kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Izuztarri / Luis Daniel Izpizua / Baroja, 1987

L.D. Izpizua: hondarrak eta enborrak dakartzan azken uholdea Mikel Azurmendi / El Diario Vasco, 1987-07-22

Uholdeak eraman egin lezake, baina baita ekarri ere, gero. Menditik behera abiatzen den ur jauziak bazterrak jo eta txikitu egin ohi dizkizu, eta hondar nahiz enbor arrastaka eraman. Gure herriak (goi-herri eta bas-erri izan, nonbait) ongi ezagutzen ditu halako urak, eta urak bere bideak behar dituela esango dizu melankoniatsu. Baina uholdeak ere behetik gora jo lezake, ez pentsa gero, eta itsasotik lurbarnerantz abiatu, nahiz eta horrelako irudirik gure herri imaginazioan egon ez. Bastante normala, ezta? Gure herriak ez bait dio itsasoari inolako lurrik zor, ez da-eta inolako herri behera, inondiko pays bas edo nederland. Gure herriko itsakolpeak ekarri eta bidali egingo dizkizu hondarrak eta mendiurak haraino eramandako enborrak, itsasoan ez bait dago jarlekurik. Hori bai, galerna hegaleko haizeak tamarindoren bat bota egingo dizu, baina ezer gutxi gehiago itsasoak, hemengo lurbarnetan behintzat. Hemen itsasoak ez du adarrik esaten dizu melankoliaz herriak.

Norberak lehendik sentitutako gauzak

Bada mendi-uholde antzako idazlerik eta bada itsaskolpe antzakorik ere. Mendiz beherantza dagien lumaren etorria den dena arrastaka eramatea da, eta zu irakurle, zeu ere eraman zaitzake beste hondar ale edozein bat bezala haren inbentziozko hondar eta enborrekin batera. Zu ere idazlearena gerta zaitezke, eraman egiten bait zaitu harek nahi duen punturaino, zeure aisiara eta zeure borondatez biajean ari zarelakoan eraman ere. Literaturgile “arrasadore” klase batek pertsonaien dinamikaren bidez errausten ditu bazter-zokoak eta bere teknika dramatikoa gizakumeen arteko harreman sikologikoren espresioa da. Beste idazle klase batek, berriz, pertsonaien pertsonalitatea alde batera utzi eta berorien petits fais vrais emango dizkizu, ohar mosaikodun eta aislatuak eskeiniz, irakurlea bera autobserbazioaren tranpetara eramaten duelarik.

Ez dut euskal literaturan mendiz beherantzako idazle arrasadorerik oraindik aurkitu, baina Miranderen Haur besoetakoak ba zeuzkan halako literaturaren arrasto batzuk. Baina aurkitu berri dut horratio itsas-uholdeka idatziaz, hondarrak eta enborrak eme-emeki behetik gorantza eta itsaso galduren batetik lurbarneraino —zureganaino noski— bere deposizioak uzten ari zaizkizun idazlerik. “Bere” diren sedimento horiek zureak gertatzen dira, zurekin batera gelditzen bait dira oroitzapenean botata. Eta gogoratu egiten duzu idazleak kontatzen dizun hori bera zeuk ere behin baino gehiagotan burututa izan duzula, edota zeure egunerokotasuneko des-gauza xeheak zirela. Diren bezala ote dira gauzak ala zeuk gogoratzen dituzun bezala ote dira?

Nork ez du inoiz imajinatu haurra zela eta lagun zaharrago eta helduago batekin hitzegiten zuela eta harekin maitemindurik zegoela? Nork ez du inoiz berak ezin izan zuenaren ereduarekin inbidiazko harremanetan gertatu eta haren sexuarekin jolasten ibili eta harek ere zurearekin jolasten ari zela uste izan? Nor ez da inoiz arima hutsa sentitu, eta jende ezezagunen gorputzetan barrena sartu nahi izan? Nor ez da inoiz edo behin hiltzen ari zela garbi garbi ikusi, edo ez da bere burua nola botatzen ari zen ikusten egon eta, gero, bene benetazko negarmalkoak botatzen ari zela ohartu?

Itsaskolpearen indarra

Hori guztia eta gehiago niri ere pasatu izan zaidala ohartaraziaz joan zait Luis Daniel Izpizua bere Izuztarriko hiru narrazioak irakurtzen nindoan eran. Horixe da jaio berri den idazle berri eta berezi honen itsaskolpearen indarra: itsasoan zeuk bota eta ahaztutakoa berak bueltan dakarkizula. Sedimentazioz eta deposiziozko indar izugarria dago bere prosa txukunean. Ez nau ni inora eraman; ekarri egin dizkit burura, ni neu izan nindekeeneko une antsiatu asko. Eta jakina, antsia nagusi eta handienak badu heriotzarekin eta amodioarekin zerikusirik. “Dena hilda dago. Dena” esanaz amaitzen da azken narrazioa eta beste bietan ere heriotza da presenteen. Love is Death zioen bere pertsonaia baten besoko tatuajeak eta Likrezioren lema nagusi hura erakarri dit gogora (nihil igitur mors est) Miranderen poema helduenetako batek izenburu hori bera zeramala gogoraraziaz. Oraingo itsaskolpe salitretsu hau bihurtuko ote zaigu itsas-uholde?

Bienbitartean, itsasoan ura eta zerua baino zerbait gehixeago badagoelakoan, irakur edo entzun Izuztarriko solilokioa: “Bitxorri buruz gordetzen ditudan oroimenak oso desberdinak eta nahasiak dira. Burura gehien etortzen zaidana pilotaz jokatzen ikusten nuenetakoa da. Gero badaude beste batzuk ere, hala noiz bere ezkontzegunean mozkortuta ikusi nuenekoa, eta baita azkenengoa ere… baina egun hartaz, nire negarrak oroitzen ditut batipat; negarrak eta nire barnean sentitu nuen hondamena. Hedadura hori betetzen igaro dut nire bizitza osoa. Bitxorrek badu zer ikusirik izan zuritasun hori betetzeko nire ahaleginekin. Bere oroimenak uzten dizkidan hutsune eta lanbroak nire izpiritua errotu duten hondar eta enborrak baitira”.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak