« Gudari zaharraren gerra galdua | Arestin bizi da poeta »
Sirena-hotsak / Xabier Etxaniz Rojo / Erein, 2013
Goenkale transzenditu Hasier Rekondo / Berria, 2013-11-24
“Idazlearen lehen betebeharra interesgarria izatea da. Interesgarri bilakatzea, ez mundua aldatzea”, esaten zuen John Barth estatubatuar idazle postmodernoak. Hala ere, esaldi potolo horren egileak ere ez zuen beti lehen betebehar hori erdiesten. The Sot-Weed Factor 800 orrialdetako adreilua lekuko. Horretan baitatza literatura ororen erronkarik nagusiena: irakurleari gauza interesgarriak eskaintzea asmo on guztien gainetik, mundua aldatzeko errealitatea bera baitaukagu, eta ez da gutxi.
Xabier Etxaniz Rojoren (Trintxerpe, Pasaia, 1971) narrazio liburu honetan, errealitate tematia abiapuntutzat hartuta, errealismoa berriro jarri baita modan, kontakizun interesgarriak eta egungo mundu anitzaren gaineko ikuspegi soziologikoa uztartu nahi izan dira. Eta esango nuke lar soziologikoa bilakatzen denean nabarmen makaltzen dela liburu honek daukan pisu literarioa, prosaren erraztasunean eta gardentasunean oinarritzen den literatur hegaldia galtzen duela. Sirena-hotsak (Erein, 2013) honek lau narrazio luze, batzuk beste batzuk baino interesgarriagoak, eskaintzen ditu. Kale borrokaren ajeak urteen ostean pairatzen dituzten hiru lagunen gaineko denbora-paraleloetan eraikitako Sirena-hotsak izenburuko azken narrazioa da interesgarriena ezbairik gabe. Beste batzuetan, ordea, egileak distantzia larregi hartzen du pertsonaiak sinesgarri egiteko eta estereotipo bilakatzen dira lehen bi narrazioetan batez ere: Matxupitxu eta Akelarreak. Eta sinesgarritasuna da melodramaren aurkako pilularik eraginkorrena, ez baitu mendekotasunik ez eragin sekundariorik eragiten narrazio errealistan. Sinesgarritasun horren moldea sendoagoa da azken bi narrazioetan: American way of life eta aipatu Sirena-hotsak.
Literatura jasoaren aldareetan tabutzat jotzen den melodrama aipatu dut, liburuak berak mahai-gainean jartzen duen erronka delako; melodrama kutsua transzenditzea hain zuzen ere. Esan dezadan, bidenabar, liburuaren azal hiperrealista horrek ez nauela batere konbentzitu, melodramaren alderik nabarmenenak uzten baititu agerian: buruan daroan txapelari erreparatuz gero gurpil-aulkidun euskal agure batek eta aulkia bultzatzen duen gazte hegoamerikarrak osatzen duten mosaikoa erabat melodramatikoa baita, errealitatea bera izan daitekeen gisara bestalde, esango dit norbaitek.
Birritan aipatzen da Goenkale telebista saioa liburuan: “Liburua, eskaintza, argazkia… elementu haiei guztiei iritzi nien irrealak, eleberri txatxu eta txar batetik aterata baleude bezala, Goenkale-ko gidoilari baten burutapen eroak balira bezala”, dio Akelarreak narrazioaren protagonistak. Bestetik, aipatu azken narrazioko Julenek ere Goenkale-n hartu zuen parte, borroka armatua aukeratu beharrean aktore lanetara zuzendu zuenean bere bizitza. Goenkaletik haratago leudekeen osagaiak erabiltzen ditu Etxaniz Rojok eta horri esker aldentzen da melodramatik: Nikaraguan iraultza eta kontra-iraultza bizitako etorkina, fantasiazko errealitateak eraikitzen dituen jubilatu-idazle ohi ezindua, aitaren iragan faltsua jasan ezin duen alaba, erregulazio espedienteen osteko grebak, manifak etab., klase sozialen arteko liskarrak, NBAren eta AEBen lilura, kale borrokaren osteko bizitzaren bidezidorrak… Baina osagai gordinagoak erabiltzeak bakarrik ez du beti interesgarritasuna bermatzen. Asmoak asmo hutsal bilakatu litezke pertsonaiak kartoizkoak eta sakontasunik gabekoak direnean. Etxaniz Rojok bere elementuan murgiltzen duenean gainditzen du froga, Ehko errelatoaren eta egungo krisi sistemikoaren ajeak sinesgarri eta interesgarri egiten dituenean.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez