« Sentiberatasuna detaileetan | Misterioaren haria »
Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu / Sergi Pamies (Gerardo Markuleta) / Txalaparta, 2011
Imintziorik egin gabe irakurtzen baduzu Iratxe Esnaola / Berria, 2012-02-12
Nagusiki katalanez idazten duten egungo idazleen artean Quim Monzoren izenak egiten badu dirdirarik gehien, ez dabilkio urrun Sergi Pamiesen (Paris, 1960) izena. Pamiesen lan guztiak izan dira gaztelerara eta frantsesera itzuliak, baita beste hainbat hizkuntzatara ere. Hiru eleberri ditu idatziak gaurdaino: La primera pedra (1990); L’instint (1992) eta Sentimental (1995). Baina kontakizun laburrengatik da, batez ere, ezagun. Sei ipuin liburu argitaratu ditu orotara, eta La Vanguardia-n eta beste zenbait komunikabidetan idatzizko kolaborazioak egitetik bizi da. 2006an argitaratu zen Gerardo Markuletak itzuli duen Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu ipuin bilduma hau da euskarara ekarritako haren lehen lana. Benetako arrakasta ekarri zion bilduma, hain zuzen ere. Pamiesenak dira, halaber, La gran novella sobre Barcelona (1997) eta La bicicleta estatica (2010), besteren artean.
Liburuko ipuinetan lehenengo pertsona narratzaileak dira nagusi. Egia da narratzaile gehienek antzekotasunak dituztela beren artean. Gizonak dira ia denak, gristasuna darie, bakar antzean daude eta ezer heroikorik ez egiteko borondate irmoa dute. Liburua irekitzen duen aipuak honela dio: “—Ez duzu errebelatzeko asmorik izango, ezta? —Zeren aurka? (Doctor Katz marrazki bizidunen telesaileko elkarrizketa)”. XX. mendean letra larriz idatzitako idealentzat lekurik ez dela iradokitzen diguten hitzak dira, eta horixe islatzen da pertsonaiengan ere. Hori konpentsatzeko, zirkulu sentimental eta afektiboan asko emateko gai diren pertsonaiak topatuko ditugu. Pintzelada soil-soilez marrazten ditu egileak, abileziaz, aski duela keinu bat edo ekintza bat karakterea adierazteko. Pertsonaien beste ezaugarri bat da beren buruak baino ingurukoak erakusten dizkigutela, eta, erakuste horretan, familiaren instituzioa oso presente dago. Aitaren rola zenbait ipuinetan errepikatu egiten da, eta seme-alabekiko duten ardura agerian geratzen. Ondokoak zaintzeko afanak forma ezberdinak hartzen ditu. Ironiari bide eginez batzuetan; absurdoari, bestetan. Irribarre kaustiko oso zenbatu baina eraginkorrak erakarriz, inoiz.
Autorearen beraren kezka iturriei tiraka, bigarren pertsonaia mota bat bereiz dezakegu. Fikzioari loturiko pertsonaia, idaztearen ekintzak dakartzan barne tirabirekin. Idazleaz espero dena eta berak benetan kontatu nahi duena nola uztartu? Idazketa prozesuaren pausoz pausoko disekzioa dakar Gure Gerra ipuinean, eta idazleak errealitatea eta fikzioa nahasteko duen eritasuna Topa kontakizunean. Pertsonaiez aparte, gauza txikien idazketa azpimarratuko nuke liburuan, autorearen estilo markatzaile. Txikitasuna fokatu, detailearen kontenplazioari arreta lotu eta txikitasunetik kontzeptu zabalago batera alde egiteko iradokizuna egitea da egilearen proposamena. Esate batera, kanilatik erortzear den eta erortzen den ur tanta batean bizi zikloa irudikatzea eta haren bitartez gure bizitzaren iragatearen laburdura iradokitzea. Ipuin onenek (Esperimentua, Beste bizitza) atzean uzten duten ubera sakona eta iraunkorra da, teknika horri esker. Beste batzuetan, ordea, azalerago geratzen da kontakizuna (Putzua, Jolasa, Monobolumena), nahiz eta idazketa zehatza, neurtua eta zuzena izan. Azken horiek anekdota bitxietan geratzeko arriskua dute, putzu sakonagoak ireki gabe. Baina, esan bezala, irakurketa amaieran paisaiak zabaltzen dituzten ipuinek merezi dute. Berme nahikoa dira, gainera, ustez, liburu hau imintziorik egin gabe irakurriko ez duzula ziurtatzeko.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi