« Behatzen | Imitazioaren apologia »
Neure buruaren alde / Koldo Zuazo / Alberdania, 2011
Hamaseigarren mendean Javier Rojo / El Correo, 2011-12-31
Topiko batekin hastearren, Koldo Zuazok ez du aurkezpen beharrik euskal kulturan. Ezagunak dira euskalaritzan, batez ere dialektologian, egin dituen lanak. Mundu horretan ospea lortu duelarik, euskal literaturaren munduan ere saioren bat egin nahi izan du, eta horren ondorioz plazaratu du Neure buruaren alde izenburuko eleberria. Nobela historikoaren arloan sartzen da liburua, protagonista, narratzailearen papera ere betetzen duen pertsonaia, XVI. Mendean Ameriketan dagoen euskalduna baita. Justiziatik alde eginda hara joan behar izan duen pertsonaia hau soldadu espainolen aurka hasiko da borrokan, indioak lagun. Nobela historikoa den aldetik, batez ere pertsonaia artean ere Euskal Herrian dagoenean, garai hartako berreraiketa ia arkeologikoa egiten saiatzen da. Eguneroko bizitza zehaztasunez azaltzen da, eta alde honetatik esan behar da idazleak ahalegin berezia egin duela informazioa bilatzen, egunerokotasun tipiko hura eraikitzen. Pertsonaia Ameriketan aurkitzen dugunean, ordea, zehaztasun hori galtzen da eta hango munduak askoz generikoagoa dirudi. Eta eguneroko bizitzaren berreraiketa horren saioarekin batera, abenturak ere kontatuko zaizkigu, abentura-nobela izatera heldu gabe.
Nobela historikoez hitz egiten denean ez dugu ahaztu behar ikuspuntuaren arazoa: hemen testua pertsonaia batek sortu du fikzioan, eta gauzak honela, pertsonaia horren ikuspuntua eskaini behar da. Eta uste dut hemen ikus dezakegula liburu honen arazorik handiena, ikuspuntua XVI. mendean bizi den pertsonaia batena izan beharrean, idazlearena berarena dela baitirudi askotan. Behin eta berriro egiten zaizkigu hizkuntzari buruzko aipamenak, nobelaren fikzioan pertsonaiarena zen testu hura filologo baten arduraren ondorioa dela irudikatzeraino. Edota, aldez edo moldez politikarekin zerikusia duten zenbait erreferentzia ere irakur ditzakegu: gaur egungo Euskal Herritik eginda dirudite aipamen horiek guztiek, hitz egiten duen pertsonaia XVI. mendean dagoela ahaztuko balitz bezala.
Azken urte hauetan berriro ere modan jarri diren kontsumoko nobela historikoen ildoan kokatu behar da liburu hau, eta halako nobeletan gertatu ohi den bezala, joera handia dago bertan azaltzen direnak gaurko ikuspuntutik kontatzeko. Teknika batzuk erabilita arazo hori gaindi liteke, baina horretarako hemen agertzen ez den ironia, adibidez, beharrezkoa izango litzateke.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez