« Apatxekin idazten | Bertsioen garaia »
Tximistak / Jean Echenoz (Gerardo Markuleta) / Meettok, 2012
Izaera argiaren korronte ilunak Ekhiñe Egiguren / Gara, 2012-05-19
Jean Echenoz idazle frantziarraren Tximistak liburua trilogia baten azken alea da, Nikola Tesla zientzialari eta asmatzaile kroaziarraren bizitza kontatzen diguna. Gerarlo Markuletaren itzulpen hau Meettok argitaletxearen eskutik datorkigu, Ravel eta Lasterka aurreko bi liburuen ostean.
Lehenak Maurice Ravel musikaria zuen protagonista, bigarrenak Emil Zatopek atleta errusiarra, eta azken honek, aipatu zientzialaria ardatz harturik, aise eta gustura irakurtzen den idatzia dakarkigu esku artera.
Hirurak pertsonaia erabat ezberdinak dira eta antzekorik ezer gutxi izan dezaketen arren, badute abilezia jakin bat beren bizitzak menderatzera heltzen dena. Halere, ez da kointzidentzia hori trilogiaren haria, Echenozek liburu hauetan biografiak kontatzeko sortu duen modu berezia baizik. Idazleak berak esana da ez dituela biografiak idatzi nahi izan, pertsonaiak eraikitzen saiatu dela. Liburua idatzi aurreko ikerketa eta dokumentazio faseetan ez duela testuekin bakarrik lan egiten, irudi, argazki eta soinuekin ere dokumentatzen ahalegintzen dela, irudimena pizteko. Horrexegatik, ezinbestean, idazlearen irudimena nabarmenki senti dezake irakurleak liburuan zehar.
Nikola Tesla asmatzailearen jaiotzak hasten du kontakizuna. Misterioz inguratutako gertakaria, Europa ekialdeko herrixka batean denbora zehatzik gabe eta argiaren presentziatik kanpo. Izaera berezia deskribatzen da haurtzarotik, argitasun apartekoaren zantzuak dituena, baina era berean eszentrikoa, urruna, desatsegina, giza harremanetarako zailtasunak eta mikrobioekiko obsesio neurriz kanpokoa duena. Eta bereziki guztia zenbatzeko ardura, dirua ez den beste guztia. Arduragabetasun hori izango da, oro har, pertsonaiaren akatsik handiena, ezbeharrak korapilatuko dituena. Ameriketako Estatu Batuetan bere asmakizunen patenteak erregistratuko ditu, betiere, ideiak nahikoa garatu aurretik, hainbat asmakizunen autoretza ostuko diotelarik. Eta halere, korronte alternoaren aita izango da eta martetarrekin hitz egiteko modua topatu nahi izango du.
Errealitatearen eta fabularen arteko generoa darabil autoreak. Gertaeren narratze hutsetik harago ipuin moduan kontatzen da jenio xelebrearen bizitza; egoera muturreko eta mingarrienak ere, labur eta ia modu komikoan azalduz. Ironia fina du Echenozek. Batzuetan barrea sorrarazten du, besteetan sentiberatasuna, inoiz pena apur bat ere bai. Tonu malenkoniatsua mantentzen du hasieratik amaierara eta sentimendu kontraesankorrak eragiten ditu denbora gutxian.
Hogeita zortzi zurrupada laburretan irensten da edabe hau. Pertsonaia erabat hurbilekoa egingo zaio irakurleari eta benetako gizaki bati buruz ari dela ere ahantz dezakegu.
Bizitza nobelatua da, eleberri modura azaldutako izatea. Eta bai, egia da, azkenerako ez dakigu zer den benetako biografia eta zer idazlearen irudimena. Fikzioa dirudi pertsonaia erreal baten bizitza baino. Baina ez dio axola, berdin-berdin zaigu. Literaturaz eta literaturarekin gozatzeko idatzitako liburua baita. Aurreko biak bezainbat. Benetan gomendagarriak hirurak.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro