kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Amaren heriotzak libreago egin ninduen / Mari Luz Esteban / Pamiela, 2013

Poeta berantiarraren uzta Hasier Rekondo / Berria, 2013-10-13

“Heriotza bizi dugun bizitza bat da. Bizitza etorri datorren heriotza da”, zioen Jorge Luis Borgesek. Bizitza eta heriotzaren arteko mugak lausotuak zaizkigu hilkorroi, batak bestean ehuntzen baitu forma eta esangura. Mari Luz Estebanek (Pedrosa de Valdeportes, Espainia, 1959) heriotza profitatu du bere bizitza ontzeko, bere lehen poema liburua ondu duen gisara, “Ama hil zen eta erdi-minetik ihesi guran denboraren ferekaz ahots propio hau umatuz joan zitzaidan”.

Poeta berantiarra izanagatik, itxaron-gelan, esperoan zegoen ahotsak bazuen zer esan franko, Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela, 2013) poemarioan islatzen duenez. Estebanen pentsamenduaren “poesia helduak” fruitu umotuak ematen dizkigu dastatzera; gaien aldetik aski jorratuak izan arren, begirada berri bat proposatzen baitigu: heriotzaren amildegia izan litekeen bizitzaren ahulezia, sexu eta desiraren arteko basamortu hezeak, emakume izatearen ezintasunak eta betetasunak, eta guraso sentitzearen sentimendu gazi-gozoak. Gaien hautak berak topikoetan erortzeko arriskuak eskaintzen zituen, eta nago zenbait poematan halaxe gertatu zaiola, poema diskurtsiboenetan batez ere. Lehen poema liburuaren bide-saria nonbait. Baina zaila da oso “topikokeria” horri ihes egitea oka egiteraino erabiliak diren gaiak aukeratu badira. Hala ere, titulutik bertatik saiatu da Esteban topikoa saihesten, ezohiko begirada erabiliz eta berrizendatzeari bataioaren indarra emanez. Amaren heriotza norberaren askatasuna izan daitekeela boutade-tzat hartuko genuke poetaren zintzotasuna ageri-agerikoa irudituko ez balitzaigu lehen lerrotik bertatik, gure literaturan hain hedatua den “kostunbrismo sentimental” horretatik kanpo kokatzen baita poeta.

Eta prozesu horretan guztian tabuak hausteko joera nagusi zaio poetari. “Barka iezadazue biraoa, baina neure semearekin besarkada intimoan nagoela desiraren atarian atalas hori inolaz ere iragango ez dudala jakinda berresten dut neure izaera sexuala”. Bizitzak ixten dizkigun sufrimendu eta gozamenerako orbainak berrizendatzea du xedetzat poetak, baina mugak aitortuz, “gorputzez hitz egiten dut, gorputzez idazten dut, neureaz gutxi jakinda”. Igarotako urteen esperientziak ez baitu jakituria eskaintzen, bakardadean egositako lasaitasun ez-materiala baino. “Bakardadean gura nuke hil bakardadea sortuz idaztean bezala”.

Ideien poesia da nagusi Estebanena eta poetaren ahuldade aitortuan dute oinarri eta sustrai ideiok, emakume izatearen transzendentziatik abiatuta. Barne ahulezia lau haizetara aitortuz lortzen baitu poetak “lantuaren etxean” irauteko hauspoa. “Sumindurarik sutsuena ere sortu zen behin maitasunetik, ez nekien noraino naizen haserre hori, noraino amorru hori”. Ez da kasualitatea sentimenduen eta gorputzaren antropologia izatea Estebanen aurreko saiakeretan hizpide. Sentimenduek ez dutenez kronologiarik, poetak ez du kronologia zehatz bat aukeratu lerroak liburuaren geografian kokatzean. Bizitza osoan zehar idatzitako poemek poemario isolatuan hartu dute leku.

Philip Larkin poeta ingelesaren aburuz, poetak, gazte zein helduagoa izan, bere buruari plazera emango dion zerbait ekoizten saiatu beharra dauka, eta ez bakarrik idazten duenean, pare bat aste geroago baino; Mari Luz Estebanek plazer hori berreskuratu du eta bi aste baino gehiago itxaron du, bizitza oso bat egon baita poetaren itxaron-gelan, isiltasunak desengainatu duen arte. “Nola deitu otoitz xederik ez duen isiltasun hori?”.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak