kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Baita hondakinak ere / Iñigo Astiz / Susa, 2012

Gorputzaren saioa, eta hitzena Mikel Asurmendi / Berria, 2012-11-04

[Pertsona] berriak etorri ziren, eta hainbat aztarna aurkitu zuten: aurreko zibilizazioen azalpenak. Uste zuten, euren aurretikoek ezarriak zirela aztarna haiek. Bai zera! Funtsean, azkenaurrekoek aurkitu zuten bera aurkitu zuten heldu berriek. Definitzeko moldea aldatu zuten, aurrekoek azaldu zuten gauza bera azaltzeko: mendia, hiria, eliza, museoa, kartzela, telebista edo telefono-gida.

Horregatik edo, poema hauen egileari lurra balio zaio, baita hondakinak ere. Aurrekoek —Caeiro, Benn, Larkin, Whitman poetek…— utzitako aztarnak balio zaizkio, jakinik ere, poetei hiltzea aiseago zaiela bizitzea baino. Poeta honek, ordea, bizi nahi duenak bizitza aski izan behar duela dio: gorputza baino ez dugula merezi, diosku. Gorputza edota literatura. Gorputza eta literatura parekatzen ditu, gorputza eta literatura partekatzen ditu. Eurekin esperimentatzen du.

Anphora hautsi ez ezik —aurrekoetako batek zioenaz beste— anafora hautsi dela dio poeta geofago honek, baita anafora aspaldi hautsi zuena [pertsona] hautsia dela erran ere.

Suerte guztietako aztarnekin esperimentatzen du: museoko audio-gida, telefono-gida edota ETBrekin. Eta bereziki, gorputzarekin esperimentatzen du: eskaileretan argia piztuz behin eta berriz, geroago egon behar lukeen tokiko bere ausentzia imajinatuz. Esperimentu luminikoak, metafisikoak edota geo-domestikoak direla (bi)tarteko, berez ilunak diren bizipenak [poemak] argitu nahi ditu.

Iraganekoekin —amarekin eta aitarekin— partekatzen ditu lurra eta mina. Iraganeko mina lurralderik gabeko Euskal Herrian. Suerte guztietako minak bizi ditu, baina mina, minetan minena, gorputza partekatzen duen maitearekin —eta bere buruarekin— esperimentatu ohi du.

Durangoko Azokara gonbidatzen gaitu Larkinen ironiaz baliaturik, baita azokaren hondakinak —hezurreriak— dastatzera gonbidatu ERE. Gure azoka nagusia ez dadila hil, antzinatik eta urtetik urtera berpizten den gaubeilara gonbidatzen gaitu, euskal literatura salbatze aldera.

Edota Sandro Pennarekin eseri ohi da, eta hura irakurri, bere lagunek maiteekin laztanetan diharduteino: “Ausaz, gaztetasuna zentzumenak modu iraunkorrean maitatzea besterik ez da, eta dolurik ez izan”, barrundatzen du ERE poeta honek. Eta lagunak maitetxoen laztanetatik askatzen direino horrela mehatxatzen ditu: “Beste batek arnasa hartzen du hemen, animalia gozoa, isila bera ere. Alta, nire bizitzaren harrabotsak antzinako bizitza berritzen du. Horrela baino biziago ez naiz inoiz egongo”.

Nire konklusioa: hauxe da Dena.

Dena nahikoa nahasia heldu zait. Sotila eta indartsua hasieran, ikaragarria, irreala eta erreala gero. Dena-k hartu zuen/du aurrekoen denaren forma. Akaso, errepikapenak edo bertsioak besterik ez gara [poema hau legez], haragia zauritua baino ez, baina gu gara [liburuan dagoena] dena den. Izan ginena [pertsona] orain ez gara. Objektuen bidez identifikatuko gaituzte: hau zen beren garaia, hau beren lekua.

Funtsean, bat nator poeta honekin [pertsona honekin] lurraldetasuna gure gaia izanagatik ERE, ez da bereziki geografia behar duguna, gorputza baizik. Nago baina, [pertsona] geofago hau noizbait erdituko dela —nondik ez dakidan arren— bere-berezko poesiaz, eta Euskal Herria astinduko duela bertze amiñi bat, Astiz poetaren erara astindu ere: gure lurraldea Urbasa da, baita Urederra ERE. Ur eder basak aise urtu eta barreiatzen ditu gure hezurrak, baita gure hondakinak ERE.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak