kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Paper-festa / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2012

Zatiek bat Alex Gurrutxaga / Berria, 2013-02-03

Hainbeste nobela idatzita eta haien sona saiakerena baino handiagoa izanik, akaso diskrezio gehiagorekin pasatzen da Anjel Lertxundi saiogilea. Aldarrika dezagun.

Hainbat obra interesgarri idatzi ditu eta Espainiako Saiakera Sari Nazionala (2010) irabazia da. Modu askotan landu du saiakera Lertxundik: gogoratu, esaterako, hain desberdinak eta hain onak, Piztiaren izena (1995), Mentura dugun artean (2001) edota Eskarmentuaren paperak (EP) (2009). Oraingoan, azken horren ildotik jarraitu du, liburuaren azpitituluak dioen bezala, minimalian. Paper-festa antolatzen ez du lan gutxi, aidanez. EP-ekin dituen antzekotasunak direla-eta, ?”haurrideak dira, baina ez bikiak?” esan du Lertxundik berak; hain zuzen, testu klase berbera bildu du bietan, eta gai eta egitura aldetik ere badago parekotasunik.

Julio Ramon Ribeyrok Prosas apátridas (1975) liburuan sartu zituen aberririk ez zuten testuak. Lertxundi honela mintzo zen EP-en liburu horri buruz (Paper-festa-n ere aipatzen du liburua): “Ez dira prosazko poemak. Ezta egunkari bateko hausnarketak ere. Ezta zirriborroak ere. Oso testu laburrak dira; testu bakoitzak bere batasuna du…” (EP, 138). Antzeko zerbait esan daiteke Lertxundiren lanaz, baina perutarraren lanean ez bezala, adabakiak josteko borondatea agerikoa da hemen. “Bateratasun zatikatua” duela zioen Mikel Ayerbek EP-egatik; Paper festa-gatik ere esan daiteke eta, gainera, kasu honetan sendoagoak dira liburuari aurrera eginarazten dioten hariak (lau gai eta lau atal nagusi, EP-eko zortzien aldean), eta, tarteka, segidako adabakiek ere erlazioa dute.

Atal berritzaileena lehena da akaso (Lubakiak, barne-muinetan), gerraren inguruko hainbat pasadizo eta gogoeta biltzen dituena. Esango nuke egiatzat ematen direnak zalantzan jartzeko asmoa dagoela, etikaren esparruan mugituz hainbatetan, barne-muinetan gertatzen diren gatazkei begira batez ere: hor daude identitatea (Identitatea), aberria (Aberria buruan) edota memoria (Memoria eta kaleak). Bigarren atalak (Bizitza hizpide) bizitza arruntaren kontuak lantzen ditu, eta hirugarrenak, aurrekoaren ifrentzua balitz bezala, bizitzaren eskarmentuari literatura jartzen dio aurrean. Kontrasteak ongi funtzionatzen duela esango nuke. Azken atalean, Heriotza, oinazearen aita da gai nagusia (EP-n bezalaxe), baina baita ironiaz lantzen diren denbora, gaitza eta erlijioa ere. Gai horrek itxi egiten du nolabait liburuaren ibilbidea: gerra, bizitza eta literatura, heriotza.

Aipagarria da testuen forma aniztasuna: azalpen motzak nahiz luzeak, elkarrizketak, aipuak, mikroipuinak, zerrendak, apunteak, eta abar. Bestalde, narratzaile desberdin asko dago: haurrak, gezurtiak, eroak, eta abar. Formalki ez ezik, estilo aldetik ere denetarik aurki daiteke: narrazio tragikoak, umoretsuak, ironikoak, baita kutsu kafkarra duenik (adb. Zoruan zeru) edo Raymond Queneauren estilo ariketen gisara (aditzik gabe edo a-rik gabe) osaturik ere. Halere, nekez aurkituko du irakurleak jolas edo artefaktu hutsa den atalik.

Lertxundiren saiakera liburuetan, idazle behatzailea ez ezik, irakurlea eta pentsalaria ere nabarmentzen dira: testuan zehar literaturari eta errealitateari buruzko gogoeta ezin hobeki lotzen dira. Badaude zati ahulak, eta liburuaren arriskua horretan dago, hain zuzen: puskaren batek hotz utziko du irakurlea, anekdota sinpleegi bat irakurri balu bezala. Alabaina, oro har, gaiak lantzen eta mezuak transmititzen liburuak funtzionatu egiten du: gogoetak modu labur, eragingarri eta dotorean transmititzea luma trebe eta zailduaren emaitza da.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak