kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

Dorian Grayren egiazko erretratua / Aitor Arana / Txalaparta, 2011

Bertsioen garaia Iratxe Esnaola / Berria, 2012-05-20

Gutxi izango dira Euskal Herrian Oscar Wilden lana Aitor Aranak adinako arretaz landu dutenak. Idazle irlandarraren hainbat lan euskaratzeaz gain, 2009ko Irun Hiria saria eskuratu zuen Wilden biografia nobelatuz, “Oscar eta Sebastian” lanarekin, hain zuzen. Dorian Grayren Erretratua-ren bertsio libre batekin datorkigu orain. Betiko gaztetasuna lortzearen truke arima saltzen duen gaztearen narrazioa irakasgai moral moduan interpretatu izan da. Juzgu moraletik ihes egindakoek beldurrezko kontakizuntzat ere hartu izan dute. Eta, hirugarrenik, gay eleberri aldetik ere aztertu izan da. Aranaren iritzian, armairuan idatzitako gay eleberria da. Legazpiar idazleak modalitate librean birmoldatu du istorioa, galdera honi erantzunez: nolako eleberria idatziko zuen Wildek bere garaia gurearen modukoa balitz gay askapenari dagokionez? Bazterreko identitate disidenteok erreferente bilaketa egin izan dugu literaturan, kultura hegemonikotik ihes egiten zuten obren bila. Baina erreferente bilaketaz gain, lerro artean irakurtzen ikasi behar izan da garai bakoitzak idaztea debekatzen zituenak eta modu disimuluzkoan txertatzen zituztenak atzeman nahian. Ariketa hori bera gainditu eta osatzen duen jolasa da obra hau, nire iritzian. Estatuan argitaratutako Las razones de Jo eleberria gogorarazi dit, Louisa May Alcott idazlearen Litlle Women eleberri ezagunarekin Isabel Franc idazle kataluniarrak egin zuen esperimentua. Liburuko lau alabetatik Josephine hautatu eta haren bertsioa egiten du, gizonekiko autonomo eta lesbiana bihurtuz.

20 kapitulu dituen bertsioaren egiturari eutsi dio Aranak, eta, ahal zuen neurrian, kapitulu bakoitzaren hasiera eta amaiera ere bai, esaldiak bere horretan utziz. Wilden lana berrirakurri ondoren ekin diot bertsioari, eta uste dut asko laguntzen diola haren egiturari eutsi izanak, agertokiak eta zenbait elkarrizketa emanak baitaude, baita elkarrizketa gaiak ere. Izatez, hitzez hitz kopiatutako pasarteak badira (epigrama ezagunak, tartean). Trama talentuz eta graziaz eraldatu du, alabaina, eta eleberri entretenigarria osatu. Dorianen inguruko bi protagonista nagusiekin sexualitatearen gaineko bi ikuspuntu azaleratu ditu. Lord Henry Wotton gay ezkondu bihurtu du, eta Basil Hallward artista armairuan gorde. Biak maritxu, aurrenekoa ondo pasatzea beste erantzukizunik ez duen sexuketa askearen alde badago, bigarrena maitasun erromantikoaren harian korapilatzen du. Esan gabe doa Dorian gazteak eta eleberriak ze norabide hartzen duten. Nobela pornografiko bihurtuan originaleko pasarte tragikoak kendu eta Sadeko Markesaren kontakizuna balitz bezala, eszenan sartzen den pertsonaia orok (emakumeak ez badira) sexuketan amaitzen du. Familiako kideen arteko harremanak normal gertatzen dira eta, sexu molde ugariren artean, fistingak eta prostata bidezko orgasmoak ez dira falta.

Umorearen atzetik jardun da egilea, eta amaiera arte hari eutsi. Erretratua, Wilden lan originalean gertatu bezala, eraldatu egiten da, eta Dorianek gazte iraun nahi duela erreklamatuko du, baina zera pikanteago bat gehituz, horretarako arima saltzeko prest. Erretratuaren aldaketak, gainera, perturbazioa eta isolamendua ekarri beharrean distrakzioa eta poza dakarzkio. Auto adorazioaren eta narzisismoaren joera hartzen du tarteka, gaztetasuna eta edertasuna laudorioz betez. Egungo jendartearen ispilu izan nahi? Lord Henry Wottonen presentzia originalean baino urriagoa da, protagonismoa galtzen du, beraz, baina esan bezala, haren epigramek liburua zipriztintzen dute eta umorezko tonu orokorrari eta irakurketa atseginari lagun egiten.

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak