« Puskak biziz | Gure aurriak »
Tractatus / Jule Goikoetxea / Susa, 2014
Paradoxaren mugak urratuz Hasier Rekondo / Berria, 2014-09-14
Euskal literatura ustekabe ederrez mukuru datorkigu azkenaldian. Emakume abangoardista gazteek tripulatutako eskifaia horretan Danele Sarriugarteren Erraiak (Elkar, 2014) nobela izan genuen aingura-leku prosaren itsaso berritzailean. Poesiari dagokionean, uda aurretiko arrats haizetsuek Jule Goikoetxearen (Donostia, 1981) Tractatus (Susa, 2014) ekarri digute, neurtitz barrokoz eraikitako proposamen etiko-filosofiko txundigarria ekarri ere. Auto-biografiaren kutsua duen arren, egilearen aita Tomas Goikoetxea Flanagan militante historiko ezkertiarra ardatz imantatua bilakatzen baita, poetak pentsamendu paradoxikoz eta metafora kontrajarrien eztanden artean kokatzen du begi poetikoa bere lehen entregan.
Tractatus poetiko hau hiru partetan banatzen da: Civicus, Magnanimus eta Innavigabilis, Ludwig Wittgensteinen Tractatus hura gogora badatorkigu ere, pentsamenduaren logika azaldu gura duelako nolabait, Jule Goikoetxeren kasuan, “nire hizkuntzaren mugak nire munduaren mugak dira” Vienako filosofoaren esaldi gogoangarria desmuntatu egiten da irudi pirotekniko asaldagarrien bidez, hizkuntzaren debekuak eurak urratuz. Eta poesiaren ahalmena botere baldin bada, mugok urratzeko gaitasunean datza. Poesia izeneko poeman bertan honako hau irakur dezakegu: “Debekatua daukagun / garen guztia / sartzen dugun lekua da poesia. / Signifikantearen erritmoa / bere ondare antizapaltzaileaz / da poesia”.
Liburuak badu orozapaltzailearen aurkako jarrera etikorik eta estetikorik. Haiku minimalista den Humanitatea poeman agertzen zaigu soiltasunez: “Zuzen / zentzugabekeriaren gainean / tente / ibiltzeko sofistifikazio hori”. Goikoetxearen proposamen poetikoan badira kode pertsonalak, batzuetan pertsonalegiak, hala ere, ez dute zanpatzen egitura poetikoaren sendotasun kiskalgarria. Kodeon erabilera neurrigabea irakurleari hermetikoegia gerta dakiokeen arren, munta txikikoak dira ulergarritasun arazoak eraikin poetiko ausartaren aurrean. “Zentzuaren logika nagusi balitz / humanitatea ez litzateke existituko / beraz eskerrak / zor zaizkionak baino ez”.
Liburuaren funtsezko beste ardatz bat maitasunaren gaineko ikusmolde kaleidoskopikoa eta heterodoxoa da. Mito eta aurre-iritzi guztiak hauts bihurtu nahi ditu, gorputzaren presentzia gordina eta bakuna baliatuz: “…Zure sentsualitatea nahi dut / omisio belo artean / atzamarkada arinen / basatasun eutsia / diskrezioz armatua / labainduz / nire gorputza / zurean”. Maitasun objektuarekin bat egiteko gorputz fisikoaren alkimia, errealitatea transzenditzeko xedez. Baina ez da inondik inora ihesaldi mistikoarekin gisa engaiatuko, Goikoetxeak ondo sustraitzen ditu oinak paradisu lurtar honetara, paradoxaren ahalmena profitatuz. Jainkotiarra poema ederrean horrela mintzo zaigu: “…jainkotiar antzeko patxada / hain kolpatua / non apurtezin”.
Jule Goikoetxearen metafora eta paradoxa artean uda oso bat galtzea bizitza galtzea bezain tentagarria gerta dakiguke. Ustekabe atseginez betetako euskal poesiaren unibertso oparoan beste poeta tentagarri bat jaio da. Bitartean, poesia eta poetak hilda daudela errepikatuko dugu etengabe, okagarri, eta poeten begiek behin eta berriro gaztigatuko digute antzeko salmoekin: “Saturnok ez du deus jakin nahi / ugaztun berritsuez…”.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui