kritiken hemeroteka

8.577 kritika

« | »

Balizko erroten erresuma / Koldo Izagirre / Susa, 1989

Zenbait liburu eta aburu (II) Mikel Hernandez Abaitua / Egin, 1989

Isilean pasatzen den liburu asko dago gurean, inork ez dakielarik askotan zergatik. Ordea, badakigu apika ze arrazoirengatik pasa ziren iaz liburu batzu zalapartarik gabe gehiago merezi zutenean. Sarri askotan liburu batek beste batzu itzaltzen ditu zoritxarrez. Horregatik komentatu nahi nituzke hemen gustatu zaizkidan eta aski isilean pasatu diren iazko bi liburu. Amaitzeko, frantsesezko aurtengo liburu bat ere irazkinduko dut.

J.L. Zabalaren azken nobelaren izenburua (Kaka esplikatzen) ikusi nuenean pentsatu nuen: “ze izenburu zatarra; nolako izena halako edukina?”. Baina hiru segundo iragan ziren eta pentsatu nuen: “liburu punk bat ez baldin bada”. Ez zen liburu punk bat baina ez zegoen hain urruti. Gure hirietako zenbait giro marginal azaltzen saiatzen den oso liburu baliotsua iruditzen zait. Egia esan ez nukeen nobela hau inoiz irakurriko EGIN eta “Susa”n kapitulu bana leitu ez banu. Han konturatu nintzen liburu on baten aurrean aurkitzen nintzela. Liburu honekin sekula baino egiago da on-tasuna gusto kontua ere badela. Ez dut uste hirurogei urteko pertsona bati erraz gustatuko zaionik.

Isilean pasatu den beste bat Koldo Izagirreren Balizko erroten erresuma poema liburua da. Hau iruditzen zait niri iaz argitaratutako libururik onena. Zoritxarrez, gurean hain gaitzetsirik dagoen poesia saritzeko aukera on bat galdu da “Euskadi” saria Babilonia-ri eman diotenean. Ez dut esango nobela hori txarra denik; denok bezala nik baditut nire gustoak-eta horien artean ez da aurkitzen Babilonia moduko nobelarik. Baina gusto kontua dela jakinik ere, Izagirreren liburua hobea iruditzen zitzaidan. Eta kontu egin ni ez naizela poesia idazlea. Garai batetan, prosa gutxi idazten zen denboran, maiz esaten genuen poesia idaztea errazagoa zela prosa idaztea baino. Orain alderantziz gertatzen da, oso poesia gutxi argitaratzen da, eta gauzak orekatzeko ez dakit ez ote genukeen poesia idaztea zailagoa dela prosa baino esaten hasi behar, asko bazterturik bait dugu poesia, etxeko erreuxa bailitzan. Prosa ona bezain zaila da poesia ona idaztea.

Gustatu ez zaidan liburu bat Florence Delay-ren Etxemendi nobela da. Beharbada Guerra Garridoren La carta nobelaz esan nuena gogoratuko zaie batzuri. Ba orain beste horrenbeste esan behar nuke F. Delay-ren nobelaz, baina alderantziz. Badirudi amnesiko eta itsu garela komeni ez zaizkigun gauzetarako. La carta PSOEko jendeari asko gustatu zitzaion bezala, Etxemendi izugarri gustatuko zaio HBko jendeari. Baina bata bezain amnesikoa da bestea, kontrako amnesia bada ere. Beharbada bi nobela horiek elkartuz lortuko litzateke Euskal Herriko egoera soziopolitikoari buruzko ikuspegi minimoki global bat. Esaterako Delay-ren nobela bukatzean imajina dezagun Etxemendi Euskadin gelditzen dela eta denda-kate bat irekitzen duela, eta argumentuarekin jolastuz, posible egin dezagun “impuesto revolucionario” delakoa eskatzen dion gutun bat iristen zaiola.

Idazleak ez luke inoiz hain partzialki jokatu behar. Ezinezkoa da zeharo inpartziala izatea, baina ez zait zailegia iruditzen bi nobela horiek baino apur bat inpartzialago izatea.

Azken kritikak

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Espainolak eta euskaldunak
Joxe Azurmendi

Mikel Asurmendi

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak