kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Trenen abiadura / Luis Garde / Pamiela, 2014

Trenak balio du oraindik Alex Gurrutxaga / Berria, 2014-03-09

Trena Modernismoaren sinbolo gorenetakoa da. 1868an, hauxe idatzi zuen Theophile Gautierrek modu profetikoan: “Antzinatean tenpluari zegokion arkitektura, Erdi Aroan elizari zegokiona, gure garaian estazioarena izango da”. Modernismoan asko izan dira ezleku hori —estazioa, trena, trenbidea— sinbolikoki baliatu dutenak: tartean dira Apollinaire, Maiakovski, Marinetti, Machado eta, gurean, Antonio Arruti edo Lizardi. Tradizio sendoa duen elementu poetikoa da trena, beraz, eta, jakina, egun bizirik dagoena. Luis Gardek Haize hegoaren aroak (2007) poemategiaren pasarte batzuetan landu zuen jada sinbolikoki; adibidez: “Trena, bidea, geltokia naiz./ Hutsik bidaiatzen naiz ezdeusetik ezdeuserantz”. Oraingo honetan, ordea, trena erdigunean jarriz bilbatu du bere pentsamendu poetikoa, eta maila oneko liburua ondu du.

Hasier Rekondok egile beraren Maizter arrotza-ri buruz (Erein, 2013) zioen “pentsamenduaren poesian” kokatzekoa dela. Terminoak balio lezake Trenen abiadura-rentzat ere. Trena, bizitzaz ari garela, mugimendua da, denboraren joana. Ni poetikoak mundua behatzen du leihotik, paisaiaren aldakortasuna, espazioen mudantzak; literatura ere —inork unibertso deitua— begiztatzen du, eta tradizio poetikoa. “Beiratik haratago” dagoenaren eta bidaztiaren artean leihoa dago, eta horrek bi espazio ditu sortzen: kanpokoa, bestea, eta barnekoa, kristalean islatua —ikusi 19. orrialdeko irudia—, norbere identitatearen egoitza.

Garderen lanak bi poema luze ditu. Aurrenekoan gogoeta modu dialogikoan aurkezten zaigu: Paul Valeryren hitzak daude batetik —“gizakiak gaur ez zukeen poesia asmatuko”—, eta ni poetikoarenak bestetik. Denborari buruzko dialektika planteatzen du Gardek: poesiari kontrajartzen zaio mundu garaikidearen presa. Garai batean abiadura izugarriaren irudi zen trena, baina gaur “astitsu” eta “lasai” da, eta poeta gai da bertatik “paisaia habitagarriak” inauguratzeko.

Bigarren poemak, luzeenak, bi bidaia ditu ardatz: subjektuak Youtuben ikusten duen transiberiarrarena, eta oroitzen duen Bartzelona-Venezia bidaia erromantikoa. Poema narratiboa da, lirikaren errekurtsoak tonu narratibo biluziagoarekin konbinatzen dituena. Jorratzen diren gai nagusietako bi, denboraz gain, amodioa eta deserrotzea dira. Elementu gehienak daude gai horiei lotuta; esaterako, emakumeak irakurtzen duen liburua, Denbora gure laugarren dimentsioa, ikuspegi existentzialetik begiratuz, bizialdiaren metafora da. Deserrotzea, berriz, deserri existentziala, sentipen iraunkor eta esanguratsua da poeman. Halere, badaude pasarte ahulak ere, pentsamenduan behera egiten dutenak edo topikoak direnak.

Leihotik begira, aldakuntza etengabea da; abiapuntua, helmuga eta bidaztia aldatzen ari dira. Bidaiariak bilatzen zuen agindutako lurra desagertu egiten da une oro, helmuga “Amets Habitaezina” (57) bihurtzen da istant bakoitzean, galdu egiten dugu “lur agindua/ hura ikusi edo hatz-puntekin ukitu bezain fite” (68), ez dago itzulera posiblerik. Azkenean, ez da deserria —trena— baizik gelditzen, “ukitze, igurzte, urratze, higatze” (72) xume bat, nostalgia apur bat, “higidura baino gehiago gaur dena nostalgia baita” (25), eta poesia. Trenen abiadura poesia fina eta orekatua da, eta bigarren poema distiratsua ez bada ere, oro har, pentsamendu-figura neurritsuek, han-hemenkako metafora eta irudi adierazkorrek, eta kadentzia prosodikoak liburu interesgarria egiten dute.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak