kritiken hemeroteka

8.553 kritika

« | »

Gure Jerusalem galdua / Aingeru Epaltza / Elkar, 2012

Iragan galduaren menturan Mikel Asurmendi / Berria, 2014-01-05

Trilogiaren hondar emaitza duzu Gure Jerusalem galdua. Hiru nobelen lema berriz: Erresuma eta fedea. Aurreko biak (Mailuaren odola eta Izan bainintzen Nafarroako errege) irakurri badituzu, hainbat hobe. Damurik, nik ez nuen aurrekoen zoria bizi. Ez nuen federik aski trilogiak prometatzen zuen obran murgiltzeko. Tamainako obran abiatzeko “fededun” izan behar baita, politikan nola literaturan.

Historia kontatzea lantegi neketsua da. Gertakariak ilun antza heldu izaten dira guregana. Nafarroako Erresuma galdu ondorengo XVI. eta XVII. mende dekadenteei itsasargi bat ipini die Aingeru Epaltza idazleak. Istorio kitzikagarriak ehunduz, printzaz printza argitu digu aro ilun eta malapartatu hura. Haren lumak zabaldutako lerroak sakon eta luzeak dira. Erregeen dinastiak eta hirien planoak arakatzen lan gaitza taxutu du, antigoaleko Iruña nola Paris girotu ditu, baita pertsonaiak herri, dukerri nahiz konderrietan kurri jarri ere. Historia arakatu bizkitartean irakurlea abenturan garraiatu du pertsonaien ibilbideetan. Euskaldunek galdu zuten erregea berreskuratzeko mentura piztu digu Joanes Mailu protagonista zoro eta nagusiaren bidez. Fikziozko pertsonaia. Garrüzeko zalduna. Noblea. Sasikoa. Gerrarako hezia. Nafarroako Erresuma galbidean jainkoarekiko fedea zalantzan jarri duen baxenafarra. Pedro Agerre Axular da beste protagonista. Zaildua letretan, elizan nola gorteko politikan. Pertsona erreala, Mailuaren kontrakarrean.

Gure Jerusalem galdua izan gintezkeenaren miraila da. Osatzera iritsi ez ginen historia istorio bihurtua. Euskal nobleziaren —beaumondarrak eta agaramontarrak…— gainbehera erretratatu ahala, herri xehearen iragan galduaren malura deskribatu digu eleberrigileak. Ausart erranik, duela bost mende girotua izanagatik egungo munduaren isla ere badena.

Politika boterean datza. Berau eskuratzeko, mintzoa —gezurra, jukutriak eta gibel asmoak tarteko— berebiziko arma da herria doktrinatzeko. Nobelako pertsonaia nobleen aiurriek eta haien arteko hartu-emanek ederki islatzen dute politikaren taxua, haiekiko enpatia eta hastioa nahasten zaizkigularik.

Eleberrigileak darabilen euskara gure mintzairak izan zezakeen ahalmenaren lagina da. Agian, historiak beste bidetatik aitzina egin izan balu, egungo politikariak ez lirateke noble duke edo konde haien isla izango. Politika ez litzateke jokatuko nobela honetako klase politiko zikoitzak jokatzen duen gisan. Gurean, erresuma galdua osatu zuten lurralde sakabanatuak batuak izan ez arren, hizkuntza lurralde kolektiboa osatzeko mentura genuke. Politika ez litzateke soilik kontseiluetan —edota burdeletan— jokatuko, herriko plazan ere lekua luke. Orduko elite politikoek —nobleek— ez zuten erresuman federik izan, egungo politikoek politikarako “berezko klase”ez duten legez. Herriaren etorkizuna lau “zororen” eskuetan ez uzteko gomendio gisa ere hartu daiteke obra gotor hau. Istorio bidezko historia ikastaldia eman digu egileak.

Mentura gaitezen politika eta literatura jardueren ekarketa eginez. Bi jarduerak kolektiboak dira eta horren araberakoa haien onarpena. Idazleak obra abiatzen du, eta irakurleak osatzen du hark abiatutako proiektua. Idazle eta irakurlea istorioaren bi osagileak dira; bi subjektu nagusi horiek erdiesten dute obraren arrakasta. Politikan ere hala agitu behar duelakoan nago. Behialako nobleen nola egungo politikarien proiektuek kolektiboak izan behar dute, “on(h)artuak” izanen badira. Horretarako, baina, idazleak nola politikoak irakurtzen jakin behar du. Epaltzak historiaren irakurketa egokia egin duelakoan nago, edo horretan sinetsia bederen.

Azken kritikak

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Irati Majuelo

Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust

Aritz Galarraga

Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo

Aiora Sampedro

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak