kritiken hemeroteka

8.528 kritika

« | »

Baita hondakinak ere / Iñigo Astiz / Susa, 2012

Idazle gazte baten liburua Iban Zaldua / ibanzaldua.wordpress.com, 2013-11-04

Norbait hasten delarik “non daude idazle gazteak?” galdera erretoriko bezain ergela atzera formulatzen, Historiak irakaspenak emateko duen balio eskasaz ohartzen naiz (berriz ere). Ez al da inor oroitzen halako galdera bat intsistentziaz egin zen aurreko aldian (Lubaki Bandaren sorreraren atarikoan) jazo zenaz? Bota zutenak (garai hartan heldutasunean sartu berriak ziren idazleak, “Tropela” bihurtuko zirenak aurki) zapalduko zituela, luze gabe, egungo euskal literaturaren bilakaeraren zilindroak (bale, hiperbole bat da, baina ulertzen da, nik uste). Halako itaunekin kontu handiagoz ibiltzeko moduko aurrekaria, edonola ere.

Zeren eta, ez gaitezen engaina: liburuak irakurtzen duen jendea dagoen bitartean beti egongo dira idazle gazteak; azpialdeko arroz aleak paella-ontzian itsastea bezain kontu saihestezina da. Susmoa dut, gainera, talentua nahiko modu berdintsuan dagoela banatuta, hala sexuen nola adinen artean (jeinuarena, esan gabe doa, beste kontu bat da), eta liburu onen portzentajea nahiko antzekoa dela (beti ere txikia) idazle helduen eta gazteen artean.

Hau guztia dator harira duela gutxi berrirakurri dudalako joan den urteko liburu onenetako bat, autore gazte batek idatzirikoa hain zuzen ere, eta berriro iruditu zaidalako ona; tamalez, Martutene edo Bitan esan beharra bezalako monumentuen urte berean argitaratu izanak ez dio mesederik egin, ziurrenik, ikusgarritasunaren aldetik. Baina liburua hor dago, eta Baita hondakinak ere du izenburua (Susa, 2012). Iñigo Astiz kazetari ultzamarrarena da (Iruñea, 1985).

Heldutasun bitxiko poesia liburua da, lehenengo liburuei buruzko topikoak apurtzen dituena. Agian ez delako benetan Astizen aurreneko liburua: urte batzuk lehenago beste poemategi bat argitaratzeko zorian egon zen, baina, argitaletxeak onartu arren, azken unean (erabaki editorial absurdo eta deitoragarri horietako baten ondorioz) ez zen kaleratu, hogeita bost urte bete aurretik argitaratzen diren liburuez damutzeko aukera ukatuz Astizi (hori baita, salbuespenak salbuespen, karrera luzea izatera deitutako idazleen lehenengo obren funtzio behinena: zertaz damutu edukitzea, etorkizunean).

Baita hondakinak ere honetaz, behintzat, nekez damutuko da Astiz. Berrogei poema dira, tankera, jite eta luzera desberdinekoak, baina amankomuneko ezaugarri batekin: gardentasuna, gauzak apaingarririk eta itzulingururik gabe esateko ahalmena, metaforaren abusuzko erabilera ekiditen dakiena. Eguneroko bizitzaren poesia da (gertakarien magikotasuna azpimarratzen duena, baina espanturik edo metafisikarik egin gabe, vid. “ETB 1”, “Aurikularrak”). Denbora/belaunaldi ezberdinen gurutzaketari eta familiari begirada sakona zuzentzen diona. Maitasun des-erromantizatuaren (eta gorputzaren) gorazarre egiten duena. Mikroipuingintzarik onenera hurbiltzen diren ale bakan baina gatzdunak eskaintzen dizkiguna (“Maitasun sorpresa demografikoa”, “Heriotza edo elikadura haurrei edo lehoikumeei esplikatua”). Euskal Herriaz eta Euskal Herriaren nekeaz ari zaiguna, kariñotik eta naretasunetik, postnazionalismoak (halakorik existituz gero, behintzat) eskaini dezakeen talaia berezi horretatik.

Heriotzak zeharkatutako liburua da Baita hondakinak ere (“Oraindik baina jadanik”, “Tomateez aitarekin”, “Errautsak”), baina hala ere ez da liburu tristea edo iluna; iradoki bezala, adjektibo bat ondo egokitzen bazaio lanari, hori “nare” da. Gainera, umorerako eta jolaserako gogoa sumatzen zaio Astizi, eta serioski jolasten du hemen, liburua maila batzuk goratuz bide horretatik. Eskaintzen dizkigun zazpi “esperimentuak” lekuko, “Esperimentu geofagoa l(ab)orategian”-etik hasita hondarreko “Esperimentu geo-domestikoa ilunpean”-era iritsi arte: horietan lehen aipaturiko eguneroko bizitzaren poema “magiadunen” alderantzizko bidea hartzen du, gertakari edo prozesu itxuraz (bakarrik itxuraz) hutsal bat behartuz (begiak itxita gidatzea, etxe bateko eskaileretako argiaren iraupena neurtzea…), baina irakurlearengan oihartzun sakonak eragiteko ahalmena duena. Eta, bide batez, nitasuna (lirikari horren ondo egokitzen zaion hizpide hori) solipsismo bihurtzeko arriskutik urrunduz (kontu benetan zaila, poesia liburu askori ez ezik, lirika prosara eramaten saiatu diren azken aldiko ahalegin batzuei kasu egin ezkero behintzat).

Baita hondakinak ere poesia literatura dela pentsatzen jarraitzen duen idazle baten lanaren emaitza da: eta hau ez da tontakeria bat, poesia literatura ez dela uste duen goiargitu asko baitago hortik solte. “Behin esan zenidan literatura edo gorputza / besterik ez genuela merezi eta arrazoia zenuen”. Ez dakit guk merezi dugun Iñigo Astizek idatzi duen liburua, baina hala dela sinetsi nahi nuke.

(Bide batez: laster zuzenean ikusi ahal izango dugu, Euskal Herriko oholtzetan, liburu honetan oinarritutako errezitaldia, Hondakindegia izenburua eramango duena, Mikel Ayerbek eta Astizek berak prestatua. Ni, behintzat, irrikitan nago ikusteko).

Azken kritikak

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak