kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Aitaren pitokeriak / Justin Halpern (Uxue Alberdi) / Alberdania, 2011

Aitaren pitokeriak Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2012-03-18

Idazlea? Gidoi egilea? Edo, gaur egungo freaky horietako bat besterik ez? Egia esan, oraindik ez dut Justin Halpern (Point Loma, AEB, 1980) eta haren liburua kalifikatzeko adjektibo egokia topatu baina, tira, ziur naiz zuek ere ondo pasako duzuela Aitaren pitokeriak (Shit My Dad Says) irakurtzen.

Egia esan, gogorik gabe heldu nion liburuari. Arrazoia? Ez naiz Interneteko sare sozialen batere zalea. Halpern erabat ezezaguna zen niretzat, eta Twitterren bere aitaren lelokeriak zintzilikatzeagatik arrakasta masiboa lortua zuela jakin nuenean, ene oinarri moral egoskorrengatik edo, liburu pendienteen zerrendako azken txanda eman nion. Behin irakurrita, ez dut uste milaka pertsonarekin batera Shit My Dad Says webguneko (http://shitmydadsays.tumblr.com) jarraitzaile amorratua bilakatuko naizenik, ezta sare sozialei buruz daukadan iritzia aldatu zaidanik ere. Imajinazioa eta orijinaltasuna ukatu ezin zaion arren, Halpernenganako erlazioa haren liburuarekin hasi eta amaitu egin dut.

Zintzotasunez, Halpernek azaltzen du bere arrakastaren jatorria. 28 urterekin, neskalagunak utzita eta lana galduta, gurasoen etxera itzuli behar izan zen. Ordurako, Sam Halpern, 63 urteko aita, erretiroan zegoen eta orduak igarotzen zituen etxean, munduaz gaizki esaka, bere nortasun zakar bezain dibertigarria agerian uzten duten komentario lotsagabeekin. Justinek, aitaren esaldiak hartu eta bere “egoera-mezu”-tzat zintzilikatzen zituen Twitterren. Nork espero zezakeen etxe barruko kontuak fenomeno sozial bilaka zitezkeenik? Nola azaldu bere aitari, egun batetik bestera milioika jarraitzaile dituen Family Guy prototipoaren irudi berria bilakatu dela? Horra Sam Halpernen erreakzioa, semea kontuarekin joan zitzaionean: “Argitaratu nahi duana. Bi baldintza baino ez dizkiat jarriko: ez diat inorekin hitz egiteko asmorik eta, kopurua edozein izanda ere, irabazten duan diru guztia hiretzat. Nik ez diat hire diru zikinik behar, badiat neurea”.

Horren emaitza, Justinen haurtzaroaren eta gaztaroaren bitarteko pasarte hautatuez eraikitzen den umorezko autobiografia dugu. Justinek gogoratzen du bere haurtzaindegiko lehen eguna, eta aitarengandik jasotako laguntza lasaigarria: “Gogorra iruditu zaik? Ba, haurtzaindegiak estresatzen bahau, oso berri txarrak zauzkaat geratzen zaian bizialdiari buruz” edo, jendearekin atsegina izan beharraz jaso zuen gomendioa: “Aizak, bazekiat ez zaiala lodikote horrekin jolastea gustatzen, ama ahozabal hutsa dik-eta. Baina umeak ez dik ama urdanga baten semea izatearen errurik. Saia hadi berarekin atsegina izaten”. Eta, nola ez, lehen neska-lagunak utzi zuenean aitak bota zizkionak: “Aizak, ulertzen diat hi lur jota egotea, baina hemeretzina urte dituzue, ez huen ba pentsatuko gizaldi eta gizaldietan harekin bakarrik txortan egiterik, ezta?”.

Momentu desberdinetan, aita-semeren arteko erlazioa islatzen duten eta telesail komiko batetik atereak diruditen sketch itxurako narrazio laburrak dira. Eszena bakoitzaren amaieran, bere aitarengandik entzun izandako erokeria solteen zerrenda eskaintzen digu, Twitterren zintzilikatuko zituen aita astakilo baten perla bikainen gisara.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak