« Bi deserri | Bizkartzainaren lehentasunak »
Egia esan / Peru Magdalena / Elkar, 2013
Ihes betea Iratxe Esnaola / Berria, 2013-07-14
Lile ipuin bilduma ezagutu nion 2006an. Antzeman nizkion artearen kontzepzioari buruzko kezka, genero uztarketarako joera eta beste bizi eredu baterako baikortasuna. Bizitza taupadaka sentitu nuen idazlearengan, ez hainbeste testuetan. Hutsik poema sortan argiaren ideiak lotu ninduen estuen, azken eleberri honetan gailentzen den argiaren kontzepzioak, hain zuzen. “Argia esan” proposatzen digu “egia esan” beharrean, egia absolutuak bazter utziz, mundu ikuskera bereaz. Hiru ataletan banatu duen eleberrian hobeto asmatu du sortzaile durangarrak bizi-argi hori orrietara ekartzen, nik uste. Arri eta Mari bikotea eta Kimu semea protagonistak aurkezten ditu lehen atalean. Aitaren leitmotivak jartzen du martxan trama. Fuga. Ihes egin nahi, gizarte gurean ez sosegu ez mami ezin aurkiturik. Bigarren atalean, salto kronologikoa eman, eta semeak hartzen du hitza, ezohiko aita bat izateak (ezohikotasuna zenbait arautara ez plegatzetik datorkio, eta bere bide propioari eustetik) zer min eta gabezia ekarri dizkion. Hirugarren partean, aita desagertu egin da, dena lagata. Horren arrazoia ulertu nahian, bidaia bati ekingo dio semeak aitaren bidaia-koaderno bat lagun, hain zuzen, hogei urte atzerago Argentina iparraldeko bailara kaltxakiarretan aitak egin zuen bidaia erreproduzitzera.
Narrazioa bi bidetatik doa. Koadernoak adierazitako aitaren ibilbidea, batetik, haren inpresioak eta filosofia jasoz: oraina bizi, positibotasuna aurkitu nonahi, pasioz ernai. Hala ibili zen Andeen magaletan bizia bizitzen. Gure gizartetik egindako ihesaz gogoeta sortzen zait. Zergatik hemendik at? Kanpoan aurkitzen da bakea eta errealizazioa? Zer irudikatzen du norbere etxean aurki ezin den askatasunak? Zer subjektuk du eskueran askatasun hori bilatzea? Hegoamerikako idealizazioa (Andepeko herritarrena hemen) manikeo samarra da hango biztanleen ontasunaren aldera, errealitate latzak gordeko ez balira legez hango etxe barru eta kanpoetan. Bien bitartean, eta bestetik, Kimu semearen bidaia aitaren lorratzen atzetik bai, baina ikas bidaia gertatzen da, barrurakoa, zalantza eta kezken artean. Bitan banaturik sentitu naiz sarri. Nola aitak hala semeak hedatu nahi duten jarrera-filosofia eskertzen dut. Intentzioa dute bizipozerako. Mendebaldeko kulturaren balio eta moduei kritika egiten diete. Alta, hutsuneak ereduan. Inkontzienteki (?) egituratzen gaituzten ideologiek arrastoa dute haiengan ere, eta ustezko askatasun eta barne bide hori kordokatzen du nire begietara. Non dago, esaterako, bilatzen duten askatasun ereduan atzean utzitakoen zaintzen ardura? Nola askatasuna erdietsi aldamenekoa bere zortera lagata?
Hego Amerikako errepresentazioa Mendebaldeko zuriak hara luzatzen duen begiradaren lagin bat da, eta bestea eraikitzen du. Kimuren begiradan bere kulturaz egin gaitzespenak daude, baiki. Baina Kimuk Mendebaldeko besteengana jaurtitzen duen behakoa arriskutsua da. Bidean topatutako ibiltariekin, esaterako. Haiek ez dute benetan bide egiten eta ez dute benetan bidaiatzen. Zer du narratzaile horrek haien ezberdin? Ez dakigu. Haien larruan sartu gabe epaitzen ditu (gaitu?). Kontradikziook humanoago egiten dute narrazioa. Edonoren bilaketak lituzke koska ez txikiak jendaurrera ekarriz gero. Eskuzabal jarri du agerian bere prozesua egileak. Sentitzen da barruak hustu dituela, eta eskertzen zaio hori. Horrez gain, munduan euskaldun errekonozi gaitzaten dugun premiaz zer pentsa eragin dit. Laguntasunaren baloreetan pausarazi nau ere. Literatura bizitza paperean jartzea dela oroitu dit, gainera, orriak poeten eta bertsoen erreferentziaz betetzeaz batera. Oraingoan, irakurlearengana heldu da argia, subjektiboa, harena.
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta