kritiken hemeroteka

8.644 kritika

« | »

Bitan esan beharra / Rikardo Arregi Diaz de Heredia / Alberdania, 2012

Gay poesia Ainara Maia / Gara, 2013-08-18

“Much of what is said here / must be said twice, / a reminder that no one / takes an immediate interest / in the pain of others” (Billy Collins). Poeta horren aipu batetik atera du sexua eta liburuak biak ala biak plazer dituen Rikardo poetak bere azkeneko poema-liburu urdin honen izenburua. Akaberako orrialdeetan argitzen digu Bitan esan beharra dagoela, hitzak ez daitezen izan gerra-eragile.

Liburua lau ataletan banatuta dago: bizitza=artea, amodiozko poemak edo, requiem eta akaberakoa. Poema-liburu guztiek funtsean iturri bera dute, bizitza, maitasuna eta heriotza alegia. Baina bere erara azaltzen ditu Rikardo poetak. Poesiak gaur egun duen abantailarik handiena da, beste literatur generoekin konparaturik, askatasuna, merkatutik kanpo baitago ia-ia, Rikardoren iritziz.

Aipu asko daude poemen artean, eleanitz, eta esaten ez duena bezain garrantzitsua da esaten duena liburuaren erdialdean: “Gay poesia”. Poetak ez daki zerk lotsarazten duen gehiago “poeta” hitzak edo “maritxu” hitzak, baina hemen guztiak posible diren bezala, ez-hemen guztiak ere, zehatzak eta zehatzezinak dira. Irungo ospitaleko Rayos-eko itxarongelako pasilloan zure gay poesia irakurtzen ari naiz, Rikardo, eta inguruko jendeari, medikuei, erizainei eta pazienteei berdin zaie zer irakurtzen ari naizen.

Bizitza artea dela diozu, Rikardo, eta esaten ez duzuna dela esaten duzuna, zeure erara, zeure hitzekin. Hasierako poema bizi horiek isilik egotera gonbidatzen naute, hona etortzeko asmorik ez du ene maiteak, beraz, banoa. Egin dituzu poemak, ez dakit zertaz, baina hortaz eta hartaz, gay zara erromantiko izateko ere. Hitzen artean inork ez duela errua esan didazu, baita gogorarazi ere beti zoritxarrek eta pozek ez dutela irauten; izan ere, berdin dio zoriontsu edo zorigabeko izan. Baratxuri usaina duen zure poemarik ez dut aurkitu, eta poema-liburuan ingelesez idatzitako “Gay life” olerkia irakurri dizut, Rikardo. Halabeharrez, agian gertatu gabe ere den-dena gertatzeko dagoela, den-dena gertatu izan dela esan didazu. Zertarako beraz kezka hori? Jadanik izan da dena eta ez da ezer izan. Erabaki okerrena ere zuzena da beti. Poeta honek bereak ez diren esaldiak tartekatzen ditu, bizitzan entzundakoak. Gerezi gorriak leiho ondoan besteen zain itxuraz, eta Schubert-en “Der Lindenbaum” neguko abestiak Europaren bihotzeko ezkiak ekarri dizkit gogora abuztu eguzkitsu honetara. Jabier Muguruzarentzako olerki bat ere irakurri dut, eta apalki, isilik, bakarrik sentitu naiz unibertsoan. Ederra da amesbera eta erromantikoa izatea, baina ironikoki horrelakoa ez izatea iradokitzen dit poetak umil, ez aipatzeko hainbeste lore, pinpilinpauxa eta urtaro neure poemetan, txori, bihotz eta tximeleta gehiegi omen daudelako euskal literaturan, Lizardi adibide. Gaur egungo poesia nola idatzi esaten dit eta aldi berean nahi dudana egiteko. Jolas pessoatarra, dudarik gabe, poetarena! Baina ez dakizu nola eskertzen dudan neuk ere gure mende honetan bizitzea, gogorik dudanean idazten dut, unean egokitzen zaidan forman, beharrak ahantzirik, minik gabe edo minarekin. Min urrun moduko bat sentitzen dut, poema gehiagorik mereziko ez lukeen mina. Eta isilik gelditu naiz, ez baitakit zer dudan aurrean. Ahanzturaren laino itxian galtzen ari da dena betiko. Pozik, minik ez, agurtzen zaitut, ene maite galdua. Gurea, lagun maitea, aipatu nuen erromantiko, harreman polita, pour ne pas oublier notre rencontre. Denbora zauritu iheskorrari lapurtu diogun tarte bakoitza preziatua izan zaigu betiko. Orain, maitasunaren atsegin beroa ezagutu duenak nola beteko ditu gorputzek utzitako hutsuneak lagunen hitz epel eta hitsekin?

Segi, segi agertzen edonon, edonola, segi, segi agertzen, tximeleta txiki zuri arruntok, idazten segitzeko gonbita egiten diozu poeta erromantiko honi, Rikardo. Poema-liburu honen irakurleak beste liburu bat idazteko gogoa sentituko du horrela, eta miraria bere eskuetan gauzatuko da. “If you must write prose / poems, the words you use should be your own” (Morrissey-The Smiths). Besarkada bat Irungo uda eguzkitsu honetatik, Rikardo!

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak