kritiken hemeroteka

8.640 kritika

« | »

Nire amaren autobiografia / Jamaica Kincaid (Alberto Martínez de la Cuadra) / Alberdania-Erein-Igela, 2012

Kolonizazioaren biktimak Iker Zaldua / Gara, 2013-03-24

Onartu behar dut nire eskuetan Nire amaren autobiografia heldu nuen lehen aldian beste zerbait espero nuela. Ez kalitate gehiagoz beteriko zerbait, ez eskasagoa izango zen zerbait, izenburuari lotu nintzaion eta biografia bat, kasu honetan “autobiografia” bat espero nuen. Baina, ez da hori liburuak erakutsi didana, edo ez hori bakarrik esango nuke. Fikziozko istorio bat da, lehen pertsonan kontaturiko fikziozko istorio bat, Jamaica Kincaid idazleak haur zela bizitako giro batean. Horrenbestez, fikzioa eta errealitatea uztartzen dira; berak ere liburu honi buruz aitortu izan duenez, “autobiografikoa da ideietan, baina ez egoeretan”.

Xuela da lehen pertsonan kontakizuna garatzen ari dena. Xuelak hitz egiten du, hitz egiten du eta irakurleak hura entzun baino ez du egiten, izan ere, 192 orriko bakarrizketa bat garatzen da orriz orri. Ez dago elkarrizketarako lekurik, atseden hartzeko izenbururik gabeko kapituluak baino ez. Horrenbestez, patxadaz irakurtzeko liburua da, gainera irudi asko erabiltzen baititu, eta oso tonu poetikoa du kontakizunak. Deskribapen ugariz beterik dago, sarritan luzeegiak iruditu zaizkit. Gainera, deskribapen horietako zenbait errepikatu egiten ditu, batez ere, ama tarten denean. Justifikazioa izan dezake horrek, ama baita liburuaren gai eta ardatza, amaren galera edo ezagutza eza zehazki esatera. Haatik, gehiegitxotan azpimarratzen duela iruditzen zait, hutsune horrek sorrarazten dion sentimendua modu berean deskribatzen du liburuaren zati ezberdinetan. Berez, motela den erritmoa are gehiago moteltzen duela irizten diot nik, minaren sentimena nabarmentzeko ahaleginean, errepikakor izateko arriskuan erortzen dela.

Kontakizunari helduz, gertaera batek jartzen dio abiapuntua liburuari eta gertaera horren mamuak, itzalak, orpoak ilundua da gainerako guztia. Xuelaren ama bera erditzean hil zen, Xuelak ez zuen ezagutu eta min hori askatzeko bizi da, heriotza hori justifikatzeko bizi da. Garrantzitsua da, halaber, adieraztea Dominikar Uhartean kokatzen dela istorioa. Bertokoa zen idazlearen ama. Karibeko uharte bat da, kolonizazioaren kolpe zorrotza jasandakoa. Hala, Kincaidek kolonizazio horri buruz pentsatzen duena plazaratu du Xuelaren ahoan. Kolonizatzaileen doilorkeria eta kolonizatuen koldarkeria kritikatzen du, batzuen nagusitasuna eta besteen otzantasuna. Era berean, garai eta une horretan emakume ala gizon sortzeak dakarren patua azaltzen du gordin, zuzen.

Bestelakoan, aita da liburuaren beste ardatza. Aitaren arbasoak erdi afrikar erdi eskoziar dira, lehia horretan bizi da aita. Bere buruarekin lehian, menderatzaileen alderdira jotzeko ahaleginean. Horretan itsu, Xuela alboratu egiten du hastapenetik, arropak garbitzen dizkion emakumearen kargura uzten du lehenik, familia aberats baten “babesean” ondoren eta azal zuridun aberaskume baten emazte gisa azkenik. Bizitzan porrot egin duela iruditzen zaio Xuelari, galtzaileen aldean jaiotzea egokitu zaiolako. Amak izandako ibilbidea errepikatzen du, amaren ondorengo da, ez aitaren ondorengo. Ez du halakorik nahi bere ondorengoentzat eta, horregatik, haurrik ez izatea ebatzi du. Liburuaren amaieran ere halaxe adierazten du, “Nire bizitzaren kontakizun hau nire amaren bizitzaren kontakizuna izan da nirearen kontakizuna izan den neurrian, eta ez hori bakarrik. Izan ez ditudan haurren bizitzaren kontakizuna ere bada”.

Horrenbestez, patxadaz hartzeko liburua da. Kontatzen denetik haratago begiratu behar da; istorio bat ez, historia da egiaz Jamaica Kincaidek kritikatu nahi duena.

Azken kritikak

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak