« Material ona | Paradoxaren mugak urratuz »
Post-it bizitzak / Iolanda Zuñiga (Iñigo Roque) / Pasazaite, 2014
Puskak biziz Iraitz Urkulo / Berria, 2014-09-14
Literatura galegoa da fikzioaren eskutik munduan zehar ibiltzera gonbidatzen gaituen Pasazaite argitaletxearen azken geralekua. Iñigo Roque Eguzkitza itzultzaile finari zor diogu Iolanda Zuñiga idazle errekonozituak 2007an kaleratutako ipuin laburren bilduma euskaraz irakurri ahal izatea.
Liburuko hamaika protagonistak beren baitako miserietan hondoratuta daude, batez ere porrot sentimentalek jota. Gabezia, galera eta sekula lortu ezingo duten horri iltzaturik bizi dira. Beren gogoeten bidez, bizitza puskatuak irudikatzen dituzte, batzuetan haserre eta besteetan axolagabe jasaten dituzten egoera bidegabeen berri emanez, irakurleokin bizitzaz duten ikuspegi originala partekatzearekin batera. Jarrera sumindua antzematen zaie eguneroko gertakari txikien aurrean.
Erresumin hori kontakizunari ere kutsatzen zaio, antza, diskurtsoa osatzen duten hausnarketek irakurleon begietara jaurtiak izateko idatziak dirudite eta. Aldi berean, unean uneko narratzaileak deskribapen adierazgarrien eremuan murgiltzen gaitu, non tonu iradokitzaileak emozioei deiadar egiten dien. Samurtasunik eta edertasunik gabeko hizkera darabil, bilatutako espontaneotasun baten isla. Narrazioari amorruz eta bortizkeriaz heltzen dio, orain ironiaz, orain sarkasmoz. Gupidagabeki. Ez dago zuzenkeriarik haren hitzetan; kontzeptu zaharkitua eta jadanik zentzuz hustua ez balitz, autorea transgresioaz baliatzen dela esango nuke.
Testuak pausa gutxi ditu, tentsioak uneoro goiari eusten diola. Esaldi luze xamarrak maiz korapilatsuak suerta daitezke, bakoitzak hainbeste kontzeptu biltzen eta adierazi nahi ditu. Diskurtso iluna izatera iritsi gabe ere, hitz gutxitan ideia asko pilatzeko joera erakusten duen neurrian, dentsoa bada. Tarteka trinkotasun hori hautsiko lukeen arnasguneren bat eskertzekoa litzateke.
Ipuinen laburtasuna kontuan hartuta, bilakaera handirik ez dute; aldiz, bi estrategia txandakatzen dira: istorio batzuek abiapuntu edo planteamendu original bat eskaintzen duten bitartean, beste zenbaiten kasuan irakurleok ezustekoa hartuko dugu amaieran. Idurre Eskisabelen hitzaurreaz gain, liburuak 45 ipuinetik gora ditu baina, halere, bilduma bati dagokion batasuna erakusten du. Pertsonaia galtzaileak, eguneroko gaien inguruko hausnarketak, era guztietako porrot sentimenduak, amorruzko tonua, diskurtso desordenatua… alderdi horiek guztiak obran zehar behin eta berriro errepikatuko dira.
Idazleak, bestalde, ipuinei musika-mugimendu klasiko jakin bat adierazten duen izenburu bana ezarri die, italieraz, horien bitartez jolas moduko bat abiaraziz, non istorio bakoitzaren intentsitatea eta erritmoa izenburuak adierazitakoarekin bat datozen. Halere, bilduma bat izanik tentazioa handia izan arren, ez da komeni ipuintxoak bata bestearen atzetik irakurtzea. Irakurketa jarraituak ipuinek banaka eragiten duten tentsio-efektua zapuzten duelakoan nago; lana apurka-apurka dastatzearen esperientzia lausotzen duen heinean, monotonia-sentsazio faltsu bati bidea eman diezaioke.
Post-it bizitzak liburu berezia da, ez da drama ohikoa, ez argumentuari ez narrazioari dagokienez, eta bertan kontatzen dena eta kontatzeko moldearen artean erabateko oreka, egokitasun betea antzematen da. Zuñigak gizarte-giro zalapartatsuan apaldutako periferiako ahotsen garrasiak igorri nahi dizkigu eta, aldi berean, fikzioa emozioen pizgarri gisa ulertzen duen idazlearen literaturaren kontzepzio berezia aldarrikatzen du.
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza
Ni, laiko
Markos Zapiain
Nagore Fernandez
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Maialen Sobrino Lopez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Jon Agirre
Emognosia
Mitxelko Uranga
Mikel Asurmendi
Silueta
Harkaitz Cano
Irati Majuelo
Koxka bat estuago
Henry James
Aritz Galarraga
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Hasier Rekondo
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Maddi Galdos Areta
Poesia kaiera
Frank O'Hara
Asier Urkiza
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Nagore Fernandez
Beste urte batez
Samira Azzam
Maialen Sobrino Lopez