« Teresita Irastorzaren “Gabeziak”: Tormentoaren laberintoa | Pascal-en gogoetak »
Zernahi batez / Martin Tejeria / Erein, 1980
“Zernahi batez”: Martin Tejeriaren poema liburua Xabier Lete / Argia, 1981-02-01
Azken denbora hauetan, euskal literaturaren krisia aipatzea modan jarri da. Modan jarri da, era berean, azken aldiko euskal poesiaren edukiak jarrera subjetibo batzuen mamitze baizik ez direla aldarrikatzea. Eta horrela balitz, zer? Zer da krisia, krisisean egotea, literaturarik egiazkoena konfigura lezakeen oinarrizko noraez zalantzatsu baten aitorpena baizik?
Noraeza baino lehen, ziurtasunak egon ohi dira. Ziurtasun asumituak edo, gehienetan, imajinatuak. Espantuz betetzen gaituen bizitza opako eta arrotz baten aurrean autodefentsiboki ereikitako kodigo hestu eta hertsiak. Disponibilidade konplize baten irrifar zuriarekin bidera irtetzen zaizkigun araudi besteragarriak: estereotipo, ikuspegi standar, elaborazio ideologiko honen edo haren ekarriak.
Baina gero, edo une berean, bizitza uholdeka datorkigu gainera. Astintzen gaitu, biluzten, eta ondartza gorri batetara bultzatzen kupidarik gabe, haur zaurituaren ibilbide berriak esistentziaren eremuan asma ditzagun…
Eta zuk dakizu, Martin, abentura horren aurpegi bat poesia dela. Poesia ere abentura horren aurpegi bat izan daitekeela, eta horrela izan ezik poesia ez dela abentura, ez dela poesia, ez dela ezer.
Zuk dakizu, Martin, ortze altuan galtzen diren izarren gauerdietan etsipenaren zaldi ankerrek irrintzi gorri bat dagigutela leihatilen beste aldetik. Une horretan ispilu guztiak artesitzen direla, eta keinu irreparableen tentazioak bere joku lilluragarrien koketeoak armiarma sare baten gisa trazatzen dizkigula bakardadearen trama guztia bildu eta inguratuz…
Orduan, zuk dakizu bai ta ere “letra haundirik gabe esperantzaren gerritan kasketa hartuz” jarraitzea beste alternatibarik ez zaigula gelditzen, eta egunsenti zikin askok bizidunen eguneroko destino nolabait asumitu batetara mila bider deserriratu gaituen gisa berean, besteak bezain zikin gertatuko zaigun egunsenti berri batetan ezabatuko ditugula galdera, gogoeta eta parentesiak, ohizko keinuen babespean eguneroko ziurtasun probisionaletara itxaropen haundirik gabe amiltzeko.
Nik, Martin, zure poesian hori guztia nabari uste izan dut. Eta gainera, “biluzizko sasoirik ezagutu ere gabe apenas ginen gu haur” irakurri dizut, eta haur ere ginenik apenas genekielako haurtzaroa eta bere ingurune majikoa lapurtu zizkigutela ikasi… Eta haurtzaro hura errekuperatzen saiatu behar dugulako, gure sentsibilitate jatorrizkoenak mundu desegin haren bilaketa desesperatu baina kuraiatsura bultzatzen gaitu arnasaldi, birao, karizia eta poema bakoitzean…
Joan ziren araudi hantusteen denborak, bai. Hil gintuzten, eta eraileei ez diogu ezer zor. Ez diogu iñori ezer zor, egia esan. Eta zor diegun haiei, gure zorra maitasun keinuka ordaintzen saiatuko gara, keinu bakoitzak zauri berri bat sortuko badu ere.
Horregatik, eta beste zenbait motibazio gatik, zure poesia maite dut. Zure poesiak hainbat eta hainbat konportamendu-molde eta sensibilitate ingurunekin identifikatzen nau, nun azkenean autoidentifikazio baten bide (edo bitartekotza) bilakatzen zaidan. Eta neri bezela beste zenbaiti gertatuko zaiola dakit —askori agian— eta horrela izan dedin espero dut.
Beraz, Martin, letra haundirik gabe esperantzaren gerritan kasketa hartuz jarraituko dugu, edo esperantza haundirik gabe letren kasketarekin jarraituko, azken azkenean nehork defini ez lezaken misterio apal eta bitxi den poesia egiten: ekintza gratuito, sinbolo multzo, siñu, asmakizun, oihu, abentura ero.
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Irati Majuelo
Herioa Venezian
Thomas Mann
Aritz Galarraga
Azken batean
Lourdes Oñederra
Ibon Egaña
Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena
Mikel Asurmendi
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Asier Urkiza
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Amaia Alvarez Uria
Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain
Jon Jimenez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Paloma Rodriguez-Miñambres
Lakioa
Josu Goikoetxea
Mikel Asurmendi
Lur mortuak
Nuria Bendicho
Irati Majuelo
Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"
Paul Beitia Ariznabarreta
Akabo
Laura Mintegi
Joxe Aldasoro
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Paloma Rodriguez-Miñambres