kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Argi-itzalen neurria / Xabier Artola / Elkar, 2011

Argiguneak eta itzalguneak Leire Zubeldia / Gara, 2012-01-28

Ipuingilea dugu Xabier Artola (Donostia, Antigua, 1957). Ipuinei die neurria hartuta, edo ipuinek diote neurria hartuta Xabierri. Makina bat lehiaketa irabaziak ditu hain neurriko zaizkion narrazioekin. Ezin zuen bestela izan, eta bere lehenengo liburuan ere ipuinak ekarri dizkigu.

Zazpi narraziok osatzen dute Argi-itzalen neurria liburua. Garai ezberdinetan idatzitako ipuinak dira, elkarrekiko independenteak, bakoitzak bere mundutxoa islatzen du. Dena den, ipuin batean baino gehiagotan errepikatzen dira idazleari kezka eragiten dioten gaiak. 36ko gerra eta honen ondorenaren oihartzuna bete-betean sumatuko ditugu liburua zabaltzen duen Osaba Karlos narrazioan eta bando ezberdinetan borrokatutako bi anaien ezin ikusizko harremana kontatzen duen Bipagoeta istorioan. Liburuan presente dagoen beste tematika migrazioa da: Hor dugu esaterako Asif, Marokoko urketaria, ur-baldea utzi eta ur handiagoetan murgiltzen dena Europako ametsaren bila. Baina immigrazioa ez ezik, emigrazioa ere agertzen da. Latitudea ipuina datorkit burura, non protagonista Guatemalara joaten den maiteminari ihes egiteko asmoz. Idazleak aurkezpenean adierazi zuenez, Latitudea narraziotik eratorritakoa da liburuaren izenburua. Latitudea argazkigintzako kontzeptua ei dugu, eta aipatu ipuinean ere argazkigintzan hain funtsezkoa den argi-ilunekin egiten du jolas egileak. Hortik beraz Argi-itzalen neurria. Ez naiz harritzen narrazio hori liburuaren azalera eraman nahi izatea. Irakurle honentzat ipuin sortako alerik ederrena da. Narratzailearen ikuspuntua etengabe aldatuz (batzuetan lehenengo pertsonan, besteetan bigarren pertsonan, eta lantzean behin hirugarren pertsonan) eta ikuspegi ezberdinetatik kontatutako zatiak batuz osatzen du puzzlea. Eta narrazioaren azkeneko esaldian, zast! ezustekoa, zorrotz, eraginkor.

Badira aipatzea merezi duten beste ale batzuk ere.Tximeletaren irria izeneko ipuinean sotiltasunez egiten dio kritika gizarte sasi-solidarioari, zeinetan maila sozioekonomiko altuko familia batek udako oporretan Bosniako haur bat etxean hartuz asetzen duen munduan gutxien dutenekiko zor sentimendua. Orain arte aipatutako ipuinetatik aski ezberdina izan arren, gustura irakurri dut Bai, ni nauk narrazioa ere. 40 urte inguruko gizonezkoz osatutako zikloturista koadrila baten gorabeherak kontatzen ditu, ikuspegi parodiagile batetik.

Bestalde, ezinbestean ekarri behar dut lerro hauetara liburua ixten duen narrazioa: Latitudea eta beste zenbait narrazio: makin of-a. Hemen egileak metanarrazioaren gisako zerbait egiten duela esan dezakegu. Narrazioei buruzko narrazioa da. Argitalpen hau prestatu eta ipuinak orrazteko, idazleak Zuberoan egindako egonaldia kontatzen du. Azken honek ematen dio nolabaiteko batasuna ipuin sortari. Nolabaiteko diot, zeren eta irakurle honek hori bota baitu faltan: ipuinak elkarrekin lortzen dituen berezko hari bat; behartu gabeko batasuna.

Izenburuari erreferentzia eginez, argiguneak eta itzalguneak, biak ditu Artolaren opera primak. Zenbait ipuinen bikaintasuna bezainbat, egilearen idazkera zoli eta zorrotzak ematen dio argitasuna; aldiz, ipuinen batasun behartuak egiten dio itzala.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak