kritiken hemeroteka

8.412 kritika

| »

Garoa / Domingo Agirre / RIEV, 1907-1902

Txomin Agirreren Garoa Jean Etxepare / Gure Herria, 1922-03

Abbadie zena, Larresoroko semenariotik igande guziez Eskualduna-ren arartekoz laborarien argitzeari zarraikolarik —nolako kar eta jakitatearekin badakigu orok—, Gipuzkoako komentu batetik, xede berak zerabilan bertze apez euskaldun bat: Domingo Agirre, hila hau ere orai. Abbadiek astekariaz adiarazten zuen bere mintzoa, laborantzako zerez bakarrik. Bere eskutik, noizean behin —arras bakan—, idatzi liburu batzuez, laborariaren adimenduaren zabaltzeko, bihotzaren goratzeko, lur lanetako kezketarik gogoaren arintzeko, nahikariarekin ibili izan da Agirre.

Zorigaitzez beste deus handirik ez dakigu hunen biziaz: mendi lerro batek hain urrun gauzkela elgarretarik, eta hain arrotz, Espainiako geure haurrideak eta gu!… Errana daukute bakarrik itsas bazterrean zela sortua, dena arraintzale den herri maitagarrienetarik batean; gero urte gehienak eraman zituela komentu batean omonier; gaiaren gaiz izendatua izan zela euskaltzain, bainan bilku huntako lana bereziegia zitzakolakotz, idorra eta orobat ondorio handirik gabekoa, utzi zuela bi urteren buruko; apez bat zela osparik batere gabea, langile haidur bezain ixila, bihotzbera nehor balin bazen, erraietaraino Euskal-Herriari atxikia osoki.

Herriaren amodioak argitarazi zakon, 1898an, Bizkaiko euskalki zaharrez, Auñamendiko lorea, gure iduriko haren idazkirik bikainena. Ontsa oroit bagira, zoingehiago batean garait-sariaz jabetu zuen egilea. Euskaldunen aspaldiko mendetan barna geramatza liburuak, Erromanoek azpiratu nahi gintuzten urtetarat; gure arbasoen orduko bizia begien aitzinean emanez, erakusten dauku, nola eta noren arartekoz, Jesusen hitzek sartu zituzten gure mendietan beren erroak, eta nola, euskaldunen artetik atera izan zen neskatxa saindu bat, Frantziako diosesa batzuetan ohoratzen dutena, geroztik hunat.

Ez zen izkiriatzetik gelditzekotan Agirre. Urte laburrik barne, Gipuzkoako euskalkirat zeiharturik, lantzen du bigarren liburu bat: Kresala, berriz argitarazi behar zuena 1906an. Saltzaleen eskuetarik harrapaka ba omen zeramaten idazki hau itsas-bazterreko irakurleek; guti izan bide da, elizakoez kanpo, euskaldunen gogoa hunek bezenbat bete duen libururik. Itsasoko gizonen biziaz derabil solas, kondaira xoragarri baten mirailan erakusten dauzkigularik itsasbarne nola itsasgaineko goiti-beheitiak.

1912an hirugarren liburua: Garoa, hau ere gipuztar hizkuntzan. Laborantzaz eta laborarien biziaz zaiku hemen mintzo, berak amestu gertakariz gertakari, Agirre.

Beste libururik egin ote zuenetz, ez ginakike. Bizia luzatu balitzakio —Erromanoen denborako euskaldunez mintzatu ondoan, erakutsi ondoan gero itsasturien nekabideak, azkenik lur-langileenak—, baditeke xehatuko zauzkigun, beti kondairaz apainduz, euskaldunen lanak itsasoaz haraindiko leihorretan: euskaldun idazle batek asma dezaken lanik ederrena osatu baitzuken orduan Agirrek.

Ez giten hargatik errangura. Hiru gertirudi utzi dauzkigu, oroitzapentzat, apez kartsuak. Iragan mende hondarrerat nolakoa zen guziz Gipuzkoako bazterra, nolako hango jende xehea, nolako hango mintzaia, lekukotasun badakargute biek. Irakurgei gelditzen dira hiruak. Damurik ez dute, mendiez hunaindian, eitedunik…

Hiruetarik gozoena bizkitartean Garoa deritzait, laborarien arteko bizia xehekienik azaltzen daukulakotz. Izenak salatu bezala, usain on bat badario, atsegin bainuke, hautemanaraz ahal banezazuet, hein batean bederen.

Dezazuedan lehenik erran, nolakoa den liburua, axalez. Estalgi nabar, lodi, arrunt batek gerizatzen dako, orrien zama gotorra. Menditar aire bat baduelakotz, irriño batekin, bainan zoin gogotik, ez dugu hartzen eskuetan! Inprimatua da larriki, orri hegiak desbardin ditu; hots, badakar, azalpez ere, baserritar itxura zerbait, bainan barna danik ezagutzeaz ez zautzue urrikituko.

Oñatiko ondorat geramatza haste-hastetik Agirrek. Toki goxoagorik hauta zezakela gure bihotzentzat, ez zaiku iduri.

Oñati… herri izen horrek berak, gar bat bezala pizten du, euskaldun zerbait dakiten guzien baitan. Badu urte andana, Espainiako gure haurridek amestu zutela, han idekitzea, euskaldun gazteriarentzat, ikastetxe nausi bat, nun argi beren semeak, hamazazpi, hemezortzi urtetarik harat. Zer zuzenagorik alabainan, holako etxe baten ukaitea baino, gizadi batentzat, gizadi hau bere etorkiaz bertze gizadietarik berexa delarik, halaber bere mintzaiaz, halaber oraino bere ohidurez! Onartzen ere dugu, ederresten, holako ikastetxe batean, erakaspenak euskaraz litezkela behar eman, Euskal Herri guziak buruzagi berak ukanez geroz, bai eta mintzai bera. Hizkuntza berdina, buruzagi berak, sineste bertsuak, jaidurak izaitez berdin eta ohidurak, gainera jakitate bakar baten iturria, —zer altxagarria, zinez, euskaldun gizadiarentzat! Zer urratsa geure buruaren jabegorat!

Ez aski bizkitartean, beldur niz, gurez gure, guhaur jartzeko. Auzoek ez ginezazkete utz; heien aztaparren artetik ez ginezake jalgi. Jalgirik ere, ez ginezake luzaz iraun —hedadura, ahalak, adimenduetako argia eskas izanez. Gure eremu ñimiñoan, elgar aditzeko orde, ez ote ginezake elgar jan? Laster, erortzea ginuke, auzoen menerat, gure onetan.

Euskal Herria bere gain ez dugu ikusten, bertzek ezarririk baizen; berez bere ihardukitzen ere ez, bestek, beren arteko bakearen gotik, herrialde bakar idukiz baizik. Ez da bizkitartean gutiago egia, hanbatenaz gai izanen dela bere jabegoaz, non bere batasun osoa zuhurkiago bilaturen bailuke aitzinetik. Bere burua lagunduz, azkar diteke; eta gizadi azkar bildu bati, aldarte batzuetan, azkarrago batek eman dezake gogotik esku…

Anartean Oñati, bere ametsekin dago. Herri, pollit, zahar bat, Gipuzkoako hego alderat, harrizko etxe gotor batzuekin. Hauien artean, goikasgutzat zaukan etxe hura, bainan istudiantik gabe, erakaslerik ere gabe. Artetik erran dezagun, jakitate mota batzuentzat hautaki balin badago bere zokoan, gauzetarik beren alapidea dutenentzat, hiri handi batean egokiago liteke, edo bederen hiri handi bazter batean. Adimendua, berez bere baizik, haz ote diteke hanbat, Oñatin?…

Dena den, Oñatiri daude, gure liburuko gertakariak. Gaizki diot: Oñatiko basaburu bati, edo hobeki erraiteko, ibarburu bati. Gure mendialde hau baino kazkarrago da bertzaldea; mendiartetan, ur errekek badituzte ardura ordokiño batzu, etxalde bakar batzuekin. Bada, ordoki hotarik baten xokoan, Oñatitik urrunsko, bainan Oñatiko herriari datxikola, bada laborari etxe bat: Zabaleta. Badauzka jenden bizitegia eta, huni loturik, labea alde batetik eta bertzetik barrokia bere sabai eta selauruarekin; urrunxago, mendi aldera, eta berex, neguan ardien idukitzeko leihor edo borda..

Hango nausia, hiruetan hogoita hamabi urtetako gizon azkar, euskaldun garbi bat, deitzen dena Joanes.

Hura zan gizona, hura!

Zazpi oin ta erdi bai luze, makal-zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezala trinko, gorosti hezearen antzera zimel…

Kristoren legea zan Joanesen argia, ta argi honetan ikusten zituan, kupidaz, gizonen argaltasun eta ibilpide okerrak.

Epailetik azaroraino, artzain dabil mendian. Larunbatetan jausten ohi da Zabaletarat, hemengo mutil Pedro Anton, igaiten delarik aldiz mendirat. Zuzen da, nausiak ere jauntzi garbiak ezar ditzan eta har tabako piska bat sakelan. Berriz igaiten ohi da haatik, igandetan, mendirat, goiti doalarik baratuz biderdi, mezaren entzuteko, Arantzazuko elizan.

Omen handiko eliza, mendiez haraindian. Beilaz badoazi harat, asko tokitarik. Oñati eta Arantzazu, Arantzazu eta Oñati, ardura bi izen hoik badabiltza, gure haurrideen aho-mihietan. Zonbaiten baitan, fedezko su bat emaiterainokoan, Arantzazuren oroitzapenak berak. Irakurtu dut behin nonbait:

Hebreotarrak Jerusalemenez ziotena, esan dezaket nik, Arantzazuz: “Zuzaz ni ahantzi banendi, neronen izena ahantzia izan bedi. Nere mingaina, autzetan itsatsi bekit, zuzaz oroit ezpanendi; ta nere gozotasun honetan zure izen hori, aurren-aurrena, jar ezpadezat.

Eta bizkitartean, ez dakigu nolakoa den, eliza hori: idazleari ahatzi zako erraitea. Noiz eraikia izan ote da? Zer aldartez? Itxura nolakoa du inguruz? Barnean zer dauka? Zonbat gora dago Oñatiko zelaitik? Mila atseginekin jakin ginukeen. Irakurtzen duguna da, etxeko itzulia egin-eta, igande goizetan berriz igaitearekin, Joanes Zabaletakoak han entzuten duela bere meza, etxekoak Oñatiko elizarat doazkolarik.

Arimako bizi fedezkoa han derama; gorputzekoa handik hurbil, etxolan (Agirrek hemen ikusi ere omen zuen, behin batez), eta ardien gibeletik, mendi mazelari gora.

Eskualde hetan ibili direnek asmatu dukete berehala mendi hau Aitzgorri dela. Aitzgorri, Gipuzkoako eta Euskalerriko mendirik ederrena. Hamabortzehun eta berrogoi metra gora, diote jakintsunek. Aditzea badugu, erditsutan, Parisetik Madrilerako burdinbideak zilatzen duela, aldean bertze.

Nehon, haren kaskotik bezala, ez omen dira, urrutirat, begiari zabaltzen bazterrak. Huna ageri diren mendirik gorenak: Ernio eta Izarraitz —artean daukatela Azpeitiako zelaia Loiolarekin—, Aralar eta Gorbea, Arno eta Atxu, Oiz eta Anboto, Mendoegi, Etxalar, Oiluz, lur eta herrien gainetik, beren buruak goitituz, elgarri begira, hiri handi batetako eliza-dorreek elgarri begiratzen duten bezala. Eta heien behere aldetan, zonbat oihan handi denak hosto berde berriak zeruruntz jasoaz, Jainkoari eskaintzen zitzaizkion lorontzi eder batzu ziruditela!

Aldapa eta ibarñoetan zabaldurik, pentze gizen eta alor goriak.

Euskal uri jakinak, oso beheian, geure oinetan batzuek. Kantauri ertzean beste batzuk, lur-barruan askotxo, denak koxkor ta kaxkar handienak ere urri ta txiki, gizonen kabiak, elkarri erantsita, zeukazkitela.

Ibai eta erreka garbiak, nun nahi.

Bideak alde askotan indarraren indarrez gizonak uri batetik bestera egin dituan bideak hor gorde ta hemen agertu, han oker ta laburtzago zuzen, beti estu-estu, danean zuri-zuri, norbaiti hariletik erori zaion hari albainu luze baten tajuan; ta azkenez gizonaren jakituri ta ahalizatearen erakutsirik handienetakoa, suburdi beltza, bere burni lerrotika-barruna, laisterka, txistuka eta zarraparrean, harrotasunaren agerpena bezela, ke matasa lodi zikin bat kopeta gainean, harro-harro, daramala.

Oñatiko basaburu batean, Aitzgorri-ko mendi aipatuaren oinetan, Arantzazuko elizatik ez urrun, huna nun dugun beraz Zabaleta, Joanes artzainaren etxaldea. Etzaiku salatua zonbat abere buru dituen hazten, zer artalde daukan, nolako bihi meta selauruan; aditzera uzten dauku bakarrik Agirrek, ez dela etxalde handia.

Ontsa zitezken halere etxekoak, goxoki zeramaketen bizia, ez balire Joanesen hiru semeak, orai gizon adinera jinak, osoki beren gain jarri nahiak. Jose Ramon gehienari, ezkondua baita etxean, Manueltxo deitu mutiko polit baten aita, eta haizu den baino merkatukariagoa, berantzen zako nausi bakar izaitea. Barka dakioke, bainan haren bi aneiak ez dira berdin onesgarri. Iñazio Marik, ikazkintzan irabazten du diru ederrik; esku-gain polita bailuke jada, ez balitz den bezain pariazalea. Gazte izan gatik, nahi luke ahal bezain laster ezkondu. Hirugarren seme Juan Andresek, Oñati ondoko harrobi batean zaukan irabazpidea, etxean lan handirik aurkitzen ez zuen artetan; bainan sosari atxikia da, itsuski, nahi luke aberastu, etxeaz asea da, irudi zako bertze nunbait bildu ahalko duela, eta errexkiago, besoen bete urre. Hiru semetarik, bihi bat ez da aita balio duenik, ez indarrez, ez lanaz, ez gizontasunez ere; azken biak, epelago dira, bestalde, erligioneko urratsetan. Zonbat aita, jaidura bereko haurren jabe direnak, bazterretan!… Amak, doi-doi ditu hiruak idukitzen bere hegalpean. Emazte baliosa, egiazki, Ana Josepa: langile errabiatua, ezpainetarik, aldizkatuz, larderia dariola eta otoitza; xuhurra zikoizkeriaraino eta, orozbat, beharrendako ezin gehiago emaile eta bihozbera. Errena jarraikitzen zako bere ahal guziaz, auzo herri batetako laborari gurbil batzuen alaba baita. Ixuriegi ez ote diren, bat ala bertzea, guziz amaxo, Manueltxoren alderat?

Ana Josepak, Iñaxio Mariren gurariari oharturik, ezkontarazten du bigarren seme hau, auzoko laborari etxe baterat: Azkarragako Mikelarekin. Oh! ez egunetik biharrera. Hemengo etxekandere zaharrak, eta Zabaletakoak, hogoita bost hitzaldi eta harat-hunat erabili zituzten, ezin elgar adituz, garbiki erraiten dauku Agirrek. Badut beldurra, Gipuzkoako alde hortan, ez ote direnez diruari atxikiagoak oraino, Ziberoako eskualdean baino. Aitamek, hala nola mutiko-neskatxek, bat bederaren laneko gogo eta eskuaireari behatzen dute lehenik, luzaz, luzaz aitzinetik eta deusik erran gabe; bainan solasetan hasi orduko, laparra bezala lotzen dira bi alderdiak, batek bestearen ontasunen berrri nahiz jakin, guziz batek besteari, ahal bezenbat diru ala gauza, kentzeko xedearekin. Erakutsiegiaz itsusiak dira.

Birrargi hunen irakurtzeari jarraikitzen direnak, oroit bide dira Bazterretxeko etxe-sartzeaz (aurtengo jorrailaren zenbakian) . Halatsukoak izan ziren bada Azkarragan. Ttunttun baten soinua ez ote zutenez haatik gehiago? Jorraileko egun eder batez, mutiko-neskatxak, lerro-lerro zoazilarik, ibarre guziak iduri zuen bestan:

…baratzeko baba landarak, elorriaren loreak eta sasietako arrosak usai on bigun-biguna zabaltzen zuten; gari sail ederrak haizetxoarekin jolasean bezala, zabunean zebiltzan, beren buruakin alkarri muin eginaz;…erle pitin langilleak, lore gozuen kolkoan sartuta, bakartadean, ixilik eta arlotsu, beren arazoari ezergatik utzi nahi ezta.

Bezuza ekarleen aitzinean ikusten dugu, besoak zabalik, eta bira-biraka dabilala, dena zalapart eta oihu, Oñatiko gizon trakets bat, deitzen dutena Peru Odolki.

Holako alegrantzien erdian, Joanes, nausi zaharra, badoa bizkitartean hits: ez dakoa, bezperan, semearik gaztenak aitortua, etxetik urrundu gogo duela, Gaztelerrin diru irabaztea gatik! “Atzerri otsoerri” dio pilpira batekin, bere buruari, aitonak. Ez zako hargatik ahazten, Iñazio Mari ondoan baitu, huni bere kontseiluen emaitea:

Zaharrak eta nekatuak bilatuko dituzu Azkarragako nagusi-etxekoandreak. Begiratu zaiezute guraso bezela, gorde zaiezute ile zuriari zor zaieten begirunea. Goiz guziak dute, beren arratsaldea. Zahartuko zera zu ere, bizi bazera, ta egintzazu oraiñ, gaurko zaharrakiñ, zure buruari ordurako opa diozuna.

Gipuzkoako etxe-sartzeak ez bide dira bizkitartean, osoki berdinak, gure alderdi hotakoekin. Orga ala zaretako puska guziak, bederazka, erakutsi zituen, han ziren guziei, Ana Josepak, Azkarragako ate aitzinean. Bere mokaneseko koropiloa askatu ondoan, agertu ere zuen bere semearen ezkontsari edo dotea: dena urre gorri zaharretan. Azkarragako etxekandere zaharrak, banan banan eskuetan hartu zituan, bat edo bat buruko ilean igortzi, besteren bat harri gañean jo, hiru edo lau aldiz zenbatetu. Arbasoen ohidurak: zinez ari ziren, gure gipuztar arbasoak, eta… zuhurtziarekin.

Etxe-sartzearen araberako ezteiak izan ziren: jan-edanez ezin gehiagoko. Joanes gizagaizoak, bakarrik zuen iragan egun guzia: jankar nakar eta zurbil —beti bere seme Juan Andres gogoan.

Hau urrutirat lekutua, Iñazio Mari ezkontzaz ateraia, bi gizonen eskasean gelditzen da Zabaleta. Artzaintzat hartzen dute adiskide batzuen seme umezurtza, Jose, Manueltxorekin ikastolan ibilia, mutiko begi urdiñ gozodun koxkor polit bat. Etxeko haurra bezala maitatzen dute, laster.

Joanesen loria, arratsetan, bi haurrer ixtorio kondatzen supazterrean! Haren ohoin ipui bat ezartzen dauku luze-luzea Agirrek —Otsoko eta Axeriren ipuia— Gipuzkoako haur guziek badakitena, engoitik, gogoz, hain baita ateraldi orozbat lazgarri eta bitxiz, eta erakaspen handiz betea, burutik buru. “Haurrak, lagun tzarretarik beira!”. Hori da, delako ipuiaren mamia. Ez da, ez, bertzalde, itsura mintzo aitaso: Manueltxok aitortua dako behin, bere lagun batek, Moxolo oñatiar ostaleraren semeak, erakatsia dakola, eskolarat elgarrekin zoazin batez, ez dela ifernurik! Herrian berean badute beraz, haur gaizoek, “Otsokotar” bat!

Bat ala bertzearen baitan Jainkoaren beldurra eta sorterrirako amodioaren berotzera lehiatzen da, eta bere ahal guziaz bermatzen, Joanes.

Bere gizalandaren artatzen ari delarik, Jainkoak bidaltzen dako sari bat: Zabaletan sortzen da haurño bat, deramate Oñatiko elizarat. Aitaso aitatxi, amaso amatxi: Joanes bera eta Ana Josepa. Nola apainduak ez ziren jaitsi!

Ana Josepa bizi-bizi, txit orraztua, soinekorik onena harro erakutsiaz, buruko estalkiaren tsiztanak inoiz baino tenteago zituala, ta aspaldian gordeta iduki zuan zortzi hegiko oihal handi loretua, lepotik bera egokiro ipinita; Joanes, ederki bizarra kendurik, ezkontzarako egin zitzaion jantziz antolaturik, ia oinetaranoko kapa lodi luze tolestua sorbalda gainean jasoaz, ta ehun bigunezko alkondara zuri garbia paparrean agiri zitzaiola.

Biak zihoazen edertuta, gaztetuta, alaituta, lekaio bana egiteko gogoetan; biak usai gozodun: gizonak ereinotz usaia zeraman, andreak alkanfor usaia. Bazituen lagunak: auzoko emakume gazte apain bat, aita Joxe Ramon eta seme Manueltxo, hau eliz-kandela eta apaiz opillarekin.

Haurrari emaiten dakote izentzat Maria Magdalena. Beren artean deitu behar zuten gero Malentxo, eta handitzearekin, ardurenik Malen.

Xinaurria bezala bilduak ziren herriko haurrak, sosketa, bateioa elizatik atera zenean. Zilar eta kobre, zituen guziak ereiten ditu Joanesek, Ana Josepak begi gaixto egiten dakolarik. Haurren artean ikusten dugu, bere indarraz baliatzen eta ja lapurkeriari emana, Moxolo gaztea, ifernurik ez dela zion hura bera.

Malentxo sortuz geroztik amets batean bezala bizi dira guziak Zabaletan. Erran diteke xoratuak ere direla. Amaxok deitzen du elurgilo, gaztanbera, usakume, lili zuri. Amak eresitzen daizko, bere magalean daukalarik, edo ohakoan etzana delarik, haurra, neurtitz ezti samurrenak:

Nere laztana, nere bizitza, / Nere erraien zatia, / Hara zein bigun jarri dizutan / Sehaskatxoan kabia // Sehaskatxoan nahi ezpadezu, / Zuretzako det altxoa; / Egin hementxe, lo ederrean, / Zerutar ames gozoa!

Gizonek, laneratekoan, lanetik itzul eta, orok besarkatu behar dute eta “apatu”. Aro txarretan, bostek, ohakoaren inguruan, egiten dakote “txalopin txalo”, etxekandre zaharraren arabera, holaxet zernahi denbora galtzen dutela.

Azkarragan ez dago goxotasun bera. Ezkonduz geroz, aitzinean baino azoka eta dema zaleago oraino bilakatua dugu Iñazio Mari. Erran behar da, nunahi badituztela merkatuak, Gipuzkoan eta nunahi baino merkatuzaleago direla, Gipuzkoako laborariak. Dela ahari topeka, dela oilar borroka, dela idi dema, dela aizkolari gudu, dela harri jasozaleen, dela palangarien orotarat jarraiki dabiltza, eta dabil, Azkarragako nausi gaztea.

Mondragoneko azoka batean, aurkitzen dugu behin. Azoka gaitza (Garoa-ren idazleak ez dauku uzten tilet bat erakatsi gabe). Ana Josepa ere han zen.

Behin baino gehiagotan aditzen eman zion berak semeari, kendu zezala jokorako seta gaixtoa, ez zedila gehiago apostuetan sartu, lan egin zezala, etxeari begiratu zaiola; baina ezkonduta gero ere, lehengo lepotik zeukan harek burua.

Bai eta ama zaharra ere, bere erasia guzien gatik, Iñazio aizkolari zenean, eta diru puska baten irabazteko edo galtzeko bidetan, bere bihotz barne-barnetik, haren alde:

…harmaila batera igota, beste batzuekin txondortuta, gizadiaren erdira begira, seme maiteari begiak boteaz, ausarta eman nahiaz, susmo txarrean, aiene mintsuan, zitala, errea, pipertua.

Han zabilan oraino, erdi mozkorra, Peru Odolki. Han egiten ditugu ere ezagutzak Patxiko atxeterrarekin; begi erne eta mihi zaluko gizona, Euskal Herria geroago galduago doala, saminki, arrengura den bat.

Anartean, Iñazio Mariren emazte Mikela gaixoa, lanetarat ezin helduz Azkarragan; alorrak zikintzen ari, sasiak handitzen, uztak ttipitzen, urtetik urtera. Bere hersturen jasaiten laguntzeko, ez ditu bere bi haurrak baizik: Martin eta Paula, hau, urte bat eta erdiz Malentxo baino gazteago.

Eta zer berri heldu zaiku Gaztelerritik? Berri guti, direnak ere hala-hulakoak. Idorrak dira, guziz idorrak, Espainia barneko eremuak! Emeki-emeki, hangotu zen bizkitartean, Juan Andres; burdinbidetako lanetan, euskara eta Euskal Herriko ohidura gehienak ahatzirik jarri. Ohartu zitzaizkon etxekoak, San Migel batzuez Zabaletarat, ikuskari, etorri zitzaielarik. Okaztaturik zoko hartaz, laster itzuli zen Gaztelerrirat; Ana Josepak, gauaz, aixtur ukaldi batez, moztu ondoan mustatxak. Zer sistak ez zaizkon eman, bidean zohalarik, zaldiaren gainetik, Patxiko sendalariak! Denik ere, bere espantuez erdi lilluraturik utzi, harek Manueltxo; erdi bildua ja, gerokotzat. Malentxok ere, bere haurtasunean, nahi zuken egin Burgoseko… “arzobispo”! Handik edo hemendik jakin zuen amak, ondoko egunetan, mutiko langilea zela ba Juan Andres, diruari gogorki atxikia, nausiez ezin hobeki ikusia, bainan Galiziako neska tzar batek osoki beretua zaukala…

Zonbait urteren buruko, Zabaletako gazteak ezin ezagutuak dira; zaharrak berak ere, doi-doi. Hok hautsi dira alabainan, nahiz Ana Josepa oraino zimel dagon. Pedro Anton, sehi zaharra, da gehienik indargetu. Joanesi hasiak zaizko zangoak hurritzen, gogortzen belaunak, laburtzen hatsa, ahultzen besoak. Geroago ardurago jaisten ohi da etxerat Aitzgorriko mazeletarik.

Manueltxo ez da gehiago Manueltxo, Manuel baizik. Mutiko zuzen azkar bat, laborantzako lan guzietan ikasia.

Jose umezurtza…

Zabaletako semetzat zeukaten mutil gaztea, goiztarra, ernaia, biozbera ta eskarduna, beti zegoan parre antzean, agintzen zizkioten gauza denak egiteko gertu, nahiz urian nahiz etxean, nola soroan hala mendian, orobat egunaz ta berdin gauaz. Harentzat ez zegoan ez ordu txarrik, ez lan gogorrik ez gauza astunik ez akiakulurik.

Bidetan…

…neskatxa batek baino gehiagok egiten zion agur bizia, abegi esankorra, eta bestek baino askozaz hobea, Azkarragako Paulatsok, mutilaren edertasunaz gainera, bere mendu eta zerzeladak ondo zekizkialako. Baina Joseren begiak etziren inongo neskatxetan behin ere jarri: etxean zeukan nori begiratu, etxean zeukan Malentxo.

Noizdanikoa zen bada Malentxoganako amodioa? Betikoa: haurra zenean, lepoan erabili; zizkortu zenean, ikastetxera lagundu; etxean otoitzak erakatsi, bai eta berrehun eta gehiago ipui; elgarrekin jan, elgarrekin jostatu; handixko egin zenean nexka, lehenbiziko marrubiak, gaztenarik bigunenak eman, eta zelaietan jaiotako lore ederrenak eskaini, horra zertarik zen piztua, artzain gaztearen jas eta lerra.

Orai, Malentxok, andre itxurak hartu baititu —esnea bezin zuri, olioa bezin leun, eztia bezin gozo, garbi, lirain, burutsu— mutikoa herabe dabil haren alderat, lotsakor, kasik iheska. Kezka ezti, gazi-geza, lakatz-leuna, gozo-minkaitza, gogozkoena ta bildurgarriena. Zabaletan morroi sartu, semetzat han hazi, eta etxeko alaba bakarrarekin amets egiten ausartatu! Juan Andresen ganat joan gogo da, bixtatik…

Burutzapen hau agertu zakonean, beharrik aitonak ideki zakon barnea. Hitzemaiten dako Joanesek, Malentxo, gainera erranez, Manuelek bezainbeste ezkontsari ukanen duela, hau bezala etxekoa delakotz. Bainan gazteak baitira oraino biak, urruntzen du zonbait hilabeterentzat, eta igortzen mendirat.

Mutikoaren zoriona! Urte erdi bat osoa ibili zen, Aitzgorri behereko mendisketan —Aloñan eta Gogordon— epero ta peku gabe, akitika ta bertsolari, zoroko ta umeturik arkumetxoekin jolasean, basahuntz irudira lasterka, etorkizunari parrez begira, itxaropen gogoz janaritzen, zoriontasunez gainezka. Ana Joseparen baimena, eta Malentxoren berarena ditu haatik eskas, eta hek dakote, artetan, emaiten lotsa bat…

Ez zen bestalde, sei hilabete hetan, beti josteta ibili Aloñako mazeletan. Negu bat egin zuen izigarria. Otso andana bat agertu zen. Zernahi ikusi zuen, artzain gaizoak, bere ardi eta moxalak ezin begiratuz; ez dakit, ez zuenez galdu ere, bakar zonbait.

Jaisten da azkenean, etzuelarik Malentxo ganik irritxo baten argia baino besterik eskatzen.

Irriño hura, ez ordean ikusi… Neskatxa gaztea, lehenbiziko ongi-etorriak erran eta, hotz-hotza jarraiki bere lanari…

Joseren atsegabea! Ez zuen oraino bihotzaren zolan hauteman holako zimikorik!

Aitona, mutillaz errukiturik edo, ixil-ixilik zebilen. Joserentzat eza eman beharra zakon-eta Malentxok…

Moxoloren ostatu aitzinetik zuten, Paulak eta Malentxok, elizarateko bidea. Han zauden igandetan, atetik so, Oñatiko gazte alfer gehienak, batzu nagiaren nagiz, ate sahetsari uzkailirik, soin-gainaren hazta, zigarreta ahoan, ezpain zokoak irri murrika batez zabalduak, behakoa nirnir, bidean zoazin neskatxa zintzoer keinu, klisk, agur eta deika; bertze batzu barnean, alkietan erdi etzanak, belaun bat bestearen gainean ezarriaz, zango bat dilingo, ele tzar eta tu zariotela, nahaskeria asmatzen, urliari eta sandiari zimikoka, beren mihi zikinaz herritar errespetagarrienen jorran. Oro buru harro, gehienak goiarin, uste zerbait badakitela, eta izaitez sudurra baino urrunago ez ikusten, guti edo aski edanari emanak, beren baitako aztura txar guzientzat, elgarren kotsuaz, eta edariaren indarraz, alapide sortzen. Jauntzi ederrez apainduak bizkitartean, poneta beharriaren gainerat eroria, edo, kopetako ile kizkurra agertzea gatik, garondorat uzkailia. Astelegunetan bezala igandetan ere, han zagon, Peru Odolki, herriko gizonik ezdeusena, arno xorta bat, balakuz bederen, noren ganik zukeen.

Mahainen artean harat-hunat zabilan erne, edale guzier begia zaukala, etxeko semea bera, Moxolo gaztea, Manueltxoren haurreko laguna. Montebideon, Habanan, Madrilen, Barzelonan pilotari ibilia izanik, itzulia dugu, —-aberastu, dionaz. Gizendua da itsuski, larrua leun zurpil, buruko ilea jadanik argaldua. Izengoitia emana dakote Potolo. Bazter guzietako berri badaki; onik arras guti, haatik. Herriko gorabehara guzietan sudurra baderabil eta mihirik tzarrena. Aitamen ahuleziaz, haren ostatua da oñatiar gazte askoren galgarri. Patxiko barbera da bakarra, noizean behin, han gaindi iragaiten delarik, bereak erraiten daizkona, ahoan bilorik gabe, hari eta haren lagun okaztagarrier.

Paulak eta Malentxok, irri ederrik egiten zuten, igandetan, Moxolo, xistez, ikusten zutelarik. Upel gerri aldea, upel arpegia, ez zuten nihoiz asmatu bazitekela halako gizonik. Ez zaukan bizkitartean horrelako, hunek bere burua!

Neskatxek irri mezaratekoan, Zabaletako xokoan aldiz, espaz errea zagon Jose gaizoa. Malentxo maite zuen, bihotz-bihotzetik, eta Moxolo higuingarriak, bere ontasunez liluraturik, eremaiten bazakon?…

Bere auzo Paularekin eleketa zagolarik goiz batez, erakustera emaiten dako bere barneko harra. Nexkatoak zart, nigarra begian.

—Nahi luke Potolok beste batzuen entzute ona, nahi luke neuk dakitan baten arpegia. Hara, Jose: nahiz eta diruz josita egon, Moxolo Potolo ez da egundaino zu adina izango.

Ageri da eguzkia bezein argi, solas hoitarik, Paulak Jose nahi lukela beretako. Ez zen ba, nahi baduzu, Paula, Malentxoren neurrirat heltzen, bainan zen handi eta guri samarra, jaioa, otzana, langilea eta begiratua; hamaikak artuko zukean pozik emaztetzat. Eta haur danik ohartua zen, nolako gizonaren gei zagon, Jose, Zabaletako artzaina.

Hunek ordean bere ametsak, Malentxoren gainean… Batek ez besteak bere gogoaren asetzeko biderik ez; zonbat eztabada eta nigarren iturburua ondoko egunetan! Agirre idazleak, geroago suharkiago, lehiatzen gitu, bere alegiaren irakurtzera…

Arratsalde apal batez, bi gazteak, etxe aitzineko larrainean zabiltzalarik, harat-hunat, astirekin, beren barneko berriak erdizka baizik elgarri ezin aitortuz, horra nun agertzen zaien Peru Odolki, eskutitz batekin, Moxolok Malentxori buruz bidalia. Ostalera kexu alabainan, neskatxak ez zakola igande goizetan nahi zuken bezalako arpegia; ez jakin bertzalde, Malentxorekin noiz eta nola hitz egin… Jose, Peru aditzearekin zuritu, gorritu, hotzitu, berotu, edertue ta itsusitu zan, hiru edo lau aldiz bai. Bainan Peruk ez dako eskutitza eman nahi, ez du utzi nahi ere estalgiari behatzera.

Hainbertzenarekin agertzen da Malentxo, eta eskuraturik letrañoa, sartzen berriz sukaldera patxada osoan.

Larrainekoak ahoa bete hortzekin gelditu ziran, hitz bat atera ezinda.

Garagarril edo bagilaren hastean gira. Joanes Zabaletako ezintzen ari; bere ugazaurraren bihotzeko berri jakinki, berak hazia duelakotz, osoki atxikia Joseri: bere baitan egina du, saritzat eman dezokela Malentxo, aitatxiren nahitik balin badoake bederen, hoinbertzetarainoko zer bat.

Jainkoaren eskuko nahiago du bizkitartean ezarri auzia, orozbat bere osagarriarentzat eginen dakolarik otoitz. Bi gazteak lagun harturik, badoa goiz batez, Urkiolako beilarat.

Jaungoikoak jarri zuan Bizkaian Urkiolako mendia, Arabaren ondoan, Gipuzkoatik hurre samar, eta mendi horren gainean ipini zuten euskaldun sinistetsuek Antonio Donearen elizetxea, zorion guztien itxaropenerako.

Agirrek sogitz luze, xehe, osoki eder bat, eginen dauku Urkiolako beilaz. Ezin ase izan gira, buruan buru irakurtzetik, berriz eta berriz. Ahatzi zako bakarrik idazle onari, erraitea eliza bera nolakoa den, noizkoa, zer gertakarien ondotik, noren eskuz eraikia. Liburuaren hastapenean, Arantzazukoa aipatzean, barka zakioken huts bera, toki hartaz ez baitzuen ondoan mintzatzeko biderik; Urkiolakoaz hoin motz gelditzeko, aldiz, nun estakurua?

Dena den, elizaren inguruko ordokia erakusten dauku, sal-eroslez estalia; agerian edo txosna batzuen azpian hedatuak, jateko, edateko, etxe-barnetako untzi ala tresna, elizarateko zurruburru, aurkitzen da orotarik. Eskaleak ugari, erdi nigarrez, oihuka. Mahain baten gibeletik gizon batek saltzen du gaitz guzien sendagailua: hartzaren koipea, lehoin koipeaz nahastuta. Bertze batek besogainka botatzen ditu paper batzu, nunbaitko krima ezin sinetsizkoaren xehetasunez beteak. Hara hirugarren bat, neurtitz batzu, bi sosetan eskaintzen dituena, osoki ederrak, dionaz, —senpertar batenak, Frantziako pilotarien gainean. Han-hemenka neska-mutil buru arinak elkarren aurrean dabiltz, triskatzen, antxume zoroen antzera, akitika, bira-biraka, irrintzika. Badira ere zoko batean, izpixoka, beroturik, zoin-gehiagoka jaten ari direnak. O beilatokietako nahas-mahas izigarria!

Zabaletako hiruak, elizan luzaz otoitzean egonik, bazter batean jarriak ditugu, ahamen baten jateko. Ez dezakete jasan begien aitzinean duten merkatu zartzaileko burrunba. Joanesek guziz —adinaren ala akidurarena ote?— gogoeta ilunak derabiltza. Ez ditu gaztean bezalakoak kausitzen jan-edanak, gizonak, ez lurra ere. Ederragoak ziren lehen, hobeak, euskaldunagoak; bazuten oraikoek ez bezalako jainkotiar zerbait, orozbat ezti, alai, doian herabe, eta gozoa jendearen aldetik.

Hainbertzenarekin aguratxo bat jarri zaiote aurrean begira, makil buruan esku biak, eta eskuen gainean okotza ipinita. Joanesen ezagun xahar bat da, elgetarra, auzo herri batean bizi dena. Noizbait —askitto nekez— beha eta beha, elgarren oroitbidean sarturik, horra gure bi gizonak, bat-bertzearen ondoan jarriak, gaztetasunetik harateko beren goitibeheitiez, bero-beroa solasean. Liburuak duen zatirik hunkigarriena, bi xaharren erran-merranez idatzi dauku hor Agirrek. Ahotik ezin utzizko orrialdeak… jateko balire.

Austin, Joanesen gogo bereko da, ilunxago izaitekotz:

…lehen euskal usaia, garo usaia zegoan Urkiolan; gaur, mendiko egurats garbia oso kirastua dago.

—Zeinek kirastu du? -dako galdatzen Joanesek.

—Zeinek? Gaitz da erantzuten… Uri handietako haizeak, baserritarren grinak, gizon batzuen siniste hotzak, askoren nasaikeriak; arrotzak eta euskaldunak, etsaiak eta geuk, danak eta danok. Zu pekataria esaten badakit, baina Ni pekataria ez zait ahaztu.

Ororen gain ezartzen du beraz Austinek Urkiolako garo usain onaren galtzea. Onesten du osoki Joanesek. Pipakada baten erretzen abiatzen dira. Gogoa hits bizkitartean, aitonak manatzen daie, Malentxo eta Joseri, urrunt diten, zerbaiten ikuskarat. Badoazi bi gazteak:

…gizartetik zear dihoaz, elkarren lotsaz, batak besteari begiratu gabe, ezertan arretarik ipini ezina. Zer egiten duan eztakiala, hainbeste opil erosi ditu (etxekotzat) Josek, kopeta iluna darabil Malenek, bihotz gabeko neska-utilak dirudite biek, haserratuta daudela esan leiteke.

Bat-batean nor dute ikusten? Osaba Iñazio Mari, Azkarragako nausia, arnoak beroturik haldamaldaka eta erasian; Peru Odolki, hura edana, gibeletik. Oñatiar multzoa inguruan heier beha; hotarik bat Moxolo Potolo.

Jose eta Malen ahalgeturik aldaratzen dira. Bizpahiru urratsen buruko egiten dako bere aitorra Josek. Nexkatoak: ez igurikitzeko deus haren ganik. Mutiko gaizoari gogoratzen zako, etxeko mutila delakotz ez duela nahi etxeko-alabak; den bezala erakustera emaiten dako bertzerik Malenek:

—Ezta hori. Zabaletan morroirik ez dago. Zu eta ni anai-arrebak gera… Jakin zazu behin, zure barruko harra kentzeko inorekin izatekotan, zurekin izango naiz; baino ez itxaron, Jose, ez alperrik itxaron. Bilatu zazu beste bat, zure idekoa. Neskatxa on bat opa dizut, ni baino hobea opa dizut.

Zabaletako hiruak itzultzen dira etxerat. Bide guzian, Josek entzuten ditu hitz hok bere baitan: Iñorekin izatekotan, zurekin izango naiz. Ez du den gutienik etsitzen.

Biharamunean goizean, Peru Odolki, Oñatiko karriketan, loturaz estalia zabilan: Moxolok jorik, ez zakolakotz tenorez jakinarazi, Malentxo Urkiolan zela…

Urkiolako beilan ikusi ginduenetik hurrengo neguan, guziz unatua aurkitzen dugu Joanes:

Burua, abenduan Aralar gaina bezala zuri, zilarrezko hari albainu luzez jantzia ikusten zitzaion; kopet handi zabala, itsas ertzeko hondarraren antzera, lerroz eta zimurrez betea agiri zuan; besoak txito adoregabeak zeuzkan; hankak zerbait indarge eta sorrak; belarriak nahikoa gor eta motelak, soin guztia makila baten gainera eroria zerabilen. Nekez eta laburrak ziran Joanesen oinkadak, gutxi entzuten zuan, ia etzuan ezer ikusten. Pipiak jotako habea zirudian, zedenak jandako zura. Bai, urtreen pipiak eta lanaren zedenak jango ez duan gauzarik ez da jaio.

Elurte batez, Jose ez zelakotz menditik ageri bere ardi eta moxalekin, ez zirelakotz ere ageri haren biderat igorri lagunak, ez dea bertzalde gizagaixoa abiatzen, bera, mazelari gora! Gibeleratekoan alditxartua atzeman zuten, bide bazterrean. Geroztik harat, egunetik egunera ahulezia handiago. Hil baino lehen, nahi du, bere seme eta iloba guzien artean, Eguberri gaua iragan.

Azkarragakoak bazakien nola zabiltzan: erreka jo hurrana, oro janik. Iñazio Mari halako zorren pean jarria nun ez baitzen gehiago deusen jabe. Bere seme Martin biziaren irabaztera Bilbaoko mietarat bidaldu behar izaiterainokoan!

Gaztelerrikoen berriak ere bazituen, berri onak: aberasturik bizi omen ziren, hiriño batean, seme batekin, hau larritua, argia, pizkorra, sendakintzarako ikasten ari zena. Nork lezake hobeki arta Joanes zaharra, deritzo Ana Josepari.

Anartean, sukalde xokoan deramatza Joanesek egunak, eta batzutan gauak. Bere biziko zer guziak heldu zaizko gogorat. Orotaz oroit da.

Izan ere, atzo eta gaur uda eta negua, gaztetasuna eta zahartzaroa, ez daude elkarren urruti; gizonaren goiz eta iluntzea dirala, esan geinke.

Supazterrean, oherat joan baino lehen, etxekoak inguruan dituela, heldu zaizko noiztenka, ezpainetarat, kondaira batzu, xoragarriak. Bat emaiten dauku Agirrek, Haritzarena, atsegabe baitut hemen ezin ezartzeaz, bere hedadura eta edertasun osoan.

Goiz batez, asko tokitako euskaldun zaharrek bezala, oherat ekarrarazten du hil-soinekoa, eta jaunzten. Badoakitela, badoakitela bide handiz, ez dute gehiago dudarik etxekoek.

Heltzen dira bada, noizbait, eguberrilariak. Bainan ez zen izan bozkariozko gaua. Juan Andresen emazteak ez daki euskara hitzik, ez eta ere semeak. Bat ala bestea, sineste gabeak dira; laborantzari ez dute eskerrik; menditar etxeño hura higuin dute herehala; badoazi gibelerat nakaizturik.

Bainan Martin, Bilbaotik itzulia duten Martin gaztea, hura da hura, osoki galdua! Mietako langile lagunen solasek, egunari eta liburu tzarren irakurtzeak, edariak, hiriko linburkeriek espaz eta gogoeta lizunez gainditu dakote, eta ito, bere haurtasuneko arima garbia. Nere ondorengoak horrela izan behar zutenik eznuan uste! zion auhenka Zabaletako nausi zaharrak. Bere haurren haurrek, holako bihozmina eman behar zakotela, Eguberriz; etxekoek haren “pozteko” egin ahal guziak, afari eder eta oro, egin ondoan!

Gehiagorik ere izan zen, nahiz gorde zakoten hau aitonari: mutiko txar likitsa gelditua baitzen, alferkeriaz, etxen, geroago ausartago eta ozarrago joan hura Malentxoren alderat, haletan non egun batez, Pedro Anton, Zabaletako mutil zaharra, bihurtu baitzitzakon. Ba eta haren adin handiaz den gutieneko axolarik gabe, Martinek, gizon gaizoa jo, eta ostikopean ibili!…

Halere nunbaitik, Ana Josepa bere iloba ahalgegarriaren alde jarri:

—Okerra da, bai, okerra da; baino andregei zindo batek ondu dezake. Andregei zindo bat behar du Martinek.

Atsoaren buruan sartua behar duela hau ezkontarazi Malenekin.

Anartean, ukaldiaren ondorioek, adinarekin batean, baderamate Pedro Anton hobirat.

Ehortze egunean ahokian aurkitzen ditugu Zabaletako eta Azkarragako etxekandere gazte biak, Mikela eta Kattalin. Harek huni diren bezala erraiten daizko etxeko berriak: dena merkatu eta joko dabilko senarra, egun ere ez da elizarat jina; hainbertzetaraino eroriak dira, nun ez baitzakote gehiago gelditzen zer jan ez zer edan; alorrak, larre doazkiote; etxeko harresiak berak, lurrerat abian. Ameriketan baitzuten osaba zahar bat, aberastua omen, haren berririk ere ez gehiago ezagun: hila izan behar da, bere ontasunak Jainkoak badaki nori utzirik. Kattalinek ele on zonbaitez arintzen dako gogoa. Ana Josepa baita orai, ororen buru, eta harek nahi baitu, Malen ezkont dadin Martinekin, Azkarraga ez diteke berehala altxa baizik; halako errena batekin, Iñazio Mari ere laster etxeari jarriko da, utzirik behin betikotz joko eta merkatuak. Ordainez, Paula jinen da Zabaletarat, Manuelen emazte.

Zonbait urrats gibelxago ikusten ditugu Paula eta Malentxo. Ezin gehiago goxo, ezin hunkigarriagoak dira, bi neskato gazteen arteko solasak. Malenek, bere kusiari aitorrarazten dako zonbat gogokoa duen Jose. Paula harriturik baratzen da:

—Ez al den ordean hiretzat behar?
—Ez den neretzako egiten dana.
—Eta Martin?
—Gutxiago?
—Moxolo?
—Gutxiago.
—Baina, nolako emakumea haiz hi? Ez den inor maite?
—Bai.
—Handikiren bat?
—Handiena.
—Aberatsen bat?
—Aberatsena.
—Aitaren, Semearen… Jakin liteke zein dan?
—Jakingo da. Orain hago ixilik
.

Urrunxago huna berriz Manuel eta Jose, solasean. Harek ja zerbait aipatua Ixabel deitzen den auzoko etxeko-alaba bati; aitonak aldiz uste, Paula emaztetzat har baleza, hobeki loakela bi familientzat. Bainan ez dirua lehenkusi?, du ohartarazia ilobasoak.

Josek ez dako bererik aitortzen deus, bainan Manuelek adiaraztearekin, Martinentzat daukala amonak Malentxo, sutan jartzen zako barnea eta, epe berean, ahalgeak urtzen du:

…aberats aberatsen ondasuna, gizonik argienen jakituria eta gorengo agintarien agintaritza behar zituzkean Malentxoren oinetan jartzeko, eta ez zeukan ezer!

Etxean hazi umezurtz bat baizik ez izaki!

Ez du bizkitartean esperantza galtzen. Oroit da behin Malenek Urkiolan erranaz; oroit ere, Joanes, aitonak, behin, adiarazirik hauxe:

Manuelek etxerat emazte bat dakarrenerako, hiretzat ere aukeratuko neukan norbait.

Martin Azkarragakoa ez zen ehortzetan, bainan harek bere gogoari emaiten zakon su, ikusiz alde zituela ama, izaba eta amona. Ibarburu hartako neskatxarik ederrena harentzat izan behar zen, eta, gainera, bere lehenkusien ontasunen erdiak bederen…

Alta, bere ardangela zokotik, Moxolo ere bereaz segur zagon: urrez okitua zen, eta Ana Josepak ez zituena maite urreak?…

Bai eta hatzeman ere, handik laster, Moxolok, Ana Josepa. Erran eta erran, dirua eskain eta eskain, dena gezur eta haro, durduzatzen du ostalerak atsoa. Etxeratu zelarik, alabitxiak, zorionez, hoztu zuen, eta hitz gutiz… Amatxik, Martin aipatu zakolarik ere, Malenek erantzun garbiki ezetz.

Zabaletan ezin elgar adituz horrela zabiltzalarik, Azkarragan, halaber ama-alabak, bakotxa bere eskualde: ama nigarretan otoizka Paulari, lehenbailehen har zezan Manuel, eskainia zitzakonaz geroz; alabak aldiz, gogoak ez zakola emaiten. Ah! laborari etxe beheititu batzuetako eztabada erdiragarriak! Azkarragan, amaren bihozmina barnatu baizik ez zen, jakin zuenean, alabaren ganik, ez zezan Malenen gainean ere konda bere seme Martinentzat, etxearen altxatzeko.

Martinek, bizkitartean, ez zuen etsitzen. Bazkalondo batez, ikusirik Zabaletako aita-semeak joaiten Oñatiko azokarat, abiatzen da etxaldeari begira, alderdi guzietan usaika, Malentxo nun aurkituko, neskatxari nundik zerbait adiraziko, eta, nehork ikusi gabe, behitegian sartzen. Neskato gaztea etxe aitzinean zagon, bere aitonarekin.

Abereen bazkatzen ari zela Jose, ez duia aurkitzen Martinek!… Eguberri gauaz geroztik, hain begi gaixtoz elgarri behatzen zuten mutikoak, ikus nun ditugun bekoz beko. Laster, eletik elera, emaztegei bera biek gogoan, pizten dira, kexatzen, sumintzen, bihurtzen elgarri:

—Ez zekiat auzia irabazi dekan ala ez, baino hi ez haiz senargai ona Malentxorentzat.
—Heu hobea, heu. Ze uste huan hik? Gurera morroi sartu ta bertako jaun eta jabe izatea? Ez jaun eta ez morroi, ez haiz inolaz hemen izango.
—Hi al haiz nagusi? Hik baino lan gehiago egin diat nik hemen.
—Baita jan ere galanki, goseak ekarri hituen eta
.

Erran zuen bada erran, Martinek…

Jose kiskaldu zan. Lipar batean, tximixta bezain agudo. Martini lepotik heldu, zimaur lindinga jo erazi, ta bere gainean luze, zintzurretik estutzen zuala, zapladaka ezin aseaz, buru, musu ta okotzean ukabilka, txahutu ta zukutu zuan, etsai likitsa, artzanorak mendean daukan otsoa zukutzen duan bezela. Ikaragarrizko biraoak ertetzen zioten azpikoari, eta gainekoak, birao bakoitzeko, eskukada korotza ematen zion ahora. Hortxe, arraiorrek! Nere gurasoen izen garbia, Jainkoaren izen donea lohitu nahi badek, hara satsa, hara zirina. Jan zak, lizun horrek, jan zak!

Barkatu, irakurlea, nahiz mendiez hunaindian ere ikusten ditugun, noiztenka, holako gudu gogor kirets batzu…

Borrokarien oihuetara heldu da lasterka Ana Josepa, aitzur bat eskuan, eta giderraz emaiten dako gainbehera Joseri, diolarik: ..alde, alde, nahi dekan lekura. Hori etxekoa da, eta hi ez zekiat nungoa. Mukizu bat etorri hintzan, zer janik ez huala…

Ez zuen bietan erran behar ukan. Badoa berehala Jose aitonaren ganat, jakitera, ba edo ez, Malenekin badukenez, geroxago zertzeko biderik.

—A bai! —dako ihardesten Joanesek—. Hara ba, Jose, nik nahi nian, baina ezin diteke… Berak, oraintxe bertan…

Aditu du Josek: eza du Malenen ganik. Husten ditu lekuak, Ana Josepa gibeletik, ele gaixtoa darraikola.

Oñatirako bidea hartzen du, goizean goiz.

Nahigabearen eztenak izugarrizko sastadak ematen dizka. Sastada zoliak Malentxoz oroitzean. Errukaria, Malentxo!… Esku onetan erori behar du!… Ai! neskatxa hura ez da hitzeko emakumea izan. “Inorekin izatekotan, zurekin “, esan zion behin, ondo gogoan dauka. Aingeru batek horrelako gezurra esan behar zuanik etzuan uste. “Zu eta ni anai-arrebak gera”, azaldu zion, eta Jose “anaia” esakerarik garratzenez iraindu zutenean, etxetik ertetzeko agindu ziotenean, hitz gozo bat ez, begirada bigun bat ez “anaiarentzat”. Ez Malenek, ez beste inork. Harkaitzezkoa zuten erraia.

Bat baizik ez da izan Zabaletan, haren alderat bihotz on eta samurrekorik: Joanes aitona.

Biderat ateratzen zako Paula, bere atsegabeen erraitera. Arditik gehiago ez etxean, amak nahi luke Manuelekin ezkontarazi Zabaletarat. Erantzuna dako ezetz. Josek orduan:

A ze bi gauden gu!

Paulak, zart azkenekotz:

—A ze bi… bat izan behar gendukeanak!

Bainan Josek bertze norbaitekin du gogoa.

—Agur, Paula, ikusi arte.
—Ez didazu ezer gehiago esaten?
—Inori baino esker hobea zuri zor dizutala.
—Besterik ez?
—Ezin!
—Agur, ba, agur!

Atseden dezagun.

Agirrek oraino hunkigarrienak begien aitzinean emaitekoak dauzkigu.

Jose gaizoa aitonaren ganat jin baino lehenxago jakinak zituen hunek bere alabitxiaren xederik minenak. Malen, aspalditik, serora joan gogoa zen. Hautatua ere zuen komentua: auzo auzoan, Bidaurreta herrikoa. Hango elizan bazabilan ja ardura, xoko batean bere jarlekua harturik; ahizpaño heien beren jauntzian ikusteak, eta guziz entzuteak, piztua zakoten bihotzean eta berotua, moja izaiteko tirria. Ez zezaken gehiago bere baitan iduk, ez zezaken luzazago gorde.

Harritu zen Joanes zaharra, nexkatoaren ganik aditzearekin. Bere begiak hunek hesteko zauzkan; hau zuen bere saminen eztia, huni zaizkon utziak etxe barneko giderrak, eta ara hortara galdu behar zuela!

Zuhurtzia osoaren jabeek eta sinestedunek baizik eztiki jasan ez dezaketen ezinbertzea… Bere fede azkarrak zuen bakarrik lagundu Zabaletako nausia; erran zakon alabitxiari, Jainkoaren oldea zenaz geroz, joan zitekela etxetik nahi zuenean:

—Ni hilda gero joango bazina, neuk utzitakoa emango nioke Jesusi, eta ez nuke horrela nahi: ez diot neuk utzitakoa eman behar; neuk daukatana, neuk lurrean gehien-gehien maite detan izatea emango diot, nahiz eta zuk etxetik ertetzean, nere bihotza zauriturik odola dariola gelditu…

Zinez uste ere du, fedearen laguntzarekin batean, halaber etsituko duela Josek; are errexkiago etsituko, jakinik noren ganat den joan Malen, ihes.

Bere gain hartu zuen Ana Josepari berriaren emaitea. Ez zen guti harritu amona, ez guti ere ama bera, etxekandere zaharrak agertu zakonean alabaren xedea. Burni sare baten atzean ikusi beharko zuela, noizean behin, besteren batzuk utzitzen ziotenean ez zezaken buruan sar, ez onets, Kattalinek.

Bitartean, Joanesek bilarazten du Jose, huni bere zauriaren ahal bezala eztitzeko. Ez dute aurkitzen mutikoa. Malenek bidaltzen du Manuel Paularen ganat, hunek badakikela, beharbada, norat joan den. Zer kopeta egin zakon neskatxak, ez dautzuet erraitearen beharrik: ez zakotena Zabaletatik kanporat igorri, hemen bere jan eta jauntzian truk, nekerik gogorrenetan, haurtasun guzia ereman ondoan, bere senartzat zaukan mutil paregabea!

Martin zuen bakarrik kausitu Manuelek, Joseren itzaltzeaz bozkariatua. Bainan Zabaletako semeak, Azkarragako seme galdua itzatu bezala zuen lurrari, argitu zuelarik (zoin gogotik ez!) Malenen serora joaiteaz. Manuelek, Martini ahozko zafraldi hori emaitearekin, gozatu ere zen norapait Paula.

Handik laster, zintzarrots bat gaitza, Oñatiko eliza aitzinean, Peru Odolki ezkontzen zelakotz bere iduriko motxurdin zahar zozoska Luisarekin. Garoa-ren egileak erakusten dauku badirela hiru motxurdin mota: batzu, mihi gaixtoa zutelakotz eta ororen orraztazale betidanik izanez, senarrik ezin bilduz geldituak; bertze batzu, “oinezkorik nahi ez, zaldizkorik etorri ez” sudurrerat erraiten ahal zaienak; hirugarren andana bat azkenik, sekula etsitzen ez dutenak, edozein hartzeko gertu daudenak datorrena datorren bezela, gaztea ezpada zaharra, ezkongea ezpada alarguna, zalduna ezpada txorroxkillea. Hotarik omen zen Luisa.

Elizatik ateratzen ari zirelarik ezkonberriak, sartzen da Martin Azkarragakoa Moxoloenean, eta bere adixkide Potolori, ikusi orduko: Errekondo, Errekondo! Eskuetan neukan txoriak iges.

Xehetasunak galdegiten daizko, irri murrika batekin, Moxolok. Besteak: Moja dihoala Malen, Bidaurretara. Uste duzue sinesten duen den gutienik ostaler lodiak? Berautzue otoi! Zabaletakoek gezur bat sakatu dakotela Martini, ez zutelakotz gogokoa, horra zer iduri zakon Moxolori. Bat-batean atseginak gainditzen du gizona: Zabaletakoek harentzat daukakete, harentzat, beren alaba ederra Malen! Eta berehala, oro utzirik, badoa berbera Zabaletarat.

Onean, adiskide bezela hitz egingo zion Manueli, Jose Ramoni zigarro bat eskeiniko zion, Ana Josepari urreak erakutsi, diruak agindu.

Zabaletakoak ez zeuden inorekin berriketan jarduteko. Egun beltza zan hura. Josek etxetik alde, Malentxok erten behar zuala, aitona behinere baino ilunago, Katalin goiz guzian negarrez, amona jaiki zanetik agiraka, Manuel Paularen ahotik ezezkoa entzunda; denak, bihotzeko min bizia gogoratzen

Ana Josepak beltzuri egin zakola Moxolori xuxen ohartu zira, irakurzale maitea. Gehiago dena, Manuelek, sardea eskuan, ez dakola debekatzen etxean sartzea! Bi gizonak zernahi erranka elgarri, eskuak ukamiloturik, horra nun oldartzen zaizkigun, bat bertzeari. Zer joko zuten nork daki, ez balitz atera bere nausi gaztearen alde… etxeko zakurra, eta gibeletik ez balitzako jarraiki Moxolori, hau kexu eta arraiokanago, hura zematsuago ihausika.

Bere ostatu barnerat itzuli zenean, azaletik izerditan bustia ta barrutik su-garretan errea, Peru Odolkik:

—Igartzen diat, konpañeo: gaizki erantzun die hiri Zabaletan. Hire diruen jabe baninduk ni, erregeren alaba ekarriko nikek Oñatira; baino hik, diru eta guzti, baserritar bat ezin irabazi dek. Moldakaitza izan, hor ziok ba!

Erran bazuen erran, zezen bat bezela hasarretu zitzakon Moxolo, mahi azpirat aurdikirik, pasoka eta ostikoka, odoletan ezartzen zuela. Martinek hartu beharrak, horrela hartu zituen Odolkik. Aitor dezagun ez zuela ebatsia: emaztea karrikaren gainean utzirik, bere ezkontegun guzia ardangelan zuen, mozkor tzar harek iragana, ahalgegarriki.

Ostaler oiesaren ganik, aiherkunde zerbaiten beldurrez, Ana Josepak ernarazten du Malen Bidaurretarat. Begietatik urruti, ezta bihotza negarti. Urrunduz geroz, beretako zaukana ahatziko al zuen Moxolok?

Amonak, egun hetan erabili urratsak, nork erran xeheki! Gelarako kurutzea, sartuerako jantzia, bururako lore-ustaia, eskurako argizaria, oro erosi zituen, eta hoberenetarik, alabitxiarentzat. Paperak ere atera, bazkaria manatu, gomitak egin. Emazteki guzier holakoetan ohargarri zaiena, dena ele zabilan eta alegera egun oroz, etxeko alaba gori baten dotearekin sartzen zuela Malen komentuan, bazterretarik nahiz aditu.

Joseri ere helarazi zakon, nolazpait, Malenen burutzapen eta etxetikako abiaduraren berria.

Zabaletatik lekora, umezurtzak joa zuen urrunsko, Bergara aldeko harrobi batetarat. Lan nekea, nihun balin bada, harri zilatzaleena, guziz, barneak laguntzen ez duelarik.

Gauza bat zeukan oker eta izua: ai! bihotza ezin jaurtigi, norberarekin eraman behar, behinere ixiltzeke, beti espaz, minez, eri ta negarti.*

Bidearen bazterreko etxe tzar, ez ostatu ez laborari-etxe, arkaitza alde batetik, oihana bestetik, auzorik ez kabalarik ez baratzerik ere ageri ez zuen etxola zikin batean zuen bere etzantza eta jan tokia; denak ere, bere soinekoetarik zonbait bahikuntzaz hitzemanik ardietsiak! Hango nausi etxekanderen behako zorrotzaren azpian nola bere lagunen artean, beti bere burua arrotz hautemaiten:

Erbesteko izate hau berezkoa da gizonentzat, edonun ezpada, lekurik gehienetan. Erbestekoa da, ez bakarrik alemana Espainian edo Zamorakoa Euskal Herrian, baita ere Donostiarra Bilbon, Getariarra Zarautzen, karrika batekoa bestean, auzokoa gurean eta maizegi —ezin ukatu— etxe barrukoa gure bihotzean. Askoren iritziz, herritar izatea, norbere uste eta gogokoa izatea baino ez da. O zenbat arrotz elkarren ondoan, berek ez dakitela!

Gozatu zen doi bat gizagaixoa, Zabaletako berriak jakitean; arindu, erran zakotelarik, Martinen suhitzat hartzea utzia zutela gogotik, Moxolori zakurra huiatu zakotela ez zadin gehiago ager, Malen serora bazoala. Azken berri hunek zagon hobekienik bere zauria samaldu.

Jaungoikoarentzat izan ez balitz, neskatxa zoragarri hura beretzat, Joserentzat izango zan.

Aitonaz ere oroitu zen:

…aurki joango zitzaion parka eske, alogerak hartutakoan, hurrengo astean.

Malenen komentuan sartzea egun hetan izan zen, hango ahizpañoak berantestera zoazkion eta! Goizean goiz jaikirik, etxeko ingurua egin zuen, barneak azken aldikotz ikuskatu, azken artak eman abereer, eleka heiekin, azken bihiak, purra-purra, botatu, bere oilo maiteer. Paulak zaizkon orraztatu bere ile ederrak, moztu behar zaizkotenak laster. Hauxen da zoria ta izua, dana batera! zion gaixoak.

Ahide, adixkide, ezagun, ikusliar, badoazi oro, lerroka, elizkizunerat. Orgetan baderamate Joanes zaharra, eta mahain sainduen aitzinean sarrarazten, bere buru zuritu ederraz berazten dituela bihotz guziak. Zelaiaren erdian geldituak dira, errabia dariotela, Moxolo, Martin eta Peru Odolki. Su eman lezakete gogotik Bidaurretari, dauzkan apez, serora eta atso guziak guziak behin betikotz suntsi ditezin!

Komentuaren aitzinetik eliza barnerat zoala Malen, ikustearekin, oi! Kattalinen bihotz erdiragarria!

Alaba maiteari lepotik heltzen dio, hil zorikoak bizitzari bezala eusitzen dio, jartzen bere bular gainean estu, oso estu!, ta euki ta igortzi, eragin ta astindu, negar ta musu, laztan bekokian, laztan begietan, laztan ezpainetan, erraietara bihurtu nahi luke berriz, erraien erdian gorde nahi luke beretzat, beretzat bakarrik… Ai! ene badata, utzi egin behar, betiko utzi behar!

Elizatik atera ondoan, emaztekien arteko solasak, hunelaxekoak ziren, beti bezala: predikaria ederki mintzatu zela, Malenek behatzik ez zuela higitu, higitu zituela bakarrik begiak aitonari behatzeko, huni malko lodiak erori zitzaizkola, burasoen aldean, bertzenaz, berdin zerua irabaz zitekela, eta abar.

Paula bakarrik zagon, ixil, begiak alde orotara: zergatik ez zan Jose inon agiri?

Horra nun harrobiko langile batek ekartzen dakon Joanesi berri lazgarria: garrautsak su harturik, lehertu dela harrobia eta hats-bizi atera dutela handik Jose. Sendatzen bada ere itsu geldituko dela.

Badoazkio berehala Manuel eta Paula Bergarako ospitalerat, Joanesi auhenka herritarrek entzuten dakotelarik:

Bai ondo zorigaiztokoa mutilla! Bai ondo nekepean izateko sortua!

Malenen eztei berezien ondotik, hamabortz egun iragan dira. Eibar deitu hiriskan bilkura handi bat egina dute hango lantegietako gizonek. Gehienak zozialistak dira, batzu anarkistak: lana guti maite edo baterez, dena aho eta zintzur, dirua baizik ez Jainko, barne egosiak, nausien alderat beti bihurrian, eta ardura oldartuak. Han aurkitzen dugu berriz gure egundainoko Patxiko. Ez dauka mihia sakelan. Bost egia samin adiarazten ditu, langile gaizoen gezurrez hantzera, etorriak diren mintzazaleer. Han aurkitzen dugu Moxolo, noiz apez eta armadako aitzindari guziak garbituko dituzten jakitera jina, eta Martin, euskaraz euskaldunen argitzekotan, mahain baterat igana. Gipuzkoan ikusten bide da holako, industria hanitz badelakotz. Agirrek erakutsi nahi ukan dauku nolakoak diren langileen arteko bilkurak, nola badiren, euskaldun umeen artean berean, batzu ipiztazale jarriak, eta zer ahopaldiak egozten, nolako ziriak ere daizkoten sartzen, gizon zentzudun bipil batzuek.

Eibarreko kalapitaren oiharzunik ez da heltzen Oñatiko hiri gozorat. Bizkitartean…

Goienetxeko aldapan gora, zirrin-zarran, gizon gazte bi dihoaz. Batak arpegia zapiz estaldua darama, ta oina non ipintzen duan ez daki; besteak besotik eutsiaz, zapidunari ezkerrera edo eskubira eragiten dio, koskarik jo ez dezan, hutsuneetan erori ez dedin.

Manuel eta Jose ditugu.

Zabaletako Joanesek goizean hartuak ditu elizakoak; arras gaizki da.

Ohe zurian luze luze, burko bigunean burua hondatua, arnasarik hartu ezinda, izerdi larriz bustirik, azkenetan dago Joanes, Zabaletako nagusi zaharra, Aloña mendiko jaun eta erregea… Bere patsadeak, bere begi gozoen leinargitasunak, bere ile ta bizar zuri luzeak, Lege Zaharreko gurasoen itxura ematen diote.

Bere etxeko guziez oroit da, bihozminekin ikusten ere du Zabaletan ez dela gelditzen egiazko buruzagirik, gerokotzat. Hasperen baten ondotik:

—Bai aldator, galdetzen du, mutila bai aldator?

Agertzen zako azkenean Jose, Manuelen eskutik, eta ohe aitzinean belaunikatzen.

Bata ohearen ertzean belauniko, eta bestea mutilaren buru ta arpegia ikutzen, Isaak eta Jakob dirudite; baina hemen Isaak baino itsuago da Jakob, Joanes baino itsuago Jose.

Solas labur amultsu batzuen ondotik, erraiten dako Joseri:

—Nere ordeazko izan behar dek: sukaldeko zizailuan jarriko haiz, nere lekuan jarriko haiz, nere aginpidien jabe ipintzen haut, ni banintz bezela begiratuko diate.

Mutikoak ezetz: ez dela gehiago lanekotzat on; etxekoentzat luzaro jasangaitz litekela; eske hobeko duela ibiltzea atez ate, Jaungoikoaren izenean.

Joanesek eskaintzen dako, Malenek etxetik abiatzean utzi kurutzefika, eta besarkarazten:

Hiretzat dek geroxeago; orain, pitin batean, neretzat… Zeruko giltza dala uste diat.

Gero umezurtzaren ezpainetik, bere ezpainetarat derama, eta laztan bero, gozo, luze baten bitartez ematen dio Joanesek Egille Altsuari, anima, euskaldun animarik ederrenetakoa.

Hil berria hedatzen da berehala Oñatin, hiritar guzien bihotzak iluntzen dituela. Kanpaien hotsa heltzen ere da Bidaurretaraino, Malenen beharrietarat, bere otoitzean hunela jarraikitzen baita alabitxi maitea:

Desiderium cordis ejus tribusti ei: et voluntate labiorum ejus non fraudasti eum…
Bere bihotzeko lehia orain bete diozu; bere ezpainetako eskaria ez da izan alferrik
.

Badu bi urte, orai, Joanes Zabaletakoa hila dela. Bainan…

…nola garoari, sustraia gelditu ezkero, ezpaitio axola hegi ta hegal guztiak igitariz moztuarren, halaber Zabaletan, Jose Ramon etxeko jaun, euskalduntasuna oso lehenean daukate, lehenean ta berean; arlo, hizkera, ohitura ta jarraipide guztietan… Artalde handien jabe da, moxalak txito ugaldu zaizko; ukuiluan nahi adina ele gordetzen ditu, ganbaran behar adina eta gehiago ale, ate aurrean ta eilor barruan hainbeste garo eta inaurkin.

Ana Josepa, andretxo ihar zimur bat bilakatua, sukalde bazterrean kantu dardaraz ari zaiku:

Sehaska zaharrak haur berria du / Zeruetatik jetsia; / Aingerutxoek ekarri dute, / Hezur ta haragiz jantzia. // Jaunak eman dit neretzako ta / Nerea det nik Malen. / Maite kutuna, ezaidazala / Jaun zerukoak berriz ken.

Haurño hura Manuel nausi gazteak Ixabelekin ezkontzetikakoa du, eta Malentxo dakote emana izentzat, Bidaurretako izebaren oroitzapenetan.

Eta Gaztelarrikoetarik zer berri? Ezin gehiago txarrak. Juan Andresi ontasun guziak jan zaizkon bere seme ezdeusak. Beste ogibiderik ez ukanez, han badabil orai, hiriz hiri, nausi eta langileen arteko aharra guzietan, sudurra sartua: beretzat adina izan ez, ta besteak baino gehiago dala uste; bere burua oker erabili eta besteak zuzendu nahi. Aita dohakabea, diru eskez, Zabaletarat…

Urrikaldurik, lagundu gogo dute, bere etxeko aneiak eta ilobak, Azkarragakoekin batean.

Ezen Azkarragan gain gainetik jarriak ditugu, Jainkoari esker, eta nehork uste ez zuelarik.

Joanes hobiratu zan egunean bertan, jakin zuten Ameriketako osaba zaharraren hil berria. Aberats hil zala ta bere ondasun guztiak Oñatiko ahaideentzat utzi zituala!

Ordu beretik, heldu zitzakon erorkia eskuratu eta, tarrapatan, Martin ihes joana zuten Donostiarat. Geroztik hunat, nor edo nork ikusten omen zuten hemen, jan, edan eta lizunkeria guzietan aberetua, bainan ez haatik lehengo adixkideen adixkide. Aberastu zena bada, ukatu zuen langileria guzia… Ikusten ohi da holako, bazterretan!

Paulak, bildua zuen azkenekotz Jose.

Norbaiten beharrean dago mutila, zakon erantzun behin baten amari bipilki, eta neuk zainduko det: etxean edo txirotegian neu izango naiz Joseren ama, edo arreba, edo neskamea…

Begitako argia jin emeki-emeki mutikoari eta begitarteko zauri guziak sendatu. Semeño bat ere badute, xutik abiatua, aitaita erraiten ikasia. Aitaso loriatua dagokio, ezen bizi da oraino Iñazio Mari, aizkolari eta demazale aipatua, nahiz ez diteken gehiago alkitik jaiki.

Artetan agertzen zakote Peru Odolki, ogi puska baten eske, edo, hobeki erraiteko, arno xorta baten…

Moxolo aldiz, bere ostatuan, barrika bat bezala eginik dago, urina dariola: beti Zabaletako atsoaren eta Bidaurretako elizaren erretzeko —arraioak ezpaituk—, beheretarren ganikako manuaren aiduru…

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak