« Festaren amaiera | Material ona »
Bizitzaren atea dukegu heriotza / Hartzabal - Joxan Artze / Elkar, 2013
Artze: zuri ala beltz? Xabier Mendiguren Elizegi / Deia, 2014-09-13
Autore bat aipatu beharko banu, modatik aparte ibili, kultur giroan nabarmentzen batere saiatu ez, eta hala ere nola-hala beti presente egon dena, Joxan Artze izango litzateke hori.
Astearte honetan bertan ikusi genuen hainbat poesiazalek, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan, Nola belztu behar zuria ikuskizuna, Bide Ertzean musika-taldeak eta Oier Guillan eta Asier Sarasola aktoreek eskainia. Artzeren azken bi poema-sortetan oinarrituriko ikusgarria izan zen; biak ere joan den urteko Durangoko Azokan kaleratuak, eta itxuraz bezala tituluz ere liburu bakarra diruditenak arretaz erreparatu ezean: Heriotzaren ataria dugu bizitza, bata, eta Bizitzaren atea dukegu heriotza, bestea.
Bertako testuetatik abiatuta, kanta zenbait sortu eta interpretatu zituzten Ubeda anaiek eta Aranzegik, ohi duten dotorezia finez; Guillanek eta Sarasolak, berriz, poemak errezitatu ez ezik, dramatizatu eta biziarazi egin zituzten, indartsu eta sendo. Guztira, hitzaren eta sormenaren balioa azpimarratu zuen espektakulu eder eta atsegina.
Edertasun atsegin horretan, baina, Artzeren poemak eman arren, haren mezua, ez ezkutatu, baina nolabait leundu egin dela esango nuke. Izan ere, usurbildarraren azkenaldiko testuak (azken hogeitaka urteetakoak) irakurri dituenak badaki ez direla batere goxoak gure gizartean ezker-eskuin nagusitu diren bizimoldeentzat. Labur eta motz esanda, Artzek bizitzaren ikuspegi kontserbadore bat dauka, lehengo bizimodu eta sinesteak goraipatzen dituena, erlijioaren iturritik izatearen esentzia betikoa bilatzen duena; “karka bat” esango lukete gazteek, baina hitzaren dohainaz hornitua.
Hala ere, bitxia da ikustea nola Artzeren testu ezagunenak, oraindik ere, oso bestelakoak diren. 60 eta 70eko hamarkadetako liburuetakoak eta, batez ere, Mikel Laboak abesti bihurtu zituenak: Hegoak ebaki banizkio, Ai, nire juaneteak, Zu… Batek galdetu liezaioke bere buruari nola ezkontzen diren orduko inkonformismoa eta gaurko jarrera atzerakoia edo. Lehengo bere joera batzuk espresuki ukatu baditu ere (Ama hil zait poemaren bertsio berrituarekin, esaterako), ez nuke esango traiziorik egon denik konbertsio horretan, bai garapen eta bilakaera. 1960ko hamarraldi hartan gizarte itxi baten hipokrisia salatzen zuen Artzek, baita materialismo merke baten amets kontsumistak ere, garaiko gazte ezkertiar eta kontestatarioek egiten zuten bezala.
Gerora, benetakotasunaren kezka existentzial horrek, protesta sozialaren forma hartu ordez, bilaketa espiritual baten bidea hartu zuen; hippiek bezala, Ekialdeko filosofia eta erlijioak horretan lagungarri izan zituela esango nuke (Ortzia lorez, lurra izarrez 1987ko lanean nabarmen), baina gerora txikitako eliza katolikoaren altzora itzuli zen.
Desadostasuna agertzeko bada ere, irakurtzea merezi duen poeta, Joxan Artze.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi