kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Hori da umorea, maisu! / Mo Yan (Aiora Jaka - Maialen Marin) / Elkar, 2013

Gosearen idazle Iker Zaldua / Gara, 2014-03-16

Mo Yani fantasia hutsa irudituko zitzaiokeen, soldaduskan zegoela idazten hasi zenean noizbait Literaturako Nobel saria jasoko zuela esan izan baliote. Gosea ongi ezagututako haur eta gaztetxoa izan zen, Txinan tripa-zorrien soinua eguneroko ogia zen garaian landa-eremuko haurra. Horrenbestez, idazten hastearen arrazoia sari potoloen ametsetatik aparte bilatu behar dugu, berak aitortu zuenez: “Orduan jakin nuen: idazle izanez gero, jiaoziak jango nituen egunean hirutan, haragiz beteak gainera, hori bai bizitza zoriontsua!”. Egia esatera, sabela berdintzea baino sari potoloagorik ez dago zuhaitzen enborrak zuritzen ibili den haurrarentzat.

Haatik, idazle izateko eta hori ogibide bihurtu ahal izateko, abilezia behar da, trebetasuna behar da. Mo Yanek badauka zer konta eta badu ongi kontatzeko abilezia, errealitate gordina umorez azaltzeko adinakoa, absurduarekin jokatzeko adinakoa. Hain zuzen, absurduaren trataera dela medio, Kafkarekin alderatu izan dute sarritan.

Egiaz, egoera absurduak aurkezten ditu, baina atzean berak ezagutu zuen landa-eremuko Txina hori salatzeko grina agertzen da indarrez, 60ko hamarkadako garai “arraro eta fanatikoa”. Hitz egin nahi izan du Mo Yanek, egia esateko premia zegoela iritzita.

Hala, ipuin-bilduma hau kritika sozial batekin abiatzen da: erretiroa hartzeko adinera iristeko hilabete baino falta ez duen langilea kaleratu egingo dute eta egoera absurdu horren aurrean irtenbide harrigarria bururatzen zaio, abandonatutako autobus bat berriztatu eta maitasuna publikoki erakustea debekatua dagoen herrialdeko maiteminduentzat habia bat eraikitzea. Bildumako ipuin luzeena da eta gehien gustatu zaidana, umore zertzeladak apartekoak dira eta amaiera, egoera bezain absurdua.

“Gizona eta Piztia” du izenburua bigarren ipuinak. Bakardadea hitz larritan, gizakiak gizatasunik ezak eraginda bizi duen bakardadearen ispilu dela esango nuke, agertokia Japonia da eta txinatar soldadua bertako leize-zulo batean gordeta dago, noiz eta Txina eta Japonia gatazkan zeuden garaian, 30eko hamarkadaren amaieran. Deskribapenak zehatzagoak dira, erritmoa mantsoagoa da eta argazkia lausoa. Elkarrizketarik ez dago, idazlea bakarrizketan ari zaio idazleari, mezu gordin bat igortzeko asmoz, azken lerroan nabarmentzen duena: “benetan gertatutakoa errespetatu behar da”.

“Hegaldia” izenekoan absurdua nabarmenago agertzen da eta, horrekin batera, fantasiaren mozorroa ikus dezakegu agerian, berriro ere errealitate beltzaren adierazgarri. Debekatutako harremanek egoera ezin absurduagoa jartzen dute aurrez aurre eta fantasiak amaiera harrigarria ematen dio dramari.

Azkenik, nire ustez ipuin gordinena dena aipatu nahi nuke. Bilduma honetako azkena, “Haur abandonatua”. Bertan haur bakarraren politika ulertezin eta krudela ekartzen digu idazleak. Bikote batek haurtxo (neskatila) jaioberri abandonatu bat aurkitu eta bere gain hartzea erabakitzen du, berezko haur bat izateari muzin eginez. Gordintasun osoz kontaturik dago hau; hala behar zuen gainera. Idazleak berak ere zalantzan jartzen du gizakia halako egoeren aurrean: “Gizateriaren bilakaera halako mailara iritsi da, non animalien mundutik bereizten duen marra paperezko orri bat bezain mehea baita”. Ileak tente jartzeko istorioa egiazko historia baten barnean.

Liburuak Jokin Zaitegi Itzulpen Saria eskuratu zuen 2012an eta beste behin itzultzaileen lan itzela azpimarratu nahi dut horren harira. Horrenbeste gustatu zaidan esaldi bat ekarriko dut horretarako: beste aldean itzultzailea dago.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak