« Zalaparta isila | Larrepetit »
Hamaika ipuin / Juan Martin Elexpuru / Elkar, 2000
Xaflakoka Aingeru Epaltza / Nabarra, 2002-09
Euskal literaturaren baratza ez dago uste bezain iharturik eztabaida eta kritikarako. Zenbait kritikarik 90. hamarkada “nobelarena” izendatzeak ipuinzaleen erantzuna ekarri du, behingoz, baieztapen erabatekoegiek ilunpean uzten dituzten alderdiei argi eman nahirik. Egia izanagatik elaberria nagusitu zaigula, Europan oro har gertatzen den gisara, puntu motzaren beharginak ere ez dabilzkigu alferkerian.
Horietarik da, gehienbat, Juan Martin Elexpuru bergararra. Bi bidai liburu eta nobela baten egilea izateaz landa, narrazio motzez osaturiko bi lan plazaratu ditu orain arte, azkena gaur hizpide eman digun “Hamaika ipuin” hau.
Nahita, zenbaki sorgindua darabil Elexpuruk izenburuan, adiera bikoitzekoa. Hamar gehi bat —hamaika— dira liburuak eskaintzen dizkigun lanak eta ugariak, berriz —hamaika— haietan erabiltzen diren gai eta tratamendu estilistikoak. Badira gure gerla zibilean kokaturiko istorioak eta, haien ondoan, geroaren iragarpen ezkorrak; baserri giroko mutilzahar kontuak nahiz gatazka sozio-politikoaren oihartzuna ekartzen digutenak; narratzaile bat baino gehiagoren ikuspegitik kontatuak eta pintore baten apunte hutsaren gisara moldatuak; ipuin klasikoen gisara taxutuak zein komikiekin pareka daitezkeenak… Ezinbertzean, emaitza ere askotarikoa da, narrazio borobiletik (“Gerra urte”, “Despedida”, “Arthur”, “Buelta datorrenean”…), eskasagoetara sendotasun edo zorroztasunaren aldetik.
Nolanahi ere, badute ezaugarri amankomunik hamaika ipuin hauek. Idazleak ezin gordea du oraingo nahiz lehengo gure errealitate sozialaren azpian begi kritikoz arakatzeko guraria, baina begirada hori, samurkerietan erori gabe, barkabera da gehienetan, errukiorra. Badaki bertzearen lekuan jartzen, argi-ilunak harrapatzen, hurkoarengan gizajoari antzematen. Elexpuru ez zaigu ukabilkadaka ari, xaflako arinez baizik. Ipuingintzan azken kolpea hain garrantzitsua delarik, efektismo merke eta garraztasun debaldekoei ihes egiten die. Amaiera iritsita, aski du, jakintsuek bezala, irakurlearen ezpainetan marrazten den irriñoa, noiz konplizea, noiz ustekabetua.
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi