« Hamaseigarren mendean | Hemen daukazue »
Zwei Frauen / Joxean Agirre / Elkar, 2011
Imitazioaren apologia Leire Zubeldia / Gara, 2011-12-31
Itzulinguruka ibili gabe, gustura irakurri dut Joxean Agirreren Zwei Frauen ipuin liburua. Ipuin liburua esan dut, lau narraziok (lehen imitazioa, bigarren imitazioa, hirugarren imitazioa eta laugarren imitazioa) osatzen dutelako. Baina eleberri gisara ere irakur dezakegu. Izan ere, kasu guztietan pertsonaiak ez du izenik, baina izana bera du: idazlea da; miresten duen idazle bat (hori bai aldatzen da narrazio batetik bestera) imitatzen duena, idazkietan zein bizitzan bertan. Eleberri trazua har diezaiokegu baita ere, liburuari izenburua ematen dion Zwei Frauen narrazioak liburuaren luzeraren erdia hartzen duelako.
Azalean argitzen zaigun moduan, alemanez “bi emakume” esan nahi du zwei frauen-ek. Nobela labur honetako (edo narrazio luze honetako) protagonistak Max Frisch idazlea miresten du. Are gehiago: mirespenaren mugak gaindituta, idazle suitzarraren idazkiekiko menpekotasuna sortu zaio. Buruz errezita ditzake honen edozein nobeletako pasarteak. Hori ez da, ordea, protagonistaren menpekotasun bakarra. Karla eta Nadia emakumeekin bizi duen isilpeko harreman paraleloak eragiten dion zoriontasuna da bere droga, eta zoriontasun hori galtzea bere izua. Bi emakume horiekin konpartitzen eta erabakitzen ditu idazten ari den bere nobelako protagonistaren ibilerak. Max Frisch zenaren postontzian utziko du amaitzen duenean. Hortik aurrerakoak irakurleak deskubri ditzala.
Ikusten denez, geruza askoko liburua da. Gero eta eskala txikiagoa duten fikzioak barruan gordetzen dituen matriuska. Baina fikzioak errealitatea gainditzen duenean, nork daki zein den benetako errealitatea? Imitazioak jatorrizkoa ordezka dezakeenean, zergatik da hobea azken hori? Galdera horiek presente daude nola Zwei Frauen narrazioan hala liburua osatzen duten gainontzeko narrazio laburragoetan ere. Bide batez, bikaina iruditu zait hirugarren imitazioa, Idazteko etxea atontzen izena duena. Kasu honetan protagonistak literatur lehiaketa bateko epaimahaiari sariketara aurkezteko epearen luzapena eskatuz idatzitako gutuna da nobela bihurtuko dena. Umore zorrotza darabil Agirrek, ironiaz kargatua. Narrazio honetan bezala besteetan ere, idazle ezberdinei egindako hamaika erreferentzia aurkituko ditu irakurleak, idazkera freskoz idatzitako testua janzten dutenak.
Finean, esango nuke idazleei buruzko literatura dela Agirrek egin nahi izan duena. Idazleak biluzteko asmoa suma daiteke: zer egiten dute ba idazleek, miresten duten idazlea edo obra imitatu eta berau gainditzen saiatzea ez bada? Idaztearen izaera terapeutikoaren errebindikazioa ere aurkitu du irakurle honek: “Bizi izandakoak ahazten ditugu, eta goizegi hil zirenek irauten dute, izateko eskubidea errebindikatuz-edo”. “Idazten dugunean gure nitasunari mugak zabaltzen dizkiogu, eta gauza bera egiten dugu maitemintzen garenean”. “Literatura terapia pertsonal ona izan daiteke, psikoanalisi moduko bat, baina psikoanalistari ordaindu beharrik gabe”. Lehenengo biak Joxean Agirrek idatziak dira, mintzagai dugun nobelan azpimarratu ditudan hamaika esaldi borobiletako bi. Azkena Max Frischena da.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi