kritiken hemeroteka

8.549 kritika

« | »

Gogoetak / Blaise Pascal (Pierre Narbaitz) / Itzultzaiela editore, 1980

Pascal-en gogoetak Txelis Alvarez / Argia, 1981-02-08

Ez da maizegi suertatzen, tamalez, filosofari edo pentsalari xelebre baten obra euskaraz irakur ahal izatea. Egia bada ere gizon eta emakume askoren joerak, jokabideak, esanak, eginak eta idatziak “pentsamenduaren” alorrean koka daitezkeela, “filosofia” kutsu nabarmenik darielakoan, eta bertaz euskaldunok ez ginateke filosofiatik uste ohi izan den bezain urrun, hori bezain egia dukegu Euskal Herriak ez duela filosofiarenganako zaletasun markatuegi ez iraunkorregirik. Azken honi gogorregi baleritzo hainbatek, beste era batez esan beharko dugu: betiko salbuespen miresgarriez bestalde, ez da filosofia, hain zuzen, herri honetan bultzatu eta potentziatzen den zientzia horietakoa. Eginak eta egingabeak —azkenok bereziki!— hor ditugu egunero lekuko.

Jakina, egoera honek baditu bere arrazoiak eta zergatiak. Aztertu beharrekoak, noski, eta geldikiro gainera. Gera bedi gaurkoz zeregin borren aipamena.

Filosofiak, bestalde, eta beste edozein zientziak baino gehiago agian, iturritara jo behar izaten du beti: mende luzeetan zehar pentsalari apartek sorturiko altxor filosofiko preziagarrira, alegia. Pascal, Blaise Pascal, horietakoa dugu ezpairik gabe.

Euskarak ez du, zoritxarrez, bere burua ezagutu filosofarien pentsamenduaren iturri ez adierazpen-bitartekotzat. Miresgarri eta preziagarri direlako, hain zuzen, arki daitezke salbuespenak, erregela konfirmatzen duten salbuespenak, alegia. Besterik ezean, itzulpenetara jo behar izan da orain arte. Eta hala segi behar urte luzez. Filosofiarekiko itzulpenak, azken urteotan bederen, ez dira urriegiak, beste alorrekikoekin konparatzen baditugu; baina, berez, diren direnean, eskasak zaizkigu. Heraklito, Platon, Voltaire, Marx, Heidegger eta beste hainbaten idazlan batzu ditugu euskaratuak. Guztiau, haatik, urri oso zaigu. Argitalpen kritikorik, bestalde, ez da oraino bat ere ez argitara eman.

Pierre Narbaitz dugu Pascal-en “Pensées” famatuak euskaratu berri dituena, eta nola gainera! Egia erran, Pascal-en “Gogoetak” lehenago ere itzuliak (erdi itzuliak, oker ez bagara) izan dira, baina ez, egia osoa esateko, oraingo honetan bezala, ongi tajuturiko liburu baten formapean, aintzin eta gibel-solas ederrez horniturik eta itzulpen imitagarriaz.

Blaise Pascal (16231663) filosofari polemiko eta eztabaidari handia izan zen. Matematikari, fisikari, teologo eta filosofaria. Uste izan da gehiegitan pentsalariak abstraktukerietan dabiltzala, errealitateak eta esperientziak (sensibilitateak, nahiago badadi) agerrarazten duenari muzin eta uko egiten diotelarik. Egia, halare, besterik dugu: Aristotele, Ockham, Kant, Hume, Hegel, Marx, Wittgenstein… eta Pascal zientzialari gogoangarriak izan ziren, beren ausnarketa eta gogoeta filosofikoek, gogoko ala ez-gogoko ditzagun arren, errealitatea eta bat-bateko esperientzia izan dituztelako abiapuntu eta oinarritzat. Izan ere, gazte-gaztetatik ekin zien Pascalek iharduera zientifikoari: “Essai sur les coniques”, “Expériences nouvelles touchant le vide”, “Recit de la grande expérience” eta beste hainbat lan idatzi zituen. Areago, egun “probalitateren kalkulua” deritzanak Pascalek eginiko “régle des partis” eta ruletari buruzko lanekin zor handiak ditzake. Denon ezagunak dira, bestalde, Fermat matematikari xelebrearekin ukan zituen harremanak.

Pascal-en “Gogoetak”, halaz ere, bese zerbaitetaz, errealitatearen, “denaren” beste zerbaitetaz oharrerazi nahi gaituzte. Giza-izpiritua etengabeko gatazka larrian (oparoa ez ote!) dateke: geometriaren izpirituari eta, neurri berean, fintasunaren izpirituari ere, biei ihardukiten zaie. Kartesianismo eta sensibilitate hutsak arbuiagarri zaizkio Pascal-i. Epikteto eta Montaigne, bestetik, izanen ditu halaber gogoan gizakiari atzeki erazi nahi zaizkion “berezko” handitasuna zein mixeria bortizki ukatzeko. Gizakiak “berez” bi uneok gainditu behar ditu bere baitan baitago traszendentziarako. Gizakiak “berez” bi uneok gainditu behar ditu, bere baitan baitago traszendentziarako ahalmen preziagarria. Agustinen “Aitorkizunak” obra ezagunari biziki lotuz, gizaizpirituaren, eta bereziki “bihotzaren” azterketa aberats eta finari ekinen dio Pascalek.

P. Narbaitzen lana, bestalde, ez da txantxetakoa izan. Alabaina, eta berak esatera “Aitortuko dut garbiki Pascalen erran ainitzen euskuararatzea ez dela beti josteta bat izan. Baita ere, nihaurek nahiz, “gogoeta” andana bat bazterrerat utzi ditudala, beldur bainintzan bestela eginez, gogoeta guziak hitzez hitz itzuliz, irakurle zonbaiti kuraia galaraziko niotela: eta hori, zer egiazko irabazirendako? Huts horiek, barka berez!”. itzulpena biziki ongi lortua du Narbaitzek geure ustez; areago, itzulpena denik ere ez dirudi. Haseratik bukaeraino jatorrizko iturrira jo behar izateke guttitan irakurtzen diren horietakoa baita Narbaitzen lana!. Beharko da erran, apika, zenbait huskeriatan ez gaudekeela guztiz ados: “Gogoeta” baten edo besteren itzulpena garbiegi itzulia bide du.

Liburuak badu, haatik, gaindiezinezko oztopo galantarik: prezioa! Iparraldean argitara emana du P. Narbaitzek eta hegoaldean saltzerakoan liberek doblatu egiten dute salneurria, 1.200 pezta balio baitu! Beraz, “eros ezazue!” dioen honela bihurtuko genuke: “Lapur ezazue liburua, penarik merezi baitu!”

“Gogoetan” ere jansenismo aztaren garbiak aurki ditzake irakurleak. Katoliko gehienek Pascal-en kristautasun garbia, hots, katolikotasuna, aldarrikatu ohi dute. Beste zenbaitek, berriz, eta Narbaitz horietakoa dugu, Pascal-ek jansenismoarekiko zaletasuna aitortzen dute. Ikus honi buruz Narbaitzen beraren eritzia itzulpenaren “gibelsolasean”.

Itzulpena, hala ere, ez dago euskara batuan egina. Narbaitzek berak dioenez Azkarate-ko, bere jaioterriko, euskalkiaz baliatu da bereziki Pascal-en gogoetak euskaratzerakoan. Honek haatik, ez du oztopo handiegirik suposatzen liburuaren ulerpenerako.

Azken kritikak

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak