kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Euskal Herriaren emantzipazioaz / Jokin Apalategi / Utriusque Vasconiae, 2013

Trantsiziotik emantzipaziora Mikel Asurmendi / Berria, 2013-07-14

Nora goazen jakiteko, ezinbestekoa dugu nondik gatozen ezagutzea. Horra Jokin Apalategiren Euskal Herriaren emantzipazioaz saioaren lehen iradokizuna. Historiaurrean hasi eta —Lehen gizarte euskaldunen antolamendu politikoak hizpide— gure herriaren gaineko lan askotarikoa landu du. Azken berbak: behin-behineko ziurtasun mugikorrez emanak atalarekin, Neanderthalaregana joanez, bururatu du bidea saiogileak. Giza historia, antropologia, zientzia edota filosofiari buruzko aburuz elikatu du saioa. Historiako erudituen pentsamendua landu du politikaz —hiriaren antolamenduaz— idazteko.

Hiriak baino lehenago, auzo-herriak eta herriak izan dira gure historian. Erresumak eta estatuak ondorenean. Euskal Herria usadio zaharrek eta mitoek elikatutako herria garela berretsi digu Apalategik. Erromatarrak heldu zirenean, haien zuzenbidea erabili zen herrietan ez zen euskal usadiozko legearekiko eroapenik. Haatik, legeak ukan bagenituen euskaldunok, geureak.

Premisa zenbait saiogilearen bidean: baga, iraun zuen arren, euskal usadiozko legearen hasierako berdintasun-espiritua galduz joan zen. Biga, usadiozko legearen izaera eta espiritua geure sustraietan daude. Higa, familia da euskal antolamendu politikoaren oinarrizko unitatea. Laga, euskarak egiten gaitu nor (…). Hots, nor izateko emantzipazioa beharrezkoa dugu, Euskal Herriaren emantzipazioa.

Antzinateko mundu greziar-erromatarren gizartearen eta euren antolamenduen berri ikasi dugu saiogilearen eskutik, laburrean eta emankor. Basotik abiaturik, harpeetatik zehazkiago, herrixka, hiria, ziutatean bizi —izan— gara euskaldunok, baita halabeharrez horietan finkatu ere. Egonkortu egundaino ez, horregatik.

Naharo hornitutako sakelako saioa dugu berea.

Naziogintzaren arora etorrita, hainbat ikasgai eman dizkigu: ziutatean nor izango bagara, euskara kultur hizkuntza bilakarazi beharra daukagu euskal hiztunok. Konparazionera, Baiona-Donostia (Euskal Eurohiriaren proiektua) hiria hizpide du Ataungo seme angeluarrak. Hiria terminoa ez da gurea. Euskal jendartean badugula zer landua diosku, eta lantzeko historiatik jasotakoa eskaini digu. “Pertsonon eta ziutatearen eskubideak” adieraziak eta taxutuak izan direino, “Herria” oinarrizko terminoa —hitz zedarria eta nagusia— ez da horietan uztartu, ezta aintzat hartua ere. Europan taxutu dira horiek, baina euskaldunok egundaino nazio eta estatu osatu gabekoak, horietatik landa geratu gara. Eskubideen Adierazpen Unibertsala hizpide, 1948az geroztikoa, hona galdera: jende eta herri zehatz-partikularren zapalkuntzak eta diskriminazio-egoerak gainditzeko edo hobetzeko balio izan al du adierazpenak?

Gutxiengoen esparrua da gurea, Euskal Herria nor izatea nahi dugunona. Iraupen-asmoko gutxiengo sozialak hizpide, immigrazioaren gaia landu du Apalategik. Gaia makulutzat hartu du, gutxiengo nazionalok bizirik irauteko dauzkagun aukerak aztertzeko eta berauetan sakontzeko. Badago azpimarratzeko termino bat: trantsizioa. Euskal Herriak hainbat prozesu trantsizional bizi izan ditu historian. Egoera transtzionala da herri honen ezaugarrietako bat. Immigranteei bezala, Euskal Herriari prozesu psikosozialak gainditzeko aukerak eman behar zaizkio —edo irabazi behar ote ditugu?—, baita ezagupen juridikoak aitortu ere.

Azkenik, “trantsizioak ez dira egoerak, prozesu dinamikoak baizik” ikasi dut neronek. Quebeceko esperientzia bidelagun, badugu zer ondorioztatua, baita zer eztabaidatua ere. Horra horretarako itaun bat: nazio gisa eraikitzen ez deino, aginte politikoaz gabetua segi behar al du Euskal Herriak? Besterik behar ote?

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak