« Narrazio guztiak | Erabat harilkatu gabe »
Egarri egunak portualdean / Koldo Izagirre / Susa, 2011
Portuan gazte Ibon Egaña / Deia, 2012-01-28
“Gure belaunaldia, inozoa, sentibera koldarra, bihotz onekoa, nirea, zurea, zer, zer egiten dut nik malkotan”. Hala mintzo da Koldo Izagirreren nobela berriko lehen kapituluan izenik gabeko narratzailea, hilerri bateko panteoien artetik. Handik ekiten dio atzera begirakoari gizonak, belaunaldi baten erretratua egin nahirik, eta 1977ko udako gorabeherak berritzen ditu, bera eta bere lagunak gazte zirenekoak, frankismo osteko urte nahasi eta ekintzaileak. Egilearen nortasun-ikur bihurtua den portu industrialaren inguruko geografia eta iruditerian kokatua, Sua nahi, Mr Churchill? (2005) amaitzen zen puntuan hasten da Egarri egunak portualdean.
1970eko hamarkadako azken urteei begira jarrita, garaiko tentsio sozio-politikoen hainbat alderdi arakatzen ditu Izagirrek; klase borroka, besteren artean. Sasoi hartako grebak, sindikatuen indartzea eta asanbladekiko gatazkak, enpresaburu eta soldatapekoen arteko liskarrak, langileen mendeku txikiak… Orobat, orduko eta geroagoko eztabaida politiko zenbait (borroka-moldeei buruzkoak, naziotasunaren eta klase-borrokaren artekoak) presente daude pertsonaien solasetan, ekintzetan eta paisaia sozio-politikoan. Baina ziurrenik eleberri honek garai hari eskaintzen dion begiradan berriena feminismoaren indartzeaz eta gizontasunaren nolabaiteko krisiaz egiten duen hausnarketa da. Gau eskolan klaseak ematen dituen gizon gazte protagonista ez ausartegi eta zalantzatia feministen diskurtso berriarekin jartzen du aurrez aurre Izagirrek, haren kontraesanak eta nahi baina ezinak agerrarazteko (“nola ekarri feminismoa gure ederrera? Nola eman gure zakarra feminismoari?”).
Tentsio horiek irudikatu nahirik, bi emakumeren (bi emakume-ereduren) erdian kokatzen du protagonista egileak: bafore sobietarretako emakumeen omenez Aleksandra izena hartu duen artista feminista porrokatuaren eta Marilu emakume etxekoiago, borroka nazionalarekin konprometituagoaren artean. Sinbolo banarekin lotzen ditu protagonistak emakumeok: gereziekin Aleksandra (pasioa, estetika, egarria), odolarekin Marilu (zauria, sakrifizioa) eta, hartara, alegoriaren mailara igotzen ditu emakume horiekiko harremanak. Narrazioaren asmo alegorikoa, dena den, nabarmena da eleberriaren beste hainbat alderditan ere: liburua hasi eta ixten duen Bixarberderen hilobiratzearen kontakizunean, esaterako (“zenbatek ulertuko ote zuten egiten ari zirena gure lehen hilobiratze publikoa zela”). Esplizitua da, izan ere, eleberrian zehar belaunaldi baten narrazioa eraikitzeko asmoa, eta bide horretan sinbolizaziora eta alegoriara jo du Izagirrek: pertsonaiak eta beren ekintzak ez dira indibidualak soilik, zerbait kolektiboagoaren alegoria baizik. Narratzailearen jardunean tartekatzen diren memoria kolektiboko kantu eta aipuek ere ahots narratzailea bera kolektibizatzea dakarte.
Konkretutik orokorrerako jauzian eta garaiko hamaika gai jaso nahian, baina, irakurleak istorioarekiko zein pertsonaiekiko duen inplikazioa eta zehaztasuna ateratzen dira galtzaile, nire ustean. Era berean, Izagirreren prosa bihurriak, elipsi zorabiagarriek eta bihurrikeria sintaktikoek (etekin eta plazer estetiko handiaren iturri, ez dut hori ukatzen) maiz aterarazi egin dute irakurle hau bederen kontakizunetik, idazleak eraiki duen artefaktu estetiko apartak istorioa irentsi izan balu bezala.
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Zerua hemen
Oihana Arana
Ibon Egaña
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta