« Ni, Vera | Itsas bidaia »
Azken afaria / Xabier Montoia / Susa, 2013
Azken afaria Jon Iraola / Obabako Testiguak, 2014-01-24
Felix eta Juanjok, Xabier Montoiaren azken eleberriko protagonistetako bik, armagnacak eta whiskyak edanez, Habanakoak errez eta Laboaren abestiak egusentiraino kantatuz ematen diote amaia Azken afariari. Momentu horretan, ni behintzat, liburua kolpe batez itxi ostean, burua atzera bota eta zer egin ez nekiela gelditu nintzen: barrez lehertu? Nire burua tristuraren zulorik sakonenean hondoratu?
Txiste bat bezala hasten da liburua. Deustuko unibertsitatean zuzenbidea ikasitako lau lagun ohi Bilboko soziedade batean bazkaltzera elkartzen dira: Kosme Astoreka, PNVko handi-mandi bat? Juanjo Rodera, komunista madrildar euskaldundu bat? Felix Goñi, jeltzaleen orbitako abokatu bat? eta Samuel Salaberria, Nobel sariaren kinieletan dagoen euskal idazle bat. Bizitzak aurrera egin du, ibilbide ezberdinak aukeratu dituzte denek. Umorerik ez dute galdu halere, elkarri ziria sartzen artistak baitira. Hori bai: dosi txikitan bada ere, erresumina, inbidia eta gorrotoa suma daitezke, baina bekaturik larriena ere mahai bueltan bapo janez eta edanez barka daiteke… ezta?
Luze baino lehen lehertuko da istorioa ordea: Ertzainak Felix Goñiren etxean sartzen dira, eta semea, Eneko, atxilo eramaten dute, kale borrokako zenbait ekintza egotzita. Hasierako oreka puskatu da betirako: Audientzia Nazionalerako joan-etorriak, Felix Goñiren lagun eta iragan jeltzalearen betiko haustura (Kosme Astorekatik erabat urrunduz eta Juanjo Roderaren lagunmin bihurtuz), torturak, mehatxuak, sufrimendua. Enekoren atxiloketak bai bikotean eta bai semean beragan duen eragina suntsitzailea da erabat. Horren erakusle dugu liburuaren harribitxietako bat, Gauaren gaua kapitulua. Niri bereziki jasangaitza egin zait, pertsonaiak sufritzen ari diren insomnio, obsesio eta torturak irakurlearenak egiten baititu Montoiak. Erabat gainera. Batzuetan, ez dakit ba, pixka bat pasatzen dela iruditzen zait… Adibidez: “Aukera, dugun bakarra, ez baita hil ala bizi, hil ala hil baizik”. Irakurle, aldez aurretik abixatuta zaude: Xabier Montoiaren liburu bat da? zer nahi duzu ba. Egia da, hala eta guztiz ere, azken kapituluak, Afaria izenekoak, baduela kontrapuntu funtzioa. Izan ere, beharrezkoa iruditzen zait Gauaren gaua bezalako kapitulu itogarri baten ondoren, nobela orekatzeko irakurleari arnasbide bat gutxienez eskaintzea.
“M letraz hasiriko hitzak erauziko nituzke hiztegietatik”, dio momentu batean Felix Goñik. “Maitasun, malko, menpeko, min…” (idazlea ala musikaria ari ote zaigu hitz egiten?). Dena den, nire irudikoz lau hitz horiek dira, ondoren aipatutako Tortura eta Traizioaz gain, liburuko gaiak hobekien laburbiltzen dituztenak. Maitasun, Malko, Menpeko, Min, Tortura, Traizio. Hein handi batean, Denboraren izerdia ekarri dit gogora, oso gustuko dudan bere beste nobela bat. Azken afaria ere nobela gogorra baita. Askotan ez dizu bakerik emango, ez dizu arnasten utziko, zure zauri sakonenetan ibiliko da aztarrika, baina barre egiteko ere parada izango duzu. Aukeratu duen hizkeragatik, elkarrizketen freskotasun eta zorroztasunagatik, istorioaren gertutasunagatik eta, nola ez, espiritu punky-agatik (iluna, desesperatua, etorkizunik gabea, baina edozeri eta edonori barre egiteko prest beti), Azken afaria aspaldi honetan irakurri dudan nobelarik borobilena iruditu zait.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez