kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Paradisua / Arrate Egaña / Elkar, 2012

Koska bat gutxiago Aritz Galarraga / Deia, 2012-06-16

Aurretik hainbat gauza idatzi, saritu eta argitaratuak baditu ere, badirudi publiko zabalago batengana iritsi dela argitaratutako azken liburuarekin Arrate Egaña. Haur eta gazte literaturaren eremua praktikan haur eta gazteei mugatua izanik, akaso, saritutako testuek behar baino zabalpen urriago edukita, agian, publiko ustez helduarentzako ipuin bilduma kaleratu behar izan du ohiko argitaletxe baten eskutik hedabide-makinariaren begiak hari begira jartzeko. Paradisua bildumarekin iritsi du Egañak nolabaiteko oihartzuna: bost ipuin dira bertan bildu dituenak, bostak ere independenteak, desberdinak, bakoitzak bere irakurketa eskatu eta ematen dutenak, baina hari komun batzuek zeharkatzen dituztenak alderik alde.

Hari nagusia izan liteke ipuinok mugatzen duten eremua. Zera fokatzen dute, besteren gainetik: familia deitzen diogun instituzio hori, familia molde tradizionala, hiru bat belaunaldi hartzen dituena, gaur-gaurkoa, klase ertainetik gorakoa, orobat euskal girokoa. Liburuan ez da bereziki familia molde horren kritikarik egiten, obserbazio moduko bat baizik, familiako kideen eginbidean, jardunean, ohikotasunean jartzen dute arreta ipuinok. Planoa apur batean ireki, eta gizakien arteko hartu-emanak, erlazio afektibo-sentimentalak mintzagai dituztela esango genuke, baita nagusiki familiaren testuinguruan kokatzen direla ere. Baina gauza bat: ez da bakarrik horien gaineko ikuspegi kritikorik ez dagoela, ez dagoela horietan zalantzarako biderik; kontua da narrazioren batean eskaintzen den gauzen ikuspegiak kirrinka egin didala. Gehien Paradisua ipuin homonimoan egiten den emakumearen bizitza sozial-sexualaren irudia, xaloa oso, gizonarenganako dependentea erabat.

Eta gero falta zaie ipuinei tentsioa. Nik ez dut ezer akziorik gabeko narrazioekin, erritmo geldoko narrazioekin. Justu kontrakoa, ezaugarri horiek bertute ere izan daitezkeela sinetsita nago modu egokian osagarritzen badira. Gainera ipuinok badute akzioa eta badute erritmoa, nahiz izan bakana eta nahiz izan geldoa. Baina tentsiorik eza ezin diot barkatu ipuin bati, tarte txikian irakurlea katigatu behar baitu ipuinak, denbora-tarte urriagoa du gainera gintza horretarako. Tentsio hori eta sugestiorako joera, elipsiaren erabilera, ezkutaketa, tranpa egitea, eraman zaitzala ez zuk uste zenuen lekura, baizik eta oso diferentea den beste batera. Abenduak 21 izeneko ipuinari nabaritzen zaio iradokizunerako nahia, baliabide horren erabilera. Baina, pentsa, azken ipuina da hori. Eta berau egin zait interesgarriena, hasteko plus bat eransten diolako tramaren gogortasunari —esan dezagun, haur baten bortxa eta heriotzaren inguruan dabiltza zabuka ipuineko pertsonaiak—, eta gero zerbait dagoela aditzera ematen duelako zerbait hori zer den esan gabe, irakurleari uzten diolako, zer utzi, eskatzen diolako jar dezala bere partetikoa.

Azken batean ipuin zuzenak dira, zuzen idatziak daude, hasi eta buka irakur daitezke arazorik gabe, liburua uste dut dela irakurgarria bere osotasunean. Baina ipuinek falta dute zerbait, bizitza pixka bat, odola zainetatik, koska bat gehiago estutu beharra. Eta akaso asko eskatzea da ipuinaren generoari, nobela ahalguztidunaren aurrean indar handiagoz bilatu behar baitu bikaintasuna.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak