« Euri kontuak | Sirena-hotsak »
Maizter arrotza / Luis Garde / Erein, 2013
Galderez defendatutako etxea Hasier Rekondo / Berria, 2014-01-05
Luis Garderen (Iruñea, 1961) poema liburu berriak, Maizter arrotza (Erein, 2013), Blas de Otero Nazioarteko V. Lehiaketa saria irabazi zuen 2012an. Baiki, Garderi ez zaio batere arrotz egiten poesia sariak irabaztea: Oihan nabarra lanarekin egin zuen debuta 2004an, Felipe Arrese Beitia saria irabazi ondoren. Gerora, beste hainbat sari eskuratu ditu: 2009an, Irun Hiriko Kutxa Literatur Saria eman zioten, Unplugged olerki liburuarengatik. Sari ugari jaso arren, Gardek ez du batere argi idazteak berak saririk eskaintzen duen: “Idaztea da / gela hutsetan nora ezean ibiltzea”.
Liburu honen gaineko albiste labur batean irakurria nuen poesia irmo eta sendotzat jotzen zutela Maizter arrotza honetan aurkitu daitezkeen lerrook saritzeko arrazoi nagusitzat. Zaila da esatea zer adierazi nahi duen, poesiari gagozkiolarik, poesia liburu bat irmotzat edota sendotzat etiketatzeak. Irmotasuna eta sendotasuna edozein poesia xederen antipodetan egon baitaitezke. Apika, aitaren etxea defendatu nahi zuen poeta hartan legoke, zantzu guztien arabera, poesia mailu baten gisara, sendo eta irmo erabiltzeko gogoa. Hartara, Gardek galderez josi nahi izan du aitaren etxearen defendatzailea, maizter arrotzaren mozorroz egin ere: “Aitaren eleak: / nire lepokoaren aleak / neguko eguzkipean dardarka / … Presente dauzkadan arren / aitaren hitzak / nork diktatu zizkidan ez dakit:/ begira itzazu, / nire eztarrian iltzaturik beirazko hortz hauek”.
Poema narratiboak ugariak ez diren arren, gehien gustatu zaizkidanak forma horri heltzen diote. Batez ere, geure tradizioan hain zabaldua den txerriaren hilketa bortitza deskribatzen duen Sarbideko errituak poema gogor eta hitsa. “Odol baporetsuak, maldan behera, / errekaren lurrun hotza bilatzen zuen”. Irudi xume eta tinkoz osatzen du Gardek bere unibertso poetikoa. Chicagoko kaleak izenburuko jazz baladan, esaterako, kultura afroamerikarraren topikoz mukuru bestalde, irudi erakargarriak eraikitzen ditu: “Grabazio zahar horiek entzunez gero, / etengabeko euri zaraten atzean / eztulak, hatsankak, aulkien karrankak, / baso baten hotsa lurrean haustean sumatuko dituzu”.
Liburua bi azpiataletan banandurik dago, Geometria aldakorra sarrerako poema ederraren ondoren: Etxean maizter eta Hirian arrotz. Agian gai tematiko bakarrari heltzen ez zaiolako-edo, lar sakabanatutako poemak aurkitzen ditugu liburu osoan. Gai arras ezberdinak bortizki nahasteak, halaber, bere kalte-ordainak ditu; Auschwitzen gaineko Hementxeko Errautsontziak poeman Primo Leviri egiten zaion keinu literario ausarta Gure tabernako ospakizunak poema ahularen atzetik baitator, holokaustoaren trataera zabartuz, nolabait.
Laido egin zaion pentsamenduaren poesiaren esparru malguan koka daiteke liburu hau. Ideiok bere kabuz arnasa har dezaten, galderak darabiltza garabi existentzial gisara idazleak. Baina, halabeharrez, poesiaz ari bagara behintzat, irudien bidez emozioak sortzea ezinbestekoa da. Eta liburu honek noizbehinka engaiatzen gaitu etxe emozionalean. Wilhem Muellerren aipu batekin ematen dio hasiera liburuari: “Arrotz heldu nintzen / arrotz abiatzen naiz”. Luis Gardek berezkoa duen ahotsa garatu du euskal poesigintzaren etxean, partidaren altuera honetan, garrantzi gutxi du arrotz, maizter edo etxearen defendatzaile gisa aritzeak. Ahots horri eustea da xede nagusia, eta Gardek lortzen duelakoan nago, emozioak, irudiak eta etxeak gauza bera baitira.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez