« Distantziak laburtuz | Maite nuen »
Eskuen sustraiak / Oier Guillan / Susa, 2009
Pertsonen sustraiak Jose Luis Padron / Bilbao, 2010-02
Oier Guillanek oroimenarekin eta orainaren betaurrekoekin behin eta berriz sortzen dugun iraganari begira jarri ditu begiak Eskuen Sustraiak (Susa, 2009) bere poema liburu berrian. Eta horren bidez balizko etorkizunei begira. Barruko urruntasunera begira: zenbaitetan amets batera gerturatzeko modu bakarra amets horretatik urruntzea baita.
Nekea, desilusioa, ulertezintasuna edota eguneroko ohikeria eta miseriak bizi dugun gure garaitik ezin baztertu daitezkeen kezkak dira, ordea ez da egilea bereziki identifikatzen haiekin, azaltzen dira testuetan baina ez ditu hala nahita bilatu. Liburu honetako poemetan nolabaiteko gordinkeria azaleratu zaio ingurura begiratzerakoan, baina batzuetan hitz gogorrak izanik ere beti dago haiek gainditzeko borondate bat. Irudiak aukeratzeko orduan bulkadak jarraitu ditu gogoeta sobera arrazoituak baino gehiago, luzez landu duen idazteko modu hori itxi nahi zuelako, hain zuzen ere.
Eta orainaren aldeko apustu garbia egiten du liburuan, orainari aparteko bizitasuna ematearen aldekoa. Bai. Baina ez da oraina bizitzeko modu egoista bat, eta ezta etorkizunik ez egotearen ondorioa ere. Teatroan bizi izandako esperientzietan ikasi du orainaren kontzeptu hori: “emanaldiak ez dira soilik fikzioak, ‘gertatzen’ den zerbait ere badira. Taldekideekin eta publikoarekin komunikazioa dagoenean emanaldi hori erreala bilakatu den mundu utopiko bat da, eskala txikian bada ere. Oholtza gaineko uneak ekintzak dira, errutinari edo porrotei ebasten dizkiogun denbora zatiak, orainak. Berdin dio aktore edo publiko izatea, horrelako komunikazio eta adierazpen uneak sortzearen eta pilatzearen balioa eta edertasuna nabarmendu nahi nuke, bizitzaren arlo guztietan. Nire kasuan oholtza gainekoak dira une-lubakiak, beste baten kasuan seme-alabekin igarotakoak agian. Ez da carpe diem erromantiko bat, jarrera aktibo bat baizik”.
Aurrenekoa Oreretako Mikelazulo elkartean egin ondoren, poemarioan oinarriturik, errezitaldiak eskaintzen ari dira beste hainbat tokitan. Ahotsak: Asier Sarasola eta Guillan bera; musika: Ander Fernandez; pintura: Idoia Beratarbide. Poesian, teatroan edo kultur antolakuntzan topatu ditu lanerako tresnak Oier Guillanek: “kontua ez da zer egin, baizik eta norekin. Niretzat artea, edo sormena, ez da kontzeptu elitista bat: pertsonak daude beti oinarrian”.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez