kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Poliedroaren hostoak / Joan Mari Irigoien / Erein, 1983

Poliedroaren hostoak Asier Sarasua / Eibartik, 2014-06-07

Joan Mari Irigoien (Altza, 1948) idazle joria da, euskal literaturari hainbat lan utzi dizkiona. Honako hau ez da, beharbada, bere lanik ezagunena, baina interes berezikoa iruditu zait. 1983an Ereinek argitaratua (eta, oker ez banago, urte batzuk lehenago idatzia), nik 1995eko argitalpena irakurri dut (“Liburu berdina baina aldatua“, idazleak hitzaurrean ohartarazten digunaren arabera).

Bost belaunaldiren ibilerak biltzen dituen saga familiarra dugu, gutxienez 150 urte hartzen dituena: 1830 inguruan hasi eta 1980ra arte. Belaunaldiak garai historiko eta liskar-garai zehatzetan kokatzen ditu idazleak:

  1. Lehenengo karlistaldia.
  2. Bigarren karlistaldia.
  3. XX. mende hasierako “ziklo aldaketa” (karlista eta liberalak, jelkide eta sozialista bilakatzen hasten direnekoa).
  4. Gerra zibila.
  5. Trantsizio garaia.

Azken belaunaldi horretako kide den “J” da liburuaren egilea (Joan Mariren trasuntoa). Lehenago bere osaba Joxek egindako lana bildu eta bukatuko du. Idazleak berak kontatzen digu hori guztiori hasieran, nola batu zituen osabaren testu zaharrak, nola garbira pasatu, eta nola gero jarraitu zuen.

Liburu trinko eta konplexua da, besteak beste teknika eta antolaketa berezikoa. “J” delako idazleak berak aipatzen du sarrera gisako lehenengo atalean:

Bestalde, liburuak bloke handi bi ditu (ia-ia liburu bi direla ere esan daiteke): bata osaba Joxerena, 1830-1940 bitartea hartzen duena; bigarrena “J” idazleak berak idatzitakoa. Lehenengoan saga familiarra kontatzen da. Maitasun, hilketa, intzestu-gura, gorroto historiko… guztia ere errealismo magikoaren printzez betea: amona haritz bihurtzen da maiteminez, sator-zuloak baztanga bihurtzen semearen azalean, kukuak heriotza aurreikusten du, baita 120 urte lehenago ere;…

Bigarrenean, aldiz, “Poliedroaren hostoak” izenekoan, idazlearen osaba eta gurasoen belaunalditik abiatuta, idazlearen beraren gora-beherak ezagutuko ditugu. Bera ere izaera hautsia, lekua aurkitu ezinik dabilena… osaba Joxeren heriotza ikertzen dihardu, haren bizitza beti inguratu zuen misterioa argitu nahian.

Estilo eta teknika aldetik ere, atal eta estilo ezberdinak aurkituko ditugu, moldez ere bakoitza nahiko ezberdina. Hildakoen hitzetan jasotako pasarteak (kanposantuan luze dauden hilak dira istorioaren ardatz nagusiak kontatzen dizkigutenak, katabutetik), herriko ehorzlea narratzailea den atala, “J” berak 1. pertsonan idatzitakoa, osaba Lazaroren bakarrizketa modukoa,… Eta horretaz aparte, eranskin, erdi-sarrera eta kapitulu huts pare bat ere badaude.

Liburu “konplikatu” samarra, hortaz; ez arin-arin irakurtzen diren horietakoa, behintzat. Ez da liburu nahasia, hala ere, eta niri asko gustatu zait. Irakurle naizen honentzat, zatiren bat astun samarra izan da (150-200 orrialde inguruan; baita amaieran ere), baina gustura irakurri dut. Ez dut esango nire liburu kuttunenen artean sartuko dudanik, baina bai gogoratuko dudan horietakoa izango dela, duda izpirik gabe. Elizalde eta Ibargoyen, betirako nire barruan. Izan ere, gu guztion zatiak daude liburu honetan, gure zuhaitz genealogikoaren hostoak poliedrikoak baitira.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak