kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Txartel bat (des)herrira / Garazi Goia / Elkar, 2013

Bi deserri Ibon Egaña / Deia, 2013-07-13

Badirudi deserriak, gai literario eta artistiko gisa, baduela erakargarritasunik euskal idazle eta sortzaileentzat, hainbesteraino non gaiaren inflazio moduko bat ere ez ote dagoen pentsatzen baitu batek. Eta beste horrenbeste memoriari buruz. Maiztu xamarrak ez ote dauden gai eta galdera batzuk (ahaztu nahi eta ezina, oroitu beharra, ez hemengo ez hango izatea…), eta horrek berak indarra ez ote dien kentzen zenbait lan literariori, ia klixe bihurtu diren heinean. Hala gertatu zait niri behintzat Txartel bat (des)herrira irakurtzean.

Deserria gaitzat duten bi istorioren gurutzaketa da eleberria: Peru, 1936ko gerrako umea, Ingalaterrara barkuan erbesteratu, bertan geratu eta bizitza Londresen egin duen gizon aguretua, batetik; eta Ibai, bestetik, tragedia pertsonal baten ondorioz aldatu nahi eta ezin duen iragan hurbiletik ihesi Londresa doan gaztea. Bi kontakizunen arteko lotura, beraz, tematikoa da (erbestea), eta baita narratiboa ere, Londresen elkar topatzen baitute bi gizonek. Haatik, ahula eta sinesgaitz xamarra gertatzen da bi pertsonaien elkartzea eta badirudi hori konpentsatzeko-edo egilearen ahotsak esplizitatu egiten duela lotura tematikoa (izenburuan, hitzaurremodukoan eta abar),modu nabarmenegian irakurle honen iritzian.

Era berean, idazleak deserria bizitzeko modu desberdinez hausnartzeko asmoa aitortuagatik, bestelako galderak ere etorri zaizkio irakurle honi: zenbateraino dira parekagarriak gerra testuinguru bateko erbestealdia eta istripu baten ondoriozko ihes pertsonala? Bi istorioak ondoz ondo deserri mota desberdin bezala aurkezteak ez ote du erbesteratzea hein batean husten eta bere ahalmen literarioa gutxitzen?

Bi hitz lehen eleberrian erakutsitako joerari jarraiki eta idazle gisa bide propio baten erakusgarri, Goiak bigarren honetan ere esperimentazio formala bilatu du narrazioa egituratzerakoan, ahots ugari eta testu-mota asko elkarrekin nahasiz: eguneroko-atalak, gutunak, egunkarietako albiste-zatiak, galdera-zerrendak, poemak… Baliabide narratibo ugari horiek trebeziaz erabiltzen ditu idazleak, pultsu narratiboari eusten dion nobela taxutuz. Batez ere Ibairen ihesaren inguruko istorioa harilkatzerakoan ematen dute etekin gehien baliabideok: koman, mutu dagoen Ibairen neska-lagun Maialenen inguruko ahots ugari tartekatzeko aukera ematen dio idazleari eta baita jakin-mina pizteko bitartekoa ere, irakurleak joan behar baitu apurka ahots horiek batu eta istorioa osatzen. Alabaina, istorioari berari melodramaren traza hartu diogu tarteka, gazte literaturan irakurritako kontakizun hainbaten usaina.

Bigarren haria Londrestartutako Peru gerrako umearen iraganaren eta orainaren artean dabil jauzika, eta interesgarria da pertsonaiaren ahotsak orainaren eta iraganaren arteko nahastetik sortzen duen memoriaren denbora berezia. Ezagunagoak zaizkigun Habana ontziko bidaia eta gorabeheren ostean, Peruren ondorengo bizimodua eta Londresen geratzera eraman zuten gertaerak kontatzen ditu Goiak, eta horixe egin zaio irakurle honi nobelaren alderdirik interesgarrienetakoa, eta narrazioaren alderdi horretan gehiago ez sakondu izana bota dut faltan, agian hortxe ikusi dudalako deserria eta erbestea bere konplexutasunean arakatzeko bidea.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak