« Desberdina | Gerrako mamuak »
Saguak eta gizonak / John Steinbeck (Iñigo Errasti) / Alberdania, 2012
Bi anai Ander Arana / eizie.org, 2012-08-29
John Steinbeck nobel saridun estatubatuarrak orain dela hirurogeita hamabost urte idatzi zuen maitasunari eta adiskidetasunari gorazarre egiten dien eleberri bere laburrean hunkigarri hau. Sasoi hartan, 1937an, Ameriketako Estatu Batuetan —eta, hedaduraz, mundu guztian— Depresio Handia bizi zen 1929ko Krisiaren eraginez. Orduko krisi larri hura 20ko hamarkadako boom espekulatiboaren ondoren eta ondorioz heldu zen, eta luze jo zuen merkatuen ezegonkortasuna, langabezia-tasa handia eta enplegu-kolokatasuna gainditzeko ahaleginak; Bigarren Mundu Gerrara bitarte, hain zuzen ere. Antzekotasun askotxo gaur bizi dugun egoera gaiztoarekin, ezta?
Steinbeck garai latz haien lekuko zuzena izan zen, berari ere egokitu baitzitzaion rantxoz rantxo ibili behar izatea. Hortaz, bertatik ezagutu zuen beheraldi handi hark eragindako gizarte-haustura, eta horren lekukotasuna eman zuen bere lanetan. Kapitalismoaren aurkako kritika gogorra egin zuen, eta Roosevelt lehendakariak eginiko erreformen alde azaldu zen. AEBetako sektore kontserbadoreek ez zioten sekula barkatu jarrera hori; aldiz, kritika eta irakurleak alde izan zituen, eta, halatan, hainbat sari irabazi zituen: New Yorkeko drama-kritikarien saria, Pulitzer saria, Nobel saria…
Bere lanen arrakasta, neurri handi batean esango nuke nik, elkarrizketen bizitasunari eta indarrari zor zaio. Ez da harritzekoa, beraz, horietako zenbait —Saguak eta gizonak bera, Suminaren mahatsak, Edenen ekialdean— film bihurtu izana eta filma bera eleberria baino are ezagunagoa izatea, egin diren bertsio gogoangarriei esker. Beste horrenbeste esan daiteke antzerkirako egin diren obra honen bertsioei buruz.
Saguak eta gizonak eleberriak George Milton eta Lennie Small-en historia tragikoa kontatzen du. Bikotea alderrai dabil Kaliforniako rantxo batetik bestera, lan bila. Eta ihesi. Izan ere, Lennie handikote burugabeak obsesio bat du, maite-maite egitea aurrean egokitzen zaizkion gauza leun guztiei: sagu txiki bat, txakurkume bat, neska baten soinekoa edo adatsa… eta horrek beti sortzen dizkio arazoak. Beharrik bere ondoan duen George argi eta bizkorra, bere aingeru guardakoa. Georgek eta Lenniek amets bat bete nahi dute, garaiko arlote guztiek bezala: “etxe txiki bat erostea, eta pare bat akre, eta behi bat eta txerri batzuk”. Zoritxarrez, bikotearen ametsak ez du askorik iraungo. Eleberriaren izenburua Robert Burns poeta eskoziarraren Sagu bati izeneko olerkitik hartu zuen Steinbeckek, eta olerkiak ez du uzten esperantzarako zirrikiturik txikiena ere: “sagu ttiki hori, ez zara bere asmo guztiak deuseztatuta ikusi dituen dohakabe bakarra: saguen eta gizonen egitasmorik landuenak ezerezean gelditzen dira”.
Saguak eta gizonak eleberriaren alderdirik azpimarragarriena da, nire ustez, Steinbeckek apurka-apurka eta maisutasunez prestatzen duela irakurlea amaierako gertakari latz eta tragikoak guztiz sinesgarriak —eta are ekidinezinak— izan daitezen.
Orain, Iñigo Errasti itzultzaile eskarmentudunaren eta Alberdania argitaletxearen arteko elkarlanari esker —elkarrekin argitaratzen duten hirugarren literatur itzulpena da honako hau—, zeharo atsekabetuko gaituzten letra hauek euskaraz gozatzeko aukera daukagu irakurle euskaldunok.
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Irati Majuelo
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Aiora Sampedro
Esne berriketan
Uxue Alberdi
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza
Esker onak
Delphine De Vigan
Maialen Sobrino Lopez
Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona
Amaia Alvarez Uria
Jai-Alai
Gaizka Arostegi
Jon Agirre
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Mikel Asurmendi
Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi
Irati Majuelo
Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss
Aritz Galarraga
Erleen azken ziztada
Kepa Iribar
Jon Agirre
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Ibon Egaña
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Mikel Asurmendi
Bakea, bakea
Xabier Montoia
Asier Urkiza