kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Atzo / Agota Kristof (Eskarne Mujika) / Alberdania-Elkar, 2003

Dena zen errazago Aritz Galarraga / Argia, 2013-10-06

Nik ez dakit nola iritsi zen Agota Kristof euskarara. Esan nahi dut, mundu mailako izen ezagun bat izan gabe —gaur egunean ere ez da, nahiz inon irakurri dudan inoiz Nobel sarirako hautagai izan dela—, Espainiako liburu merkatuaren bermerik izan gabe —eta oraino da autore bat Espainia aldean nahikoa gaizki tratatua—, nola baten batek hartu zuen 1997an Kristof euskaraz emateko deliberoa. Esango didazue Frantzian Le grand cahier argitaratu eta berehala izan zuela jesukristoren arrakasta. Ados. Esan nahi dudana da, euskaraz argitaratzeko apustua egin zen bezala, lasai asko utzi ahal izan zutela bere horretan. Ez zen lehen aldia izango. Baina baten batek izan zuen Koaderno handia ateratzeko ideia brillantea. Eta geroko istorioa ezagutzen dugu: auskalo zenbat edizio, auskalo zenbat ale saldu, auskalo zenbat irakurlerentzako erreferentzia. Pentsa, klubetara eramaten dute oraindik.

Kristofek argitaratu zuen laugarren eleberria den Atzo honen kasua, ordea, are zait bitxiagoa. Literatura unibertsaleko 103. emaitza baita. Eta bildumaren arduradunek behin baino gehiagotan agertu baitute argitaletxe komertzialekin ez lehiatzeko borondatea. Eta esango dut berriz: Kristof ez zen —ez da— idazle kanonikoa. Beharko luke, hartara, gisa horretako bilduma batean lekua? Are aurretik euskaraz dagoeneko haren eleberri arrakastatsu bat bazela kontuan hartuta?

Kontuak kontu, gauza da Atzo hau ere euskaraz daukagula —eta hirugarren bat, Berdin dio narrazio laburren bilduma—. Zer kontatzen zaigun bertan? Tobias Horvath-en istorioa, Tobias Horvath berak azaldua —“Izenik gabeko herri batean jaio nintzen, garrantzi gabeko herrialde batean”—. Gerratik ihesi, babes-herri bat hartzera behartua, fabrika bateko katean kondenatua —“beti zulo bera pieza berean; hamar mila aldiz egunean”—. Eta Kristofen biografia zertxobait ezagutzen duenak berehala igarriko dio bi bizitzen arteko paralelismoari. Kristofek aitortu zuen Atzo zela bere testurik autobiografikoena. Tobias emakume baten oroitzapenak, hura inoiz elkartuko zaionaren esperantzak bizi du, gainera. Hemen biltzen du eleberri laburraren muina: “Nire bizitzari dagokionez, hitz gutxitan laburbil daiteke: Line etorri zen, eta gero berriro joan zen”.

Zorrotza, gordina, krudela, umore beltz ukituekin. Lehorra, biluzia, garratza, hezurraren hezurra baino ez da. Atsekabe, desesperantza, min dosi doiak ditu. Eta erbestearen, bakardadearen, memoriaren gaineko ariketa kolpagarria da. Esaten du eleberriak: “Atzo dena zen ederrago”; baina esateko pixka bat aurrerago: “Oraina besterik ez dago”.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak