kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Twist / Harkaitz Cano / Susa, 2011

Errelato handia Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2012-02-05

ETAk behin betiko su-etena iragarri zuenetik, hainbat aldiz entzun dugu errelato hitza Euskal Herriko politikarien ahotan. Besteak beste, argi geratu da azken urteetako historiaren kontakizun asko daudela eta norberaren kontakizuna gailentzea dela kontua —edo norberaren kontakizunak tokia izatea historia nagusian, bestela—. Nolanahi ere, literaturari eta, beraz, fikzioari dagokion hitz bat hartuta, uste baino gauza gehiago esan dituzte errelatoa gora eta errelatoa behera ibili direnek: historia interpretazioa da, historia nagusia irabazi egin behar da, historia fikziotik hurbil egon daiteke. Eta esango nuke fikzioa izan dela, eta fikzioa dela, gure historia hurbilaren berri sakonen, ondoen eman diguna, eta, bestelako fikzio-bide batzuek gurean izan duten garapen txikia ikusita, literatura izan dela gure historiaren eta, esango dut, gatazkaren aztertzaile pribilegiatua. Hainbat idazle izan dira orain arte gatazka eta gure historia hurbila pentsatzen lagundu digutenak, hura hobeto ulertzen, norbere ideietatik urrun zeuden beste alde batzuk ikusten, norbere ideiak sendotu edo zalantzan jarri dituztenak; literatura onarekin gozarazi digutenak ere, eta Harkaitz Canok argitaratu berri duena, Twist, gatazka gai dutela egindako libururik onenen ondoan jartzekoa dela iruditzen zait.

Harkaitz Canok 80ko hamarkadako gatazkaren zati bat ekarri du orrialdeotara; izan ere, liburuaren zati handi bat gure sasoitik hurbil kokatuta badago ere, 80ko hamarkada hasierari begira edo hamarkada haren zamari eusten bizi dira pertsonaia gehienak, orduantxe gertatuak berregiten eta nork bere erara sortzen. Hiru pertsonaia dira liburu osoa zeharkatzen dutenak: Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerraraziak eta Lazkano haien adiskidea, hura gertatu zenetik haien mamuekin eta, batez ere, bereekin bizi dena. Bikaina benetan nola eraiki duen, zenbat ertzekin, zein oso Lazkano pertsonaia; benetako mamu Soto eta Zeberio ere. Baina badira beste pertsonaia asko, bigarren mailakoak izanik ere, ezin hobeto zehaztuta ageri zaizkigunak —Vargas guardia zibila, Agirre Sesma abokatua, Fontecha Gobernuaren delegatu ohia, Gloria artista, etab.—, eta nobelaren zenbait zatitan protagonistaren tokia hartzen dutenak.

Liburua zortzi ataletan banatuta dago, eta batzuek modu independentean funtzionatuko luketela iruditu bazait ere, atal guztien baturak ematen dio maila handia liburuari. Hain zuzen ere, halako osotasun sentipena utzi dit: osotasuna ikuspegietan —narratzaileak hainbat pertsonatan fokalizatzen du kontakizuna, desagerpenaren erantzuleetan ere—, tonuetan nabarmentzekoa Cambalache, 1983 bikaina alde horretatik—, jorratzen dituen gaietan —bizitza eta heriotza, identitatea, presentzia eta ausentzia, desagerpena, maitasuna, adiskidetasuna, borroka armatua eta gerra zikina, damua, gaztaroa eta helduaroa, literatura eta artea, etab.—. Osotasun eta zehaztasun horrek zail ere egiten du liburuak duen guztia azaltzea, gatazkari buruzko liburu bat baino askoz gehiago baita. Baina, hainbeste gauza hainbesteko zehaztasunez ematen dituen arren, liburuak kontatu gabe uzten du kontakizunaren une nagusietako bat: nola torturatu eta hil zituzten Soto eta Zeberio. Eta edozein izugarrikeria ikustera ohitu garen sasoi honetan, hitzez konta daitekeenaz eta konta ezin denaz hausnartzeko bidea ematen digu horrek, izugarrikeria agian hobeto azaltzen baita inguratzen duen guztia kontatuta, hura hitzez hitz azalduta baino.

Azken batean, nobela osoa eta handia egin du Canok, hainbat irakurketa egiteko modukoa.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak