kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Xabier Lete. (Auto)biografia bat / Inazio Mujika Iraola / Alberdania, 2011

Autodidaktaren formazioa Igor Estankona / Deia, 2012-01-14

Xabier Leteri buruz (Oiartzun, 1944 – Urnieta, 2010) asko idatzi da azkenaldian, omenaldiak egin zaizkio, erreportajeak atondu dira, iritzi eman dute kritikoek eta adituek. Baina Xabier Leteren ahotsa eta kontakizun propioa entzuteko oraintxe argitaratu da liburu bat, erdi biografia erdi konpilazio, poeta eta kantariaren pentsamendura hurreratu gura duen ororentzat interesgarri. Inazio Mujika Iraolak testuak eta esanak bildu eta hautatu ditu hainbat iturritatik: Argia, Berria, Bertsolari, Egan, Euskadi Irratia, Euskal Irratiak, Hemen, Irulegi Irratia, Noticias de Gipuzkoa, Pagourte, Plazara, Oiartzungo Hitza zein Oiartzungo urtekaria.

Liburuan, beraz, Leteren gogoetak aurkituko ditu irakurleak, batzuk gai publikoei dagozkienak eta beste batzuk barrukoagoak. Goiburu hanpatu xamarra daroa —ez da biografia bat—, baina pertsonaia baino areago pertsona ezagutzeko bidea ematen du, baita plazer handiz irakurtzeko moduko pasarteak uzten ere: “Autodidakta bat naiz, formazio akademikorik ez dut, baina hala ere, saiatua izan naiz nire bizitzako urte batzuetan filosofia irakurtzen, eta literatura zer esanik ez, eta saiatu izan naiz, ahal dudan neurrian, ahal nuen tokietara hurbiltzen, beti muga izugarriekin”. Eta Letek berak ohar egiten digu etengabeko bilaketa estetiko eta bitala akabu bakoa dela: “Eta batek zenbat eta ahalegin gehiago egin ikasteko eta irakurtzeko eta ikusteko, jakiten du eta konturatzen da gero eta ezjakinagoa dela”. Jakinduriatik eta apaltasunetik aletzen ditu Letek bizitzearen ingurukoak, politikari emandako urteak, estetikaren gaineko bere iritziak eta abar.

Baina txoko honetan, badakizue, poesiari eskaintzen diogu guk tartea. Horren inguruko pasarte mamitsu ugari dago liburu honetan. Polita da ikustea nola hausnartzen duen oiartzuarrak Egunsentiaren esku izoztuak liburuarekin itxi zuen ibilbide mardularen inguruan. Izan ere, hamasei urteren ostean obra ezinbesteko baten aho zapore gazi-gozoarekin utzi gintuen. Barruak hustu zituen, Lourdes Iriondoren falta existentziaren zentzu falta poetiko bihurturik, eta bizia emanez bizirik ez denari. Egunsentiaren esku izoztuak testu sakratu baten indarrarekin etorri zen, eta era berean sakonki humanoa begitandu zitzaidan. Ez zen izan, gainera, bizitzari buruzko hausnarketa bat bakarrik, poetikari buruzko lezio handi bat ere bazen: atzena deskribatzeko modu bat.

Bada, liburu hori eta ibilbide poetiko osoa ulertzeko klabe batzuk opatzen dizkigu hemen Letek: “Poesia beti hartu izan dugu jendearengandik urrun dagoen bitxikeria bat bezala, estetika bat edo, literaturazaleen idazteko eta mintzatzeko modu bat eta kulturatxo bat, esaten dena. Azken urteotan horri buruz gogoeta asko egin dut eta, gero izan dudan esperientziagatik, azken finean, poesia zer da? Poesia da hitzen bitartez, guk bizitu dugun bizitza erratea, kontatzea, bai pentsamenduak, sentimenduak, eta urradurak eta zauriak eta dena. Eta poesiaren baitan zer dago beraz? Nik esango nuke dagoela gizatasuna”. Eta harago doa: “Nik, besteek idatzitako poesian, askotan aurkitu izan dut barnean neraman zerbait baina erraten ez nekiena ordu arte. Eta erraten dut: nik hau barruan neraman, baina orain arte ez naiz kapaz izan inoiz hau errateko”. Horixe da beretzat poesia. Elkarrizketa. Edo ezin hobeto dioen legez Andu Lertxundik liburuari egindako hitzaurrean, Letek ez zuela bere bizitza idatzi, esan egin zuela.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak