kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Itzalaren baitan / Alberto Ladron Arana / Kutxa Fundazioa, 2001

Atipikoa Aingeru Epaltza / Nabarra, 2002-07

Idazleak sariak irrikatzen ditu, sosa eta izena ematen dutelako opari. Alabaina saria tranpa hilgarria ere gerta daiteke, irabazitako idazlanari gutieneko zabalkunde duina segurtatzen ez bazaio. Etxe ondoko liburudendan ez dagoen liburua eta idatzi gabea ez daude elkarrengandik hain urruti, irakurle izan behar lukeen horrendako.

“Itzalaren baitan” Alberto Ladrón Arana irunsemearen lehen nobelak Irun Hiriko literatur saria bereganatu zuen joan den urtean. Tamalez, oharkabean pasatu den susmoa dut, banaketa urriaren eta hutsaren hurrengo promozioaren ondorioz. Eta tamalez diogu, zinez merezi baitu euskal irakurlearen arreta.

Nobela atipikoa dugu “Itzalaren baitan”, euskaraz gutitan ikusten diren horietarik. Lehen-lehenik, elaberri luzea dugu eta horrek nabarmen bereizten du gure banaz-bertzetik. Bigarrenik, eta are garrantzizkoagoa, proposatzen duen gaiak ikustekorik ez du gaur egun euskal nobelagintzan nagusi diren joera errealista eta garaikideekin.

Ladronek lurralde eta iragan mitiko batean kokatu du bere lana. Irakurleari, Tolkien eta haren jarraitzaileen lanak etorriko zaizkio noski gogora orrialdeak iragan ahalean: inperio handiak eta haien auzo basak, magiaz eta gizakiz gaindiko indarrez elikatzen den misterioa, talde askotariko samarra halako eginkizun berezi bat burutu nahian dabilena, gogoz kontrako protagonista sinesgabea, batailak eta ekintza bortitzak… Antzekotasunak, dena dela, hor gelditzen dira. Ladronen nobelari darion kutsu tragiko eta iluna ez da aurkituko idazle britaniarrarenetan, are gutiago kontakizun nagusiarekin paraleloan doan konspirazio politikoaren aztarnarik. Izan ere, Ladronen liburua ez da abentura soila; botereaz eta sinesmenaz ari zaigu, gaizkiaz, ongiaz, mundu ukigarritik haratakoaz.

Liburu on bat idazteko, ausardia, idazkera sendoa eta lan egiteko gogoa ezinbertzekoak dira, eta horretatik aski duela erakutsi du Ladronek lan honetan. Emaitzak horren heinekoak diren, eztabaidagarriagoa da. Nik, bederen, nahi baino hari-mutur gehiago aurkitu dut, lotu gabe, orri hauetan zehar, baina hau barkagarria da argitaratzen hasi berri batengan.

Erranak erran, Alberto Ladron kontuan hartu beharreko izena da, hemendik goiti, euskal literaturaren munduan. Ez baitu gelditzeko asmorik. Bigarren liburua, behintzat, karrikan du, utzi berria. Gure esperoan.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak