« Benetakoak | Militantearen nekea »
Etxekalte / Harkaitz Zubiri / Susa, 2012
Ageriko sekretua Iker Zaldua / Gara, 2012-12-02
Badira gurean ezkutuan garatu eta oharkabean isiltzen diren kontuak. Badira berariaz ezkutatu nahi direnak eta isilarazi egiten direnak. Badira eta egongo dira. Albistegiak irekitzen dituzte egun batez eta, ondoren, lausotu egiten dira denborak itota. Harkaitz Zubirik kontu horietako bat ekarri digu Etxekalte narrazioan, amiantoa zehazki esatera, edo amiantoaren eraginak, hilgarriak zenbaitetan.
Anaitasun S.A. enpresa gainbeheran doa eta, gainera, langile zenbait ageriko sekretu bat azaleratzeko ahaleginean dabiltza, amiantoa eta produktu mineral horrekin lotutako balizko heriotzak. Sekretuari geruzak kendu ahala bestelako kontu ilunak ere agertzen dira enpresan, diru mugimendu susmagarriak eta opari eskuzabalegiak kasu. Biluzten ari da enpresan eta biluztu egiten dira liburuko protagonista ezberdinak, Josu, Herrera eta Etxebe, Nora edota Aingeru.
Josu aita zena amiantoak eraman zuelakoan dago. Susmoa, uste eta ustea uste osoa bilakatzen da eta berehala berrespena bilatzeko ikerketa abiatzea erabakitzen du. Nora neskalagun ohiari laguntzeko eskatzen dio eta, hasiera batean, ideia kitzikagarria iruditzen ez bazaio ere, azkenean amore eman eta prest azaltzen da. Herrera eta Etxebe elkarrekin bizi dira eta bigarrenak aipatu enpresan egiten du lan. Berehala harrapatuko du ikerketaren zurrunbiloak, kale gorrian geratzen den arte. Aingeru enpresaburuaren semea da, Chicagon bizi da, baina aitak handik ekarri eta enpresan sartu nahi du.
Bost pertsonaia dira, bakoitzak bere ibilbidea, bere istorioa eta historia duena. Amiantoaren bidegurutzean elkartzen dira eta, aitzakia horretan, bakoitzaren miseriak azaleratzen dira. Harreman-sare horretan nahasten dira eta hor eraikitzen da narrazioaren egiazko trama, norberaren garaipen eta porrotek osatua.
Narratzailea orojakilea da, hara eta hona mugitzen ditu pertsonaiak nahieran, irakurlearen arreta batera eta bestera eramanez. Irakurlearen lana izango da hariak lotzea. Liburuak bi zati ditu, nahiz eta ez dagoen bataren eta bestearen artean haustura handirik, bigarrena lehenengoaren jarraipena dela esango nuke. Egiaz, lehenengoan protagonistak aurkeztu eta irakurleari kokatzeko aukera ematen dio. Bigarrengoan hariak katramilatzen hasten da eta irakurlea lanean jartzen du. Zati bakoitzean atal ezberdinak daude. Atal horietako bakoitzean protagonista batengana garamatza, lupa bat eskuetan izango balu bezala Josu, Nora, Herrera eta Etxebe edo Aingeru erakusten dizkigu. Ezkutuan eta oharkabean hariak lotzen eta trama askatzen ari da. Egitura horrek bizitasuna ematen dio erritmo berez motelari, zenbaitetan nahasmena ere bai.
Trama profesionala eta trama pertsonala. Protagonista guztiak bakarrik daude, hain zuzen, bakardadea da ezkutuan azaleratzen den beste gaietako bat. Guztiak bakarrik sentitzen dira eta adinean gora egin ahala, denbora igarotzen den heinean, bakardade hori areagotu baino ez da egiten. Guztiek dute besteekin egoteko asmoa baina, aldi berean, guztiek uko egiten diote besteari, bakardade hautatua dute amets, baina bakardade gordinera bidean amiltzen dira. Telefono mugikorra erabiltzen du horren ikur gisa Harkaitzek, zerrenda luzea bai, baina hitz egiteko inor ez. Deiak asko, galduak gehienak.
Errealitate beltza Anaitasuna S.A. enpresan eta errealitate iluna Donostian. Bertan kokatzen baitu istorioa, bere sorterrian. Horrek gertutasuna ematen dio errealismoari, norberak ikusiko du ezkutatu eta isildu egin nahi duen, edo telefonoa hartu eta inori azaleratuko dion.
Bakea, bakea
Xabier Montoia
Asier Urkiza
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Nagore Fernandez
Martxoak 3
Jon Martinez Larrea
Maialen Sobrino Lopez
Silueta
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez
Irati Majuelo
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Paloma Rodriguez-Miñambres
Diesel
Bertol Arrieta
Joxe Aldasoro
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Mikel Asurmendi
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza
Ni, laiko
Markos Zapiain
Nagore Fernandez
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Maialen Sobrino Lopez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Jon Agirre
Emognosia
Mitxelko Uranga
Mikel Asurmendi