kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Gabeziak / Tere Irastortza / Kriselu, 1980

Teresita Irastorzaren “Gabeziak”: Tormentoaren laberintoa Josu Landa / Egin, 1981-01-28

Askotan pentsatu ohi da, eta ez bada pentsatu ere praktikak hala erakutsi digu, sakabanatutako poemez osaturiko liburu batek nolabaiteko heterogeneitate bat gorde behar duela, hots, bizitza emozionalaren ispilua izanik egoera posible guztien adierazgarri poetikoa izan behar duela. Plurifazetikoa omen da eta gizakien ispiritua. Batzuetan triste, besteetan pozik; batzuetan loreak, bestetan apoak.

Badira bestalde, eta dagokionari eskertu behar, aurreko ikuspegi horretatik urrunduz, mundu aseptiko —zeren eta azalez konpromezu itxura eman arren, defentsarako modu bat besterik ez baida— horren aurrean, gizonak (eta emakumeak noski) inpartzialtasunari uko egin behar diola aldarrikatzen dutenak. Matematiketan gehiegi sinesten ez dutenak. Horiek dira beharrezko, gizakiok ez baikara sentimentu eta egoera posible guztiak neurri berean bizi dituzten kriaturak

Pertsonari zentzu periodistiko-antzu-analgesiko hori kendu nahi dioten horietako bat Teresita Irastorza dugu. Honen froga, Gabeziak liburua. Honek emango dizkigu orain egingo dugun komentariorako oinarriak. Hala ere, hasi baino lehen, ohar txiki bat egin behar da, gero inor ez dadin tronpa, iragarki gisa. Liburu honek tranpa asko ditu. Eta tranpa hauek ongarri ala kaltegarri izan daitezke, guzti hau noski irakurlearen arauera gelditzen delarik. Lehenengo tranpa liburu honek duen tono apelatiboa litzateke, testu guztiari darion “ZU” etengabe hori alegia. Norbaitek pentsatuko du horrek ez duela tranpa izena merezi, eta zirkunstantzia baten gatik ez balitz, ez litzaioke arrazoirik faltako. Kamuflatuta aurkitu baitugu “ZU” hori. Espiral engainadore baten barnean. Hasieran “ZU” hori irakurlearengandik urrun gelditzen da, amorante hipotetiko bat dela medio. Piskanaka piskanaka “ZU” hori irakurlearengana hurbilduz joango da, amorantearen figura abstrakzio baten bidez deuseztu arte. Hain arinki eta zuhurki eramandako prozeso honen ondorioz, eta 26. poema laukoitzan hain zuzen, irakurlea “ZU” horren sare traidorean harrapaturik aurkitzen da, poetisak idaztean zuen inguru zapaltzaile berdinean murgilduta, irtenbiderik gabe eta Lizardiren poema aseptiko pare bat irakurtzeko gogoz.

Eta Lizardiren poemetara pasatzea posible izango litzateke gainerantzeko guztian beste tranparik ez balego. Baina bada beste bigarren tranpa bat partzialkeriarena alegia (eta garbi aski gelditu da lehenago gu partzialkeria eta erradikalismoen alde gaudela). Gris koloreak definituko luke duela lerro batzuk aipatutako tono apelatibo horrekin batera beste elemenduen bidez sortzen den giroa. Hertsi begiak eta entzun: iluntasuna, bakardadea, negarra, etsipena, ausentzia. Argi berde eta gorri guztiak itzali ondoren, poema ezezagunaren entierroa prestatzen hasteko gogoa sortzen da. Eta askotan sadomasokismoa poetikara aplikatu ote duen susmoa baztertzea zaila egiten bada ere, samintasun hari horrek erabat harrapatzen du irakurlea.

Zeren eta poema hauek adoleszenteak izanik, ez dute poema adoleszente guztiek sortzen duten distantzia prudentziala sortarazten. Eta hori beste tranpa bat da. Irribarrerik gabeko bonbardeo baten azpian sentitzen den sensazioa ez baita atsegina oso; nahiz eta poetikoa edo komenigarria izan noski.

Bi tranpa umezurtzek hirugarren bat beharko lukete noski, eta badute izan. Edozein eratako materiale batek jasan dezakeen bere senaren beraren kuestionatzea izango litzateke. Eta gaurko aztergai dugun liburuan kuestionatzea ez ezik desbaloratzea proposatzen dela esango banu —eta hala da, halafedea—, hain azal inoxentea duen liburu honek ez ote dituen arrisku gehiegi pentsatuko genuke. Izan ere, etsipenean eta lanbroan hondoratuko tipo bati poemen sarean harrapatu ondoren, sare horrek ez duela esistitzen esaten bazaio eta aldi berean sare horretatik irtetzeko esperantzarik ez ba zaio gelditzen, sentimentu apokaliptiko batek betetzen du guztia. Suak guztia kontsumatzen du eta poema liburuak paperrontzitara joaten dira. Eta hau da, zoritxarrez, Teresita Irastorzaren liburu honen helburua: Paperrontziak musukatzea.

Iragarki gisako beste ohar bat: “Gabeziak” liburua laberinto bat da, eta esposatu ditugun ezagugarriak dituen laberinto bati ihes egiteko irtenbide bakarra suizidioa da. Hala guztiz ere, ez poemen asuntotan suizidioak ezer gutxirako balio duenez, hobe duzue poema bakoitza irakurri eta hurrengora bitartean lo kuluska bat bota.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak