kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Bitan esan beharra / Rikardo Arregi Diaz de Heredia / Alberdania, 2012

Barruan direnak Iñigo Roque / Berria, 2013-02-17

Musikan nola, literaturan ere tenpus jakin bat dute lan guztiek, egileak berak erantsia baina baita irakurleak berak hautatua. Askotan gertatzen zaigu harako abesti hartakoa: “Geldiro, hil egingo nauzu eta”. Halaxe akabatzen baititugu lanok (hain kitsch), irakurgaien itxaron-zerrendak hartaraturik edo gure bizimoduaren berezko bizkortasuna ezin eztiturik. Denak behar du bere denbora, bere erritmoa.

Berriki, Markos Zapiaini irakurri diot ehun urte behar lituzkeela erositako liburu guztiak irakurtzeko, eta Angel Erro ere halatsu mintzatu zaigu arestian, etsiturik. Jakina, irakurgailu digitaletan metatuak ditugun testuak irensteko, mila urte inguru behar genituzke (zer esanik ez, mp3etako kanta guztiak belarriratzeko). Bada, hala ere, ezintasun hori goititzen saiatu denik ere. Ezagun da gure mundu txikian euskal idazle editore bihurtu berri batek entzun egiten dituela liburuak autoan, irakurgailu digital batekin ahots bihurturik. Denak behar du bere denbora, ordea, bere erritmoa.

Eta beharrizan hori are nabariagoa da pieza laburreko lanak irakurtzean. Poemak, ipuinak, aforismoak… ezin baitira eleberriak bezala irakurri, orri-pasan; aitzitik, irakurri eta pausatu beharra dago, idazteko moldearen pleguan. Erraz da esaten, baina zail egiten.

Urtarrilean, Rikardo Arregi Diaz de Herediaren azken poema-bilduma irakurri nuen, zerbait handia esperoan duenaren aldarteaz. Han-hemengo iruzkinek, Angel Erroren gomendioak, itxaronaldi berantetsiek ezin zidaten huts egin, eta, orduan, nahi ez zela, oldarrean hasi zitzaidan barruko larridura. Eta, jakina, Ithakara goizegi iritsi nintzen, eta Penelopek zer afaldu nahi nuen galdegin zidan, lasterregi iristeagatik demandaka, Laertesen hil-mihisea amaitzerik izan ez zuela eta.

Jokamoldearen okerraz jabeturik, om eginda, liburuari berriz heltzeko asmoa hartu nuen, Rikardori arrazoia emanez, Baietz, bitan esan beharra izan duela. Eta konturatu naiz, konturatu, gogoa apur batean denboraren estugarri horietatik libratuz gero liburua antzaldaturik agertu zaidala. Ez da literaturaren “magia”, inondik ere. Nori ez zaio gertatu paisaia baten mila xehetasunak oharkabean pasatzea presaka dabilelarik (lan-bilera baterako bidean, esaterako) eta halako batean, pausajea mantsoturik, mila xehetasun horiek bat-batean agerira ateratzea?

Ariketa-jolasari buru emateko, liburuak neure gogoan piztutako izenburuak asmatzen jolastu naiz (horrainokoa baita nire sormenaren neurria). Ohartu orduko, Hirudi-rako hitzordua iritsia zen, ordea, eta erdi-lanak ere egin gabe pentsu horiek jasotzeari ekin diot. Hona, beraz, zer argumentu, artelan, sorkari, gaixotasun bildu dituen niretzat Rikardo Arregiren azkenaren lehen herenak. Hasi aurretik, ez dezagun ahaztu irakurleak ere bere eraginak dituela, aurretik irakurritakoenak nahiz ondotik gogoan erabiliak (eragin-en adiera zehatz ukronikoa baita, hasi aurrekoa eta amaitu ondokoa).

Stefan Zweig-en Atzoko mundua. Mr Borges, I presume: ispilu-jokoz beteriko film labur rioplatensea. Ibai eta ni: nouvelle honetan, izadiaren aldarteak erakusten digu harreman baten akabera. Kekaumenos: Cavafisek idatzi gabeko biografia. How To Be Gay Being Gay by Richard I Queer of the Basques. Zeru horiek: margolan zerutiarren bariazioak olio maiorrean. Space Invaders: bideo-joko vintage hori. Terminal internazionala: itzultzaile baten aireportuko enkontruak (ikasketa amaierako lana). Aniztasuna ikasgelan: ikastetxeetan kulturartekotasuna lantzeko ikus-entzunezko materiala. Poeta bertsolariaren lekuan jendaurreko ekitaldietan: diru-laguntzarik gabe geratutako ikerketa-proiektua. Usher etxearen sindromea: ager-itzalka ari diren etxeek sorturiko nahaste arina. Ataraxia helburu: autolaguntzazko gida klasikoa.

“Esaten ez dudana da esaten dudana” dio Rikardo Arregik.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak