kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Argi-itzalen neurria / Xabier Artola / Elkar, 2011

Argi-itzalen arteko ipuinak Goizalde Landabaso / Deia, 2012-02-11

Xabier Artolak (Antigua, Donostia, 1957) urteak daramatza idazten, baina Argi-itzalen neurria da kaleratu duen lehendabiziko liburua. Ipuin-liburua. Orain artekoak literatur lehiaketetara aurkeztutako lanak izan dira, eta hortxe eta hementxe irakurri ditugu/dituzte lehiaketa horietako testuak, zorte apur bat izan dutenek.

Hemendik gora, baina, Elkar argitaletxeari esker saritutako ipuinetako batzuk irakur ditzakegu Argi-itzalen neurrian. Eta liburua amaitzerakoan zalantza bat sortu zait: zergatik ez du orain arte beste ezer kaleratu? Hori berak erantzun beharko du. Urteetako literatur eskarmentua liburu honetan agertzen diren ipuin eta kontakizun guztietan agertzen da. 1997an saritua izan zen zaharrena; berriena, ordea, 2005ekoa da. Idazteko moduan, hizkuntzarekin jolasteko eran, denean igartzen da badakiela esku artekoarekin olgatzen. Erregistro ezberdinean jarduteak ere ez dio beldurrik ematen, eta esango nuke ondo ateratzen dela. Hizkuntzaren erabilera atsegina iruditu zait eta zenbait pasarteetan liluragarri. “Ez nintzen gehiago berarekin suertatu, herrira itzuli eta hilabete batzuk pasatu arte, baina aldi hartan ez nuen aurkitu hamazazpi urteko neskak gogoan zuen gizaseme irmoa, erretiratzear zegoen agure minbera baizik”. Edota aurrerago: “Negutik negura, udakorik gabe. Horrelaxe joan zitzaidanan urtea, neure buruan beste ezer ez nerabilela. Ilunik ilunenean, tunel muturreko argirik hautematen ez nuela”.

Liburu honetan agertzen diren ipuin guztiak izan dira sarituak. Gaiak, idazteko modua eta ahotsa ere aldatzen dira, eta horretan idazlea fin dabilela esan genezake. Baita hizkuntza beraren erregistroen erabileran ere. Bitxia egin zait azken ipuina, making-of-a. Bitxia ideia, eta berezia idazkera. Irudimentsua, tripa barruak agertzen eta azaltzen baititu. Ipuinotako pertsonaiak batzen ditu azken honetan, eta ez dakit zergatik niri burura Rimbaud eta Lizardi eta Mikel Laboaren ahotsa tangoeran etorri zaizkit: “Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka eta gu ere hire zain geundela esan zioagu, ez hintzela aspaldi azaldu etxetik”. Baina ez da burura etorri zaidan musika edo bestelako literatura zantzu bakarra. Bi aipatzearren: “Lanbroak ezkutatzen dizkionean maite ditu bere herriko bazterrak”, eta ahopean kantatzen amaitu dut: “Maite ditut, maite, gure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean; zer izkutatzen duen ez didanean ikusten uzten, orduan hasten bainaiz izkutukoak nire baitan pizten diren bazter miresgarriak ikusten”. Eta bestea Joseba Sarrionandia idazlearekin izan da. “Presonerraren gogoa alderrai dabil oroitzapeneko hareatza hartan”. Badu Sarrionandiak Kartzelako poemak liburuan poema bat “Preso denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti” esaten duena.

Xabier Artolaren liburu honetako lerro arteak irakurriz gero, kontalari bat aurkituko du irakurleak. Ipuinak esateko era berezia daukana. Kontatzeko modu fina. Edozein istoriora moldagarria den ahotsa. Asifen istorioa zein Donato eta Ferminena kontatzen diguna.

Bere liburua argitara eman digu Elkar argitaletxeak, eta ia 200 orrialdeetan zehar Xabier Artola izango dugu kontu kontari.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak