kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Atakak / Hasier Larretxea / Alberdania, 2011

Nola atera atakatik Igor Estankona / Deia, 2011-11-19

Atakeak, kateak, ateak… Larretxea itzuli da suabeago, gozo hitz eginez, zeru eta lurraren artean desegiten denaren kontzientziarekin: denok hilko gara finean. Azken bala (Point de lunettes, 2008) gatazka, krisi eta lanturuzko liburu bizia izan bazen, Atakak pausatuagoa da. Hura bihotza eskuan idatzia zen. Honakoa, eskua bihotzean.

Liburuak “dekadentziaren eta errealitatearen arteko erresto” gisa definitzen du bere burua: “Etorkizuna ziurgabetasunean ebazten dugun honetan, eta iragana erranairu kontrajarrien liskarkeria baino ez denean, poesiak arnasteko haize bera luzatu nahi digu. Mundu honetako bizitokiak labainkorra izaten jarraitzen badu, bizitza lerroetako arraila da liburua, garai bateko azulejoa, isla, argi-xafla, errauts, sugar, murru, koadrozko mantel, andere-mahats zelai artean”. Uf! Egia esan, poesia labur, detailezale eta kriptikoarekin hasten da liburua. Errealitatetik apur bat aparte, sinboloetan eta analogian bilatuz azalpenak, Larretxeak emeki-emeki giro bat eta tonu jakin bat sortzen ditu, bat-batean igarotzeko muinera. Haitiri dedikatutako poemak iragartzen du (16. or.) denbora, heriotza eta gogo-jardun sakona izango dituela irakurleak bidaide, nafarraren luma beti elegante eta estilodunaren laguntzaz: “Denbora, apokalipsi atzeragarria da, / horrenbesteko iluntasun artean / egunsentirik itzuliko ez denean”. Gogorrari kantatzen dion bezala ederrari ere egiten dio keinu Larretxeak. Gorantz egiten du zentzu horretan liburuak laster, murmurazio eta egiaren onarpen antzeko batekin: “Hauturik / ez dagoenean, / bizitza, / aukera bakarra da”.

Horrela iristen gara bigarren zatira, Hedatutako arropen tolesturak datozen atalera. Poesia zail eta bere baitan bildua da honakoa ere, baina aurrerantzean erreferentzia eta seinale gehiago datozela iragartzen digu idazleak, helduleku batzuk behinik behin marrazten ditu Larretxeak: sua, liburuak eurak, Baztan, natura, esperantza… Irudi horien bitartez iritsiko gara berriro, gozo-gozo, hasierako poesia biluz eta absolutura: “Bizitza, / oinatz azpian / isiltzerik ez den / marmarra”. Idazleak berak esana da honakoa, liburuaren izaera zirkularraz: “Badago irekiera bat, eta bukaerarekin bat egiten duen hari xingle bat, zeinak liburu osoa zeharkatzen duen. Nazioarteko gatazka bat, Baztango parajea ala poema laburra izan, deserosotasun batekin aurkituko da irakurlea (…) Urruntasun geografiko eta emozionala du iturburu liburuak. Baztango bizimodu eta parajeekin bat egin nahiak, baina beti ere, memoriaren alderditik, nostalgiatik, sustraietatik”.

Aspaldiko irudi eta sentipenek eguneroko bizitzarekin egiten dute talka Atakak poemategian, orduko Azken bala hartan gatazka politikoak egiten zuen legez. Irudi eta sentipen soilak balira, ordea, ez lukete gugan hainbesteko zirrara sortuko. Larretxeak emozioa jarri dio liburuari, transmititzen jakin du zein presente egon daitekeen ausentzia, zein bizirik heriotza, zein barruan kanpokoa, zein hurbil urrunekoa… Zein zehatza izan daitekeen inoiz gertatu ez zenaren memoria, eta nola izan gaitezkeen, zerebroko tranpetan, inoiz izan ez garena.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak