kritiken hemeroteka

8.689 kritika

« | »

Inurrien hiztegia / Mariasun Landa / Pamiela, 2013

Eskuak inurriturik Igor Estankona / Deia, 2013-06-29

Inurritzen zaizkizu azkenean besoak, hankak, burua. Mariasun Landak poema hitz lauzko edo ipuin hiper labur bidez diosku inurrien inbasioak jan duela dena, liburuan hartu dutela lekua, eta gizakiok ere arean inurri garela, bakan, eta taldekoi. Idazleak berak ere ez daki non sartu ideia laino hau, tantarik tanta erortzen dena.

Hala azaldu zion publikoari Asturiasen, hitzaldi gogoangarri batean, 2012ko irailean: “Inurri horiei arduratzen diena da jakitea zelan katalogatuko dituzten, ze apaletan egongo diren, ze etiketa jarriko diedan edo, are kezkagarriagoa zaiena, ze etiketa jarriko dien editorialen batek argitalpen literarioaren estatusera iristen direnean: literatura orokorra? Haur literatura? Humorezkoa? Fantasiazkoa? Absurduarena? Inurriok badakite euren gainean idatzi dudala etiketa eta klasifikazioetan pentsatu barik, orain, biderkatu direlarik eta alfabetoaren hurrenkeran jarri ditudalarik hiztegi moduan, eurek sufrituko dute muga argirik gabeko testu ez izatearen ondorioak zer diren. Kokapena, seguruenik, ez dagokit niri, ezta merkaturatzeko moduari ere”. Literaturan inurriak askotarikoak izan dira. Eduardo Galeanoren inurriez gogoratu naiz Mariasun Landaren inurriak jarri izan direnean misteriotsu eta beldurgarri. Galeanok aurkeztu zigun Tracey Hill, Connecticuteko neska, bere ume denbora-pasak zituena, noski, adin horretako Jainkoaren beste ezein aingeru gurik bezala, bai Connecticuteko estatuan bai planeta honetako beste edozein lekutan: “Egun batez, klasekideekin batera, Tracey hasi zen inurritegi batera pospolo iziotuak botatzen. Guztiek pasatu zuten ongi haur jolas sanoarekin; baina Tracey hunkitu egin zuen zerbaitek, besteek ikusi ez zutena edo ikusi nahi izan ez zutena. Paralizaturik geratu zen. Marka utzi zion betirako: suaren aurrean, arriskuaren aurrean, inurriak bikoteka banatzen ziren, eta binan-binan, elkarren ondo-ondoan, ia-ia pegaturik, heriotzaren zain geratzen ziren”.

Eta Galeanoren inurri estoikoen kontrara, Mark Twainen inurri hipokritak daude: “Soilik egiten dute lan norbait begira dutenean, eta begira daukatenak natur zale itxura badu eta oharrak hartzeko prest badago. Inurriak ez daki enbor bat inguratzen orientazioa eta inurritegirako bidea galdu gabe, eta hori tentelkeria seinale da. Egiten duen lan erakuskeriazkoa harrokeria baino ez da. Ez du inoiz ezer behar den bezala bukatzen”.

Julen Gabiriak eta Unai Elorriagak ere batera idatzi zuten (Linterna Gorria aldizkarian, Bihotz Bakartien Kluba, 2003) inurri istorio bat oso humanoa: “Gero gauza gehiago jakin nituen inurriari buruz. Familia aberatseko inurria zen. Etxe onekoa. Argi esateko: inurritegia zapaltzen zuen etxean bizi zirenek auto bana zeukaten. Bizikide guztiek zeukaten autoa inurritegiaren gainean zegoen etxean: bost Renault eta lau Alfa Romeo. Eta markarik ez zeukan bat. Inurriek ibilaldiak egiten zituzten nahi zutenean: inurrikumeak hartu, edozein autotan sartu (4. Hkoan, 5. B-koan…) eta inurri matrimonioa Mala Stranatik ibili ohi zen batetik bestera”.

Mariasun Landaren inurriek ere horien antza dute, edo agian gurea. Gutaz ari den liburua da Inurrien hiztegia. Inurri batek, esate baterako, santu izan nahi zuen. Eta ez zekien nola. Eta jakin gabe hil zen. Irakurketa gozoa eta gogoetazkoa, liburu gomendagarria literaturako izaki klasiko biri buruzkoa: inurriak eta giza aberea.

Azken kritikak

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak