kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Gauza guztiak / Rafa Egiguren / Pamiela, 2011

Den-dena Igor Estankona / Deia, 2012-03-10

Txinerazko esaldi bat dakar azalean liburuak. Hamar mila gauza, dio. Txinatarrentzat zerupean hamar mila gauza daude zehazki. Gauza guztiak eta hamar mila gauza sinonimoak dira. Hamar mila gauza horien artean badago orain, beraz, beste bat, liburu berezi bihurtua. Rafa Egigurenek bilketa-lana eta hausnarketa dakartza liburu berezi eta bakan honetan. Txinako literaturaren altxor txikiak gordetzen ditu, eta euren kulturara hurreratzeko modu bat izateaz aparte, bada zubi bat ere gugana, Txinak munduari zenbat eman dion azaltzen duena. Herrialde hertsiaren mitoa, uneka, berretsi egiten da, baina beste askotan jakintzaren sorburu izan dela konfirmatu ere bai.

Rafa Egigureni Txipiroiren bat edo beste (Ustela, 1981) eta Mugarrien garraioan (Susa, 1986) poema liburuak ezagutzen dizkiogu. Ilargia putzuan ageri (Erein, 1990) eta Chevrolet tropikala (Susa, 2007) eleberriak ere bai. Mandarin dotore CDarena daukat gainera oroitzapen ona, gaur dakargun Gauza guztiak honekin lotzen dudana nolabait. Liburu-disko formatuan kaleratu zuen Gaztelupeko Hotsak disko etxeak eta hitzak (Tang olerkiak txineratik euskarara Egigurenek ekarriak), irudiak (Zumeta) eta musika (Senperena) batzen zituen. Esaera zahar batekin aurkeztu zen asmoa: “Eguraldiak inguruko bazterretan bezala, aldarteak gobernatzen du gure barruko giroan”. VII eta X. mendeen arteko Tangdarren erresumako olerkariek euren idatzietan erabiltzen ei zuten.

Baina Gauza guztiak hau zer da, ostera? Saiakera ote da, edo poema bilduma pertsonal bat, hausnarketarako aitzakiatzat balio duena? Definizioek ez dutela balio idazleak berak gaztigatzen digu, badaezpada: “Irakurleak, oro har, edozein idazketa bitarteko, irakurtzen jakin ez ezik, zirkulazio-arau batzuk bete behar izan ohi ditu, nahi oharkabean, liburuan sartu eta barruan ibili ahal izateko. Esate baterako, txineraz ez dute hitzen artean tarterik uzten eta badirudi, leihoz leiho, karakterez karaktere bereganatzen dutela izkribua; gurean, aldiz, soka bihurri baten antza dauka hitz bakoitzak eta testuak berak ere, eta ematen du askatu beharra dagoela ulertu ahal izateko”. Liburura Egigurenek dakartzan Li Bai, Wang Wei, Du fu… maisuen hitz neurtu, eder, zehatzak irakurtzea atsegina den modu berean da atsegina Txinako sekretuen gainean jakitea. Idazleak herrialde hartan egindako egotaldiaren ohar-sorta da, finean, Gauza guztiak, non ikastaldi bihurtu zen Egigurenen bidaia hura liburu bihurtu den. Orain dela 25 urte ibili zen idazlea Txinan, eta aldaketak izugarriak izan diren arren, hemen eskaintzen dizkigunak kultura haren oinarriak dira, denborak nekez aldatuko duen barru-barruko jakintzaren zati txiki bat, besteak beste Zhung zi-k betikotua: “Yang maisua, Song aldean zebilela, ostatu batean eman zuen gaua. Ostalariak bi andre zituen: bata eder, bestea itsusi. Itsusia estimu handian zeukaten eta ederra gutxian.Yang maisuak zergatiaz egin zuen galde. Ederrak uste du ederra dela —esan zion bertako mutilak—, baina guk ez dugu horrela uste; itsusiak uste du itsusia dela, eta guk ez dugu horrela uste”.

Bada, guk uste dugu Gauza guztiak ederra dela, gomendatzeko modukoa. Txinatarren jakintzaren bitartez gure jakintza aberasten du, eta hango edertasunen bitartez gure sentimenak azaleratu.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak