kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Falo zantarra / Jose Inazio Basterretxea / Elkar, 1988

“Falo zantarra”: ez nago ados Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1988-05-04

Irakurtzen ari naiz aintzinako “ars amandi” batetan pornografiaren definizioa: “prostituzioaren errepresentazio grafiko”. Liburu berean ematen dute “obsceno” hitzaren esanahia “eskenatik kanpokoa”, hau da antzestokietan azaldu behar ez zena.

Beti izan dut ideia bat buruan, ez dakit zergatik, hitzen esanahia kausitu aurretik eta zera zen, bata edo bestea zer ziren norberak erabakitzen duela, norberaren mentalidade eta sentsibilitatearen araberakoa dela, denboraren kariaz aldatzen doazenak.

Esate baterako, zer da gaurregun prostituta bat? Garai batetan gizon batekin oheratzeko dirua hartzen zuena. Baina garai batetan emazteak ere saldu egiten ziren, eta prostituta askok beren gorputza dohain emateaz aparte zenbait literaturgileren mantentzaile izan ziren. Haiei esker Baudelaire eta De Quincey dira guk ezagutzen ditugun moduan.

“Obsceno” edo euskaldunok gure abildade paregabeaz lizuna deitzen dugun kontzeptuari buruz berdin esan daiteke. Pertsona batentzat lizuna izan daitekeena beste batentzat bestela izan daiteke. “Hamlet” bere momentuan eskandalu-harria izan zen puritano askorentzat. Gaurregun ez dut uste inor harrituko duenik. “Madame Bovary” gizartearen eskandalua izan zen. Orain haurrek ere irakur dezakete. Aristofanesen lanak parregarriak ziren Grezian. Gaurregun makina bat jenderi parre egiteko gogoa kenduko lioke.

Gizona aldakorra da eta hitzen esanahia ere aldatu egiten da gizona aldatzen den eran. Eta hori da hitzarekin lan egin nahi dugunok ikasi behar dugun lehendabiziko araua

Zer da orduan gaurregun pornografia? Hiztegi ospetsu batetan begiratu ondoren zera irakurtzen dut “sexoaren gogoa pizteko pentsatutako artea”. Eta galdetzen diot neure buruari nola jakin dezakegun egilea sexoaren gogoa pizteko asmoak bultzatu duen ala ez. Eta gure sexoaren nahi piztea lortzen badu, hortik ondorio gisa atera behar dugu pornografia itsusia eta zatarra dela?

Uste dut ez dela horrela. Denoi gustatzen zaigu gure sexoa piska bat piztu dezakeen zerbait irakurtzea, ikustea edo amestea. Egun euritsu batetan eguzki-izpiren bat gure leihotik sartzea moduko da hori: bizigarria, jakina bait da sexorik gabe ez dagoela bizitzarik. Eta jakina da sexorik gabe ez dagoela arterik. Ez al dago barren sexoa agerian Tizianoren koadroetan, Salomonen “Kantuen kanta”n, Mozart-en sonatetan?

Beraz pornografia beste zerbait da.

D.H. Lawreneek zioenez pornografia sexoa iraintzeko, gainean zaborra botatzeko nahia da. Itsusia bihurtzeko deseoa. Hori gertatzen da adibidez, Rastroan saltzen dituzten argazki eta postalekin. Hori gertatzen da adibidez, afalondorengo hainbat eta hainbat txisterekin. Hori gertatzen da hainbat libururekin. Gizon-emakumeen biluztasuna ederra eta zoragarria egin beharrean itsusia egiten dute; harreman sexuala degradatu egiten dute, nazkagarria bihurtuz.

Baina ene iduriz hori ere ez da nahikoa pornografia definitzeko. Izan ere niretzat nazkagarria izan daitekeena, beste norbaitentzat atsegina izan bait daiteke. Miranderen “Haur besoetako” liburuko zenbait pasarte pornografikotzat hartuak izan dira. Baina Grezia Zaharreko ohituretan halako eszenak normalak ziren eta gainera onartuak.

Orain dela urte batzuk Susakoak larrugorritan agertu ziren beren aldizkariaren ale batetan. Ondo gogoratzen dut talde horretako partaide batzuk saltxitxa bat zutela zakilean zintzilik. Bistan zegoen probokatzaile izan nahi zuela argazkiak. Neri parregura sartu zitzaidan, batez ere gusto txarraren eredua iruditu zitzaidalako argazki hura: ez pornografikoa ez lizuna.

Kontzeptuak lehen esan bezala aldatuz doazelako. Pornografiaren zentzua beraz indibiduala da, hitz horren esanahia indibiduala delako.

Orain dela gutxi argitaratu dute “Falo zantarra” izeneko liburua. Egileak bere benetako izena mozorrotzen du, Joane Barolo deiturapean, solapan ondotxo azaltzen dutenez. Solapan ere esaten dute nobela hori pornografikoa dela. Eta ez nago ados.

“Jolasean” Joxe Sagastizabalen nobela argitaratu zutenean ere horixe esan zuten, eta “Jolasean” liburu zoragarri bat da, neri behintzat atsegin handia eman zidana, eta atsegin hitza badarabilt espiritu eta gorputzarentzako esan nahi dut, bera irakurtzen une ahantzezinezkoak pasa bait nituen. Liburu osoa jolas bat da. Horregatik ez da pornografikoa.

“Falo zantarra”k ez dio pozik ekarri ez nire espiritu eta ez nire haragiari ere. Gustu onari egindako erasoa dela esango nuke eta badakit gustoena ere oso erlatiboa dela, horregatik ez dut esango nire gustu onari, literatura literatura eta artea arte bihurtzen duen gustu on jeneral horri baizik. Ez bakarrik eskribatzen dituen eszena edo-ta kontatzen duen istorioagatik, testu osoarengatik esango nuke nik.

Garbi dago probokatzaile izan nahi duen literatura batetan probokatzailea testuak izan behar duela, irakurlearen espiritua bortxatuz edo-ta sodomizatuz, baina bere edertasunagatik.

Konturatuko zinetenez ez dut erotismo hitza batean ere izkiriatu. Erantzuna garbi dago. “Eros” bizitza delako.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak