskertuko litzaidakeela! Subjetibo izateak bere abantailak baititu, zuzen banago, nirea ez besteena da zuzena, eta oker banago, eta hori denborak beste inork ezin lezake baiezta, oker guztia nireganatuko dut, mea culpa bat kantatuz.
“Bestaldean”, Itxaro Bordaren azken liburua irakurri aurretik, errepasoa eman diot aspaldian deitu eta apaletan zintzoen loakartua zen Itxaroren “Just Love”-ri, ez baitago poesi liburu baten benetako balioaz ohartzerik denboraren frogarik gabe; esan nahi dut, poesi liburu batek denboraren kontrako lehia irabazten badu, ona den seinale; ez baita orainerako idazten, are gutxiago iraganerako, gerorako baizik.
Eta lehen oharra: “Just Love”ri ez zaio justizia gehiegirik egin. Lehen oharraren oharra: justizia egiten saiatu direnek ere ez diote justizia egin. Ez zait iruditzen Iñigo Aranbarrik bere iazko ponentzia galeuzcarrean aipatu eta itzuli zuen poema hura onenetakoa denik (ona badiot uler bedi nire eritzian ari naizela), ezta Koldo Izagirrek bere “Mudos blues de la nada”-n goraipatu eta itzulitakoa ere.
Ez dut uste surrealismoak edo espresionismoak mesede gehiegirik egiten diotenik Itxaro Borda poetari. Ondorioa: ez dut uste etiketak balioko direnik haren lana aztertzerakoan. Baina, jakina, poeta bat etiketatzerakoan bere burua ari da nolabait zuritzen kritiko edo kritiko ustea.
Bi afinidade
Itxaro Bordarekin baditut afinidade batzuk. Bata: tabakoa. Liburuaren barnekaldean haren argazkia dakusat, zigarro bat eskuan, neu ere zigarro bat piztuta ari naiz artikulotxo hau idazten. Zigarroa konstante bat da azken liburu honetan: “egunkaria tabakoarekin batera erosten”, “zigarretak biltzen oldartzen”, eta guzti hori lehendabiziko poeman bertan.
Bigarrena: trenak. Geltoki baten ondo-ondoan bizi naiz, eta goiz-arratsalde ikusten ditut trenak abiatzen, eta nora badakidan arren, imajinatzen ditut espazio ezezagunak eta urrunak errekorritzen. Ezen irudimena baita makinistarik onena. Itxaro Bordaren poemak tren, geltoki, karrilen kutsua dute. Esaten zuen Marina Tsvietaieva errusiar poetisak: “Bizitza geltokia da, laster abiatuko naiz: nora? —ez dut esateko asmorik”.
Baina hortxe amaitzen dira afinidadeak, nabarmenenak behintzat. “Bestaldean” liburu mardula da, orri askotakoa, poema askotakoa; ez da irakurterreza, zeren poema batek denbora eskatzen baitu; ez da aski irakurtzea, horretaz gain mamitu behar da, irentsi, geure egin. Eta beldurra ematen didate poema askotako liburuek, liburudenda liburuez mukurruek adina, ez baitakit nondik hasi, ezta non amaitu ere.
Poema diferenteak bildu ditu liburuan, eta hori ez zait gustatzen liburuetan, nahiz bizitzari nahasmendu apur bat eskatzen diodan. Esate baterako: gai politikoa duten poemak (eta poesia politikoa eta gai politikoarekiko poesia ez nahasteko gauza banaiz), gai politikorik ez duten poemekin nahastea. Are gehiago: haur kantekin nahastea. Horrek ez du apartekorik esan nahi, nire gustora ez direla moldatzen, edo hobeto esanda, nik ez nukeela egingo, ez baitut uste liburu batean dena sartzea zilegi denik. Badirudi liburu batez baino gehiago liburu batzuez idatzi beharko nukeela. Baina guztietan ahots bat, Itxaro Bordarena. Eta hori gustatzen zait.
Poema batzuk ez ditut gogoz irakurri nik; beste batzuk bai noski. Adibidez: “Txori xumeak / haltzetik haltzera / jauzika / urtxo grisek / amodioa zuzurlatzen / leiho hegietan / hotza larruan / hotza / bihotzean / zoriona noizko?”
Perla bat, benetan
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi