« Idazle ahaztua | Txokotik mundura »
Mugaren ariketa / Ander Iturriotz / Elkar, 2002
Mug(et)atik giza-kartografia eraikiz Aritz Zubiate / Gara, 2002-09-28
Isilune luzea eteten du Bilbon bizi den ordiziarraren azken lanak, ia hogei urte luze bere “Birundak” eta “Goierri”tik. Esperimentazioaren bidetik zihoan orduan, eta konbentzionalismotatik ihesi jarraitzen du. Formak dakartza lehendabiziko paradoxak, poesia sailean argitaratua izan arren prosaz idatzia baitago. Prosa poetikoa dela gaztigatzen digute, eta definizioa egokia iruditzen zaigu oso. Sentsibilitatearen uhartetan barrena abiatzen gara, hustasunaren itsasoko lur eremuak amestuz. Laburrak dira testuak, baina trinkoak, arrazoi biribil eta egia indartsuz beteak.
“Mugen ariketa” honetan erpin desberdinez osatutako poliedroan lerratzen gara, autoreak berak eskaintzen dizkigu koordenatu nagusiak aitormen bihurtutako aitzin-solasean. Lehenengo eta behin, modernitateak ekarritako pentsamendu trinko eta “indartsuaren” porrota —sinesgabetasuna—, hortik mugaren baliabidea erabiltzearena; metaforaren erabilera ondoren, pentsamendu herritar tradizionalarekin lotzen duena bigarrenik, errepikapen eta enumerazioen presentzia.
Lana, ariketa legez baino ulergarriagoa da deskribapen-eta modura. Hau da, muga desberdinetatik begiratzen du Iturriotzek, horregatik dira hain ugariak ate eta leihoen aipamenak, barrua eta kanpoaren arteko banatzaile nagusiak, batez ere gure herrian etxeak duen garrantzi kultural-sinbolikoa aintzat hartuz gero. Begiradotan antzerkiari keinuka ari zaio maiz, akotazio bidez eszenategi ezinezkoak irudikatuz.
Bere unibertso personala gizakiaren duda eternaletara proiektatzen du, poesiak (eta filosofiak) eta poetak (eta filosofoak) betidanik erantzun behar izan dituen gaietara: heriotza, denbora, maitasuna, gorrotoa, borroka, gerra… Literatura eta pentsamendua elkarrekin jartzea erraz justifika daiteke lan honen aurrean. Alde batetik, autorearen beraren formazio akademikoari begiratuta, bestalde, ugariak direlako filosofoen aipamenak testu hiperlaburretan zehar (grekoak batez ere, Wittgenstein…), beti ere galbahe literarioa ezagutu dutenak. Horrela ulertu behar da Heraklito eta Parmenideren arteko gatazka irudikatzea bizitzeko beharrezko dugun iraupen eta tinkotasunaren aldarria egiteko. Hala ere, erreferentzia gertuagokoak era erabiltzen ditu, hala nola, Oteizaren kubo estetikoa.
Begi-bistakoa da autoreak barrenak hustu beharretik, zeresanetik idatzi duela lana, bere filia pertsonalak askatuz. Urteotako uzta bildu du “Mugaren hariketa”-n. Halere, konbergentziak dibergentziak baino argiagoak begitantzen zaizkigu, testu guztiek nolabaiteko batasuna gordetzen baitute. Ez da collage anarkikoa, elementu amankomunak argiak baitira. Edukiari jarritako arreta honek ez du ekarri alderdi estetikoak bertan behera lagatzea, ordea. Transmititu beharrekoak metaforaren bidez transmititu gura izan dituela iruditzen zaigu, naturan hurrekoak zaizkigun elementuak (euria, mendiak, ibaiak) eta mitologia klasikoa erabiliz —greziarra, gehienik—. Honek irakurterreza ez den lana dakarkigu lasaitasuna eta patxada eskatzen duena. Gainera, aitortu behar da egungo gazteok ez dakigula asko mito klasikoen inguruan, eta horrek ere ez digu laguntzen. Gaur egungo bizimoduak itxuraz behintzat eskatzen duen literatura “azkar” eta errazetik zeharo aldendutakoa da “Mugaren ariketa”. Baina, horretarako ere aukera eman behar du literaturak, ez?
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi